2024-12-23
HomeZerbitzu PublikoakNafarroako Administrazioa112 telefonoa, kolapsatzeko zorian Nafarroan

112 telefonoa, kolapsatzeko zorian Nafarroan

Seigarren olatu honetan, Oinarrizko Osasun Laguntza gainditua dago eta, horren ondorioz, 112 larrialdietarako telefonoan milaka dei jasotzen ari dira azkeneko asteotan Covid-19a dela eta. Egunero-egunero gero eta dei gehiago jasotzen dira, lineak gainezka egiten ari dira, eta larriena dena, ehunka eta ehunka dei erantzun gabe gelditzen dira, egun batzuetan 1.000 inguru: sekulan ikusi gabeko egoera.

Jakina, jasaten ari garen deien saturazioak berekin dakar benetako larrialdien arreta atzeratzea: COVID kontsultengatik hainbeste dei izanik, premiazko deiak esperoan gelditzen dira eta batzuetan berandu erantzuten dira, eta benetako arriskua dago larrialdiren bat atenditu gabe gelditzeko eta hil edo biziko kasu larri batengatik egiten den dei bati ez erantzuteko. SOS Nafarroa 112 zentroa ez dago prestatua halako eskariari erantzuteko, eta ez da inolako errefortzu neurririk edo neurri alternatiborik hartu.

Baliabideak falta dira eta informazioa falta da
Osasunbidea ez da behar bezala prestatu, eta ez du ahalmenik gaur egun dagoen eskaerari erantzuteko; osasun eta administrazio langileak lanez gainezka daude; herritarrei ez zaie komunikazio edo mezu garbirik ematen, eta azkenean osasun zentroetako telefonoak kolapsatu egiten dira kontsulta edo hitzordu eske, edo jende-ilara luzeak sortzen dira Covid probak egiteko. Ez geunden seigarren olatu honetarako prestatuak, eta ez dute jakin nola erreakzionatu.

Eta gauza bera gertatzen da 112 telefonoan, hau da, larrialdietarako telefonoan. Izan ere, zerbitzu hori azken baliabidea bihurtu da bere osasun etxearekin edo koronabirusaren arretarako telefonoekin harremanetan jartzea lortzen ez duten milaka pertsonarentzat. Horren ondorioz, lineak Covid kontsulta-deiekin betetzen dira, eta, askotan, larrialdi kasuek itxaron behar izaten dute.

“Badakit ez nukeela 112 telefonora deitu beharko, baina beste inork erantzuten ez duenez…”, horixe da egun hauetako deietan behin eta berriz entzuten den esaldia: ehunka dei horrela hasten dira. Herritarrek ez dute ez informaziorik ez jarraibide argirik olatu berri honen aurrean. Ez dakite nola jokatu kontaktu estuen, sintoma arinen eta emaitza positiboen aurrean. Birus-aldaera hau desberdina da. Seigarren olatua desberdina da. Askoz ere eragin handiagoa du, baina jarraibideak betikoak dira: deitu ezazu zure osasun etxera probak egiteko eta hitzordua eskatzeko. Baina, egiazki, badakigu ezinezkoa dela Oinarrizko Osasun Laguntzak halako eskaera handiari erantzutea.

Babes Zibileko eta Larrialdietako Zuzendaritza eta Barne Zuzendaritza Nagusia desagerturik
Seigarren olatua da jada, eta ez dute ezer ikasi. 112 telefonoan lehenengo olatuan baino bitarteko eta langile gutxiago daude. Langile-txandak minimoetan daude, ez dago errefortzuko langilerik, eta langileriaren arloan ez da inolako neurririk aurreikusi.

Eta bestelako neurririk ere ez da aurreikusi: ez dago telefono alternatiborik, ez arretarako beste puntu edo telefonorik, ez eta herritarrentzako informazio-mezu berririk ere. Deus ez. Egoera berri honi aurre egiteko arreta-protokolorik ez da prestatu, eta aurrekoak ez dira eguneratu; beraz, langileek ahal duten moduan erantzuten diete deiei, aurreko olatuetako protokoloekin eta jarraibideekin, eta, hala, jadanik gainezka dauden osasun etxeetara eta arreta-telefonoetara bideratzen dituzte dei horiek guztiak.

Honelako pandemia bat –eta, bereziki, honelako olatu bat eta honelako aldaera bat–, herritarren artean izaten ari den eraginari begiratuz gero, babes zibileko larrialdi bat ere bada, baina barne arazoetarako arduradunek ez dute ezer egiten. SOS Nafarroa 112 zentroak hilabete inguru darama saturazio-egoeran, baina ez da inolako neurririk hartu, eta ez dago ezer aurreikusita datozen asteetarako, ezpada langileei eskatzea aparteko orduak egiten jarrai dezatela. 112ko langileak (operadoreak, aretoko buruak, medikuak eta EUDak) muga-mugan ari dira lanean, eta hala jarraituko dute, baina horrekin ez da nahikoa.

Iaz, lehen olatuaren ondoren, Barne Zuzendaritzak iragarri zuen pandemia egoeretarako plan berezi bat lantzen ari zirela. Gaur den egunean, ez dakigu ezer plan horri buruz. Urtebete pasatuta, hasieran baino okerrago gaude. Non dira Babes Zibileko eta Larrialdietako Zuzendaritza eta Barne Zuzendaritza Nagusia?

112 telefonoa larrialdietarako da. Ongi erabili
SOS Nafarroa 112 Zerbitzuko langileek, gure arduradunek deus ere egiten ez dutenez, herritarrei eskatzen diegu 112 telefonoa eta larrialdietako zerbitzuak arduraz erabil ditzatela. Norbait larrialdi egoera batean baldin badago, edo kasuren bat presazkoa den edo ez zalantzan badago, ez izan zalantzarik 112 telefonora deitzeko, baina saia zaitezte 112 telefonoa erabiltzen benetan larriak diren kasuetan eta itxaron ezin duten egoeretan, lineak mugatuak baitira.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...