2024-12-22
HomeEkintza Sindikala11 garraiolari hil dira 2024an, 2023ko heriotza kopurua gaindituz

11 garraiolari hil dira 2024an, 2023ko heriotza kopurua gaindituz

Atzo, 56 urteko J.R.M.M. garraiolari lesakarra hil zen lanean Irunen, kamioia kargatzen ari zela. Transportes Etxetrans 2000 enpresako langilea zen. 2024. urtean 11 garraiolari hil dira lanean dagoeneko, horietariko asko, azken hau bezala, bihotzekoak jota. Atzokoarekin, gutxienez 54 laneko heriotza izan ditugu urte hasieratik Euskal Herrian.

2023ko ezbeharren txostenean salatu genuen, orokorrean, istripuz hildakoen %33a direla ez traumatikoak. Garraiolarien artean aldiz, %75a izan ziren ez traumatikoak. Azken urteetako datuek joera hori erakusten dute, garraioan istripu ez traumatikoen intzidentzia handiagoa da. Honek adierazten du garraiolarien lan baldintzek istripu kardiobaskularretan duten eragin zuzena, lanpostuen prekarizazio etengabea tarteko.

Garraioaren sektorea da laneko ezbeharren gaitza gehien pairatzen dutenetako bat. Iaz 10 garraiolari hil ziren lan-istripuz, aurten dagoeneko kopuru hori gainditu da. Ez gara nekatuko lan-istripuak lan-baldintza txarren eta prebentzio eta segurtasun-neurri faltaren ondorio direla salatzeaz.

Oso prekarioak dira garraioaren sektoreko lan-baldintzak, lanaldi luzeak, estresa, presioak, garraioagatik ordaintzen duten prezio baxua, lan baldintzen eraginez modu osasuntsuan elikatzeko zailtasunak, adinaren eragina, etab. Horregatik diogu garraioaren sektorean gertatzen diren lan-istripu gehienak guztiz ekidin daitezkeela, eta horretarako borondate politikoa baino ez dela behar, garraiolarien lan-eskubideak bermatzeko eta errespetatzeko neurriak jartzeko, baita erakunde publiko eta enpresa guztien inplikazioa ere.

Prekaritatearekin amaitu behar da. Patronalaren inpunitatearekin amaitu behar da. Erakundeek ezin dute jarraitu beste alde batera begiratzen, bestela gertatutakoaren konplize izango dira.

Lan istripu gehiagorik ez, ez garraioaren sektorean, ez beste inon!

Dei egiten dugu laneko azken heriotza hau salatzeko deituko diren mobilizazioetan parte hartzera.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...