2024-12-22
HomeNazioartea IdazkaritzaElkartasunaEstatuaren izaera antidemokratikoa salatuko dugu bihar hainbat eragileok

Estatuaren izaera antidemokratikoa salatuko dugu bihar hainbat eragileok

Atxikimendu gehiago batu ditu biharko manifestazioak, eta gaur agerraldia egin dugu Bilbon, horien berri emateko. Hain zuzen ere, hainbat eragile politiko, sozial eta sindikalok deitutako protesta 17:00 abiatuko da larunbatean, Bilboko La Casillatik, "155.ari ez. Demokrazia eta erabakitzeko eskubidea" leloarekin. LAB, EH Bildu, ELA, ESK, STEILAS, CNT, Etxalde, EHNE eta Gure Esku Dago eragileok aste hasieran iragarri genuen manifestazioa, eta gaurkoan beste zenbait eragilek ere parte hartuko dutela jakinarazi dute.

Deitzaileekin batera, hauexek dira biharko manifestazioari atxikimendua erakutsi dioten eragileak:

Podemos, Ezker Anitza, Ipes, Eguzki, Berri Otxoak, Bilgune Feminista, Getariako Txikota Elkarte Soziala, Komite Internazionalista, Hitz & Hitz, Independentistak, Emakumeen Mundu Martxa, Bizkaiko Emakume Asanblada, Ernai, Erabakizaleak, Brujas y Diversas eta Askapena, besteak beste.

Hauxe da gaurko agerraldian irakurritako oharra:

– "155. artikuluari ez. Demokrazia eta Erabakitzeko Eskubidea" leloarekin manifestazioa deitzen dugun eragileok hurrengo larunbatean Bilboko kaleetan egingo den mobilizazioaren garrantzia azpimarratu nahi dugu, orain inoiz baino gehiago. Aurreko astelehenean manifestaziora deitu genuenean, argi adierazi genuen 155. artikulua indarrean jartzeko erabilitako neurriak Kataluniaren, hango autogobernuaren eta demokraziaren beraren aurkako eraso larria zirela. Atzo, gainera, Espainiako estatuak egindako erasoaren bortizkeria areagotzen ikusi genuen, Kataluniako Governeko kideen aurkako espetxeratze aginduekin.

– Aurreko astelehenean egoera larria bazen, oraindik eta larriagoa da orain esku artean daukagun egoera. Kataluniako herritarrek demokratikoki aukeratutako ordezkariak espetxeratu egin dituzte, beren herritarrei iritzia emateko aukera emateagatik. Hautestontziak jartzeagatik. Politika egiteagatik. Demokrazia azken muturreraino defendatzeagatik. Argi eta garbi esan beharra daukagu. Atzo espetxeratutako Kataluniako Governeko kideak eta aurretik espetxean dituzten Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart ekintzaile sozialak preso politikoak dira.
– Honek guztiak agerian utzi du, beste behin, Espainiako estatuaren izaera antidemokratikoa eta autoritarioa. Espainiako estatuak ez du inolako berme demokratikorik eskaintzen bertan bizi diren herrientzat eta herritarrentzat. Espainiako estatuan, esan bezala, preso politikoak daude. Soilik politika egiteagatik herritarrek modu demokratikoan hautatutako pertsonak espetxeratuta dituzte. Espainiako estatuak ez du onartzen beren etorkizun politiko, ekonomiko eta soziala erabaki nahi duten herriak eta herritarrak egotea, eta horren alde lan egitea. Eta bere erantzuna bortizkeriara mugatzen da. Espainiako estatuak uko egin dio herriak eta herritarrak seduzitzeari, eta indarra baino ez zaio geratzen, atzo Governeko kideen espetxeratzearekin ondo baino hobeto ikusi zen bezala.

– Baina Espainiako estatua egiten ari den eraso antidemokratikoa ez da Katalunian bakarrik geratuko. PPren ordezkari politiko batek baino gehiagok adierazi duen bezala, demokrazia eta erabakitzeko eskubidea praktikan jarriko duten ororen kontra egingo dute. Estatuaren mezua argia da: daukazuenarekin konforma zaitezte, bestela autogobernu murrizketa edota espetxea ezagutuko dituzue. Argi hitz egin dezagun: turkiar erako demokrazia ezartzen ari dira Espainian, eta geratzeko etorri da. Horixe da, hain justu, 155. Artikuluaren helburuetako bat.

– Egoera honen aurrean, asko daukagu jokoan euskal herritarrok. Gure autogobernua eta gure etorkizun politiko, ekonomiko eta soziala daukagu jokoan. Egoera larria da, Espainiako estatuak erabakia duelako inboluzio antidemokratiko honekin jarraitzea. Gure herrian, gure autogobernuan eta herri eta herritar bezala ditugun eskubideen defentsan sinesten dugunok ezin gara etxean geratu. Horregatik, Euskal Herriko demokrata guztiak larunbatean egingo den manifestazioan parte hartzera deitzen ditugu. Larunbatean, Espainiako estatuaren izaera antidemokratiko eta autoritarioari aurre egingo dion Euskal Herriko harresi demokratikoa eraikitzen hasteko aukera paregabea daukagu.

– Amaitzeko, aurreko astelehenean adierazi genizuen gure deialdia irekia zela eta bestelako eragileei bat egiteko deia egiten geniela. Gaur hemen daude bat egin duten eragileetako ordezkari batzuk ere bai.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...