LABek ezin du balorazio positiborik egin Gipuzkoako metalaren gaurko bilerari buruz. Adegik gaur ez du ezer berririk ekarri. Gainera, mehatxatu egin du eta negoziazioari mugak jarri dizkio. Argi utzi du ez dagoela prest ez lanaldiari buruz hitz egiteko, ez bajak osatzeko, etab.
Atzo bertan Confebaskek 45.000 lanpostutan enplegua suntsitzeko aurreikuspenak iragarri zituenean, nola da posible patronal horrek berak lanaldia murrizteari buruz hitz egiteari uko egitea suntsiketa hori arintzeko neurri gisa, are gehiago 14 urte daramatzagunean lanaldi berarekin? Beharrezkoa da lanaldia murriztea enplegua defendatzeko eta lana eta familia bateratu ahal izateko. Errealitate horren aurrean, sindikatuok ezin dugu beste alde batera begiratu, eta gure aldarrikapenetan enpleguak lehentasuna izan behar du
Oso larria eta arduragabea iruditzen zaigu Adegik esatea zeri buruz hitz egin daitekeen eta zeri buruz ez. Sindikatuok ezin dugu onartu Adegik ezartzea hitzarmenaren edukia.
Irailaren 4an berriro bilduko gara, baina Adegik ez badu inposaketa uzten eta jarrera aldaketarik ez badago, ezinezkoa izango da akordio bat lortzea.