2025-04-23
HomeEkintza PolitikoaLangabeziak %42,5 egin du gora gazteenen artean

Langabeziak %42,5 egin du gora gazteenen artean

Enplegu Zerbitzu Publikoen bulegoetan erregistratutako 169.877 langaberekin amaitu da 2020. urtea Hego Euskal Herrian. Erdiak baino gehiago emakumeak dira (%55,1), eta horrek agerian uzten du genero-arrakalak bere horretan jarraitzen duela.

Birusaren hedapenak eragindako krisiak urtea amaitzeko 24.212 lanpostu suntsitu ditu, Gizarte Segurantzako afiliazioak urte batetik bestera izan duen beherakada ikusita. Baina kopuru horri beste 53.084 enplegu gehitu behar zaizkio, zeinak abenduan etenda egon baitira ABEEE baten ondorioz.

Horrenbestez, azken saldoa eman lezakeena baino askoz ilunagoa da, soilik kontuan hartuta ofizialki erregistratutako langabeziaren bilakaera, 22.517 pertsona gehiago bildu baititu aurreko urtearekin alderatuta.

Bestalde, enpresaburuen lan-kudeaketako eredua salatzen jarraitu behar da; izan ere, gazteak eta beste kolektibo ahul batzuk “erreserba-armada” gisa erabiltzen ditu lan prekarioetarako eta gaizki ordaindutakoetarako. Lanpostu horiek dira lehen sakrifikatuak gaizki emanak datozenean.

Izan ere, abenduan langabeziak %15,3 egin du gora urtetik urterako datuetan, baina gazteenen artean (25 urtetik beherakoak) langabeziak % 42,5 egin du gora.

Aurtengo urtea bereziki gogorra izan da, covid-19aren pandemiak markatu baitu. Orain balantzea egin behar da, alderdi azpimarragarrienetako batzuk eta etorkizun hurbilerako erronkak aipatuz.

Ildo horretan, garrantzitsua iruditzen zaigu gogoratzea oraindik lan-erreforma indargabetzeko dagoela. Bere alderdirik kaltegarrienak ere ez dira zuzendu.

Gainera, Gobernu zentralak LGSa izoztea erabaki du, eta, ondorioz, gutxieneko kotizazio-oinarria, hau da, prestazio sozialen zenbatekoa kalkulatzeko balio duena, hala nola erretiroa edo langabezia.

Neurri horrek langile klaseko sektore ahulenei eta pobretuenei kalte egiteaz gain, 2021eko soldata-negoziazioan beheranzko presioa egiteko seinale argia ere bada.

Legealdiaren amaieran 1.200 euroko LGS lortzeko promesa gero eta urrunago dago. Nolanahi ere, zenbateko hori motz geratuko litzateke Hego Euskal Herrian, ez baitator bat gure lurraldearen errealitate sozioekonomikoarekin, ezta soldata-egiturarekin ere.

Eta, azkenik, erretiro-pentsioa kalkulatzeko epea 25 urtetik 35 urtera luzatzeko aukera aztertzen ari da gobernua. Mehatxu hori azkenean zehazten bada, pentsioen zenbatekoa %5,5 jaitsiko da, batez beste.

Ziur gaude inork ez digula ezer oparituko. Gure indarrak eta gure ekintza sindikalaren eraginkortasuna baino ez ditugu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek UGTSARIOren X. kongresuan parte hartu du: autodeterminazioaren aldeko borrokarekin konprometitutako elkartasun sindikala

LAB sindikatuak UGTSARIO sindikatu sahararraren X. kongresuan parte hartu du. Mahjub Brahim-i, sindikalismo sahararraren martiria eta erreferente historikoari, eskainitakoa izan da. Bertan 400 ordezkari sahararrek eta nazioarteko 80 ordezkarik hartu dute parte. Hiru eguneko kongresua izan da, eta bertan hainbat herrialdetako sindikalista, aktibista eta militantek beren konpromisoa berretsi dute Mendebaldeko Sahararen independentziaren aldeko borrokarekin, Marokoko okupazioaren kontra batasuna adieraziz eta nazioarteko elkartasun sareak sendotuz, eta horien artean izan da LAB.

Gipuzkoako helduen egoitzetako langileak borrokan

Aurten Gipuzkoako helduen egoitzetako hitzarmena negoziatzen hasi ginen. Momentu honetan negoziazioa blokeatuta dago, Patronalek aurkeztu duten proposamena edukiz hutsa dagoelako. Alde batetik, igoera ekonomikoa Gipuzkoako Foru Aldundiaren tarifetara baldintzatzen dituzte eta bestetik, sindikatuek planteatu ditugun beste aldarrikapen guztiei ezezko borobila eman diete. Argi geratu da berriro ere, patronalek ez dutela zaintza lanak duintzeko eta zerbitzua hobetzeko intentziorik.

Pasaiako Udalak udal haur eskola zerbitzua bertan behera uzteko hartu duen erabakia okerra da LABentzat

Prentsaren bidez jakin du LABek Pasaiako Udalak eskaintzen duen Lilitegia udal haur eskola zerbitzua bertan behera uztea erabaki duela, EH Bildu eta Podemosen bozkekin. Pasaiako haur eskola zerbitzu hau, lizitazio baten bitartez bertako ikastolak ematen badu ere, udal zerbitzu publiko bat da, hemendik aurrera Pasaiako jendearteak udaletik jasoko ez duena.