2024-12-26
HomeEkintza SozialaLangabeziak behera egin arren, enpleguaren kalitateak okerrera egiten jarraitzen du

Langabeziak behera egin arren, enpleguaren kalitateak okerrera egiten jarraitzen du

Langabeziak behera egin du Hego Euskal Herrian; 138.845 langabe daude, duela urtebete baino %6,80 gutxiago. Datua bere horretan positiboa izan arren, enpleguan prekaritatea eta ezegonkortasuna nagusitzen ari direla baieztatzen duten hainbat datu ere ekarri ditugu lehen lerrora.

Langabeziaren joerari dagokionean, pasa den astean kaleratu ziren Biztanleria Aktiboaren Inkestako (BAI) datuekiko aldea nabarmena da. BAIko datuen arabera, langabeziak gora egin zuen nabarmen urteko lehen hiruhilabetekoan; gaur SEPEk emaniko datuek kontrakoa adierazten dute. Azalpena sinplea bezain kezkagarria da. Izan ere, BAIko datuak inkesta bidez lorturikoak direnez, ezkutuko ekonomian diharduten langileen egoera ere islatzen du. Beraz, Hego Euskal Herrian ezkutuko ekonomian lan egiten duten langileen kopurua adierazgarria da, bereziki Espainiako Estatutik kanpo jaiotako langileak izanik.

Apirilean kontratu guztien artean, %74,56a behin behinekoak izaten jarraitzen dute, 53.702 kontratu, hain zuzen ere, mugagabeak %25,44a diren bitartean. Pasa den urte zein hilabetearekiko, kontratu mugagabeek behera egin dute, baina badirudi kontratu mugagabe zein behin behinekoen arteko proportzio berria instalatu dela. Espainiako Estatuko lan erreforma indarrean sartu zenetik kontratu mugagabeen kopurua handitu egin den arren, hobekuntza gehiagorako margenik gabe gelditu da, behin behinekotasuna %75ean egonkortuz.

Kontratu mugagabeen igoera honen atzean, aldizkako finkoen igoera nabarmendu behar dugu. Izan ere, kontratu guztien artean %3,9a dira aldizkako finkoak Hego Euskal Herrian, urtebetean 1,5 puntu proportzional egin du gora kontratu mota honek, pasa den urtean %2,4 baitziren aldizkako finkoak. Emakumeen artean, aldizkako prekarioak gehiago dira, %5,2a baitira aldizkako finkoak, gizonezkoen artean %2,7a diren bitartean.

Jardunaldi partzialei dagokienean, 4 emakumetik bat jardunaldi partzialean dagoela nabarmendu behar dugu, emakumeen kontratuen artean %25,8a baita jardunaldi partzialekoa. Gizonen kasuan, partzialtasuna nabarmen baxuagoa da (%11).

Langabeziak behera egin duen arren, enpleguaren kalitateak okertzen jarraitzen du, emakumeak izanik prekaritatearen adierazleetan presentzia handiagoa dutenak (aldizkako finkoak, jardunaldi partzialean…).

Afiliazio datu historikoak izan ditugu apirilean, inoizko afiliazio kopuru altuena baitago (milioi batetik gora Hego Euskal Herrian). Jardueraren araberako afiliazioa aztertuz, zerbitzuen sektoreak inoizko afiliaziorik altuena izan du, azken urteetako etengabeko gorakadari jarraituz. Apirilean, afiliazioaren %73,20a zerbitzuak sektoreari zegokion. Azken hilabeteetan salatzen ari garen bezala, zerbitzuak erdigunean dituen ekonomia ereduak indarra hartzen jarraitzen du, ehun ekonomikoa ahulduz edota langileon lan zein bizi baldintza prekarioak nagusitzen diren sektorea ekonomiaren motorra bilakatzeko urratsak ematen jarraituz.

Maiatzaren 1ean aldarrikatu bezala, langileen lan eta bizi baldintza duinak bermatzeko lanean jarraituko dugu, esparru guztietan kapitalari boterea lehiatuz.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek grebara deitu du Linacal iturgintza enpresan, zuzendaritzak langileei entzungor egiten jarraitzen duela uste baitu

LAB sindikatuak Barañaingo (Nafarroa) Linacal iturgintza enpresako zuzendaritzaren jarrera onartezina salatu nahi du, langileek euren lan baldintzak hobetuko dituen enpresa itun bat negoziatzeko eginiko...

Munduko Medikuen zuzendaritzak EEE bat proposatu du langile guztien %25 kaleratzeko

Entitateko Langileen Legezko Ordezkaritzak ez ditu aintzat hartzen zuzendaritzak emandako arrazoiak, eta EEEa justifikaziorik gabea eta prebentiboa dela adierazi du.

EITBko zuzendaritzak euskaraz ez dakien pertsona bat izendatu du helburuen artean euskara sustatzean duen hedabide bateko zuzendari

EITBko zuzendaritza nagusiak eitb.eus eta Social Media atalerako zuzendari berria hautatu berri du, EITBren webgune berrien sorkuntza prozesua amaitzeko. Pertsona horren ardura izango da, eitb.eus zuzentzeaz gain, jaiotzear den atari digital berria abian jarri eta horren zabalkundea gidatzea.