2024-11-22
HomeEkintza Sindikala1.200 euroko Gutxieneko Lanbidearteko Soldata ezartzea bideragarria da

1.200 euroko Gutxieneko Lanbidearteko Soldata ezartzea bideragarria da


Ainhoa Etxaide Idazkari Nagusiak, Bea Martxueta Politika Sozialetako arduradunak eta Rafa Izquierdo Batzorde Soziekonomikoko kideak soldaten inguruko txostena aurkeztu dute gaur. 1.200 eurotako gutxieneko soldata aldarrikatu da bertan, aldarrikapen honen bideragarritasuna nabarmenduz.

Iazko Maiatzaren Lehenean, hazkunde ekonomikoan sartu berritan, sindikatuak nabarmendutako gako nagusiak gogorarazi ditu Etxaidek. Batetik, egun bizi dugun hazkunde ereduak ez duela egoera soziala aldatuko, langileen prekarizazioan eta pobretzean oinarritzen delako. Sindikatuak argi esan zuen orduan ez zuela hazkunde hau egonkortzen eta sendotzen lagunduko. Bigarrenik, egoera ekonomiko honetan ere, LABek krisi sozialaren kontra borrokatuko zuela. “Krisiaren atzean dauden jatorrizko arazoei begiratu diegu: prekarietatean oinarritutako lan mundua, herritarrak babesten ez dituen eredu soziala eta gauzak erabakitzeko boterea elite ekonomikoari ematen dion eredu politikoa”. Hirugarrenik, LABek adierazi zuen sindikatuaren aldarrikapenak langileei begiratuz finkatuko zituela, patronalek eta gobernu neoliberalak esatendakoaren gainetik.

LAB aipatutako bidea egiten ari dela azpimarratu du Etxaidek. Batetik, bost aldarrikapen finkatu zirela, “eman bostekoa” dinamikaren barruan. “Bostekoan” aurki ditzakegu 1.200 eurotako gutxieneko soldata, 35 ordutako lan-astea, aukera berdintasuna, lan-osasuna eta hizkuntza-eskubideak. Bestalde, prekarietatearen kontrako borrokan oinarritzen den ekintza sindikal berria jarri du martxan sindikatuak, langileak aktibatzeko bide eta molde berriekin.

Etxaideren arabera, pobreziaren atzean dagoen egoera soziolaborala aldatzeko ezinbestekoa da mobilizazio soziala kalean eta langile borroka lantokietan. “Burubelarri ari gara horretan”. Orain arteko lanari esker, “1.200 euroak erreferentzia bihurtzen ari dira. Ikur bat, prekarietatearen kontrako borrokan”.

Zergatik 1.200?
LABeko ordezkariek nabarmendu dute hilean 1.200 eurotako soldata “posiblea eta bideragarria dela”. Europako Karta hartuta, hauxe da, hain zuzen ere, pobrezia ekiditen duten soldatak ziurtatzeko erreferentzia. “Pobreziaren alternatiba da norbanakoentzat eta irtenbide bat krisi sozialari begira, aberastasuna banatzeko bidea delako”.

Gainera, ekonomiarentzat ere ona izango litzateke. “Enpresek ez dute beraien artean lehiatzen minimo amankomunak badaude, herri bat beti dago hobe kohesio soziala ziurtatua badu; eta noski, eredu ekonomikoa bizkortu egingo da barne eskaria handitzen den neurrian”.

Posible da
Etxaideren esanetan “ilegala den bakarra gaur ezarrita dagoen Lanbidearteko Gutxieneko Soldatatik behera ordaintzea da. “Inork ez du debekatzen hori hobetzea, ez da derrigorrezkoa
miseriazko soldatak ordaintzen. Berton ados dezakegu ez dela 1.200 eurotik beherako soldatarik egongo, eta negoziazio kolektiboa erabili daiteke aplikazioa adosteko”.

Bideragarria da
Borondate politiko kontua dela aipatu du Etxaidek, aberastasuna egon, badagoelako. “Erabaki politikoa da. Benetako alternatiba pobrezia eta miseriaren aurrean, bi gauzak ez direlako berdinak”.

Bereizketa honetan sakonduz, “pobrezia baliabide materialen falta” dela esan du Etxaidek. “1.200 eurotik gorako soldatek arazoa konponbidean jarriko lukete”. Miseriari dagokionez, “ez da baliabide materialen kontua, miseria duintasun falta da. Pobrezia konpontzeko aukera edukitzea eta ez konpontzea da miseria”.
 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.