2024-05-19
HomeEkintza SindikalaPolitika publikoak eraldatu eta hemen erabakitzeko aldarria atera dugu kalera

Politika publikoak eraldatu eta hemen erabakitzeko aldarria atera dugu kalera

Euskal Herriko zerbitzu publikoen egoera onartezina dela eta, Bilbon mobilizatu gara gaur, azken hilabeteotan eginiko grebei eta borrokari segida emanez.

Eliptika plazatik abiatu eta Arriaga plazaraino joan gara manifestazioan, zerbitzu publikoetan diharduten langileekin nahiz hainbat herritar erabiltzailerekin batera. Udazkenean abiatu genuen borrokaldia beste sindikatuekin bat eginda, eta bitarte horretan hiru greba egun eta hainbat mobilizazio egin izan ditugu EAEn, Greba Feminista Orokorraz gain. Bada, aldarrikapenen funtsak bere horretan dirauela eta, gaurkoan ere kalera ateratzeko hautua egin dugu LABen.

Sindikatuko koordinatzaile orokor Igor Arroyok gogorarazi du aipaturiko grebak dietu zirenean Eusko Jaurlaritzako arduradunak deialdia indargabetzen saiatu zirela, mobilizazioetarako arrazoi nahikorik ez omen zegoela argudiatuta. Aldiz, oraingo hauteskunde kanpainan gai nagusietakoa da Osakidetzako eta, oro har, zerbitzu publikoetako egoera. Orain alderdi politiko guztiek adierazten dute euren kezka, EAJ eta PSE barne.

Bada, horren aurrean, Arroyok bi gauza eskatu dizkie hautagaiei: batetik, aitortzea langile publikoek nahiz zerbitzu publikoak ematen dituzten gainerako langileek arrazoiak sobera dituztela mobilizatzeko, eta bestetik, dagozkien erantzukizun politikoei behingoz heldu diezaietela. Izan ere, pribatizazio eta murrizketa politikek eragin dute zerbitzu publikoen gainbehera.

Hala, hurrengo legegintzaldia mugarri izan behar da, eta orain arteko politika pribatizatzaileak alboratu eta zerbitzu publikoak indartzeko apustu estrategikoa egin beharra dago.

Bada, apustu horrek hiru ardatz izan behar ditu: lehena, zerbitzuen antolaketari eta lan baldintzei dagokienez Euskal Herrian erabakitzea, inposaketarik gabe; bigarrena, zerbitzu publiko indartsuak izatea eta pribatizatuta dauden eremuak (zaintza, kasurako), publifikatzea; azkenik, langile publikoekin eta zerbitzu publikoak ematen dituzten azpikontratatutako langileekin elkarrizketa eta akordioak bilatzea, aldebakartasuna alboratuta.

Euskal Herrian badira baldintzak gure zerbitzu publikoak eta bertako langileon baldintzak guk geuk erabakitzeko, eta horren alde gogor borrokatu beharra dago, eredu neoliberalari aurre egin eta politika publikoak eraldatzeko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

00:01:52

Rafahko sarraskiaren eta palestinar herriaren aurkako genozidioaren aurka atera gara kalera

Eguerdian elkarretaratze jendetsuak egin ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan, S.O.S. Rafah. Genozidioa STOP lelopean, gehiengo sindikal zabalak deituta.

Lantegiz lantegi zabaldu dugu Palestinan genozidioa geldiarazteko aldarria

S.O.S. Rafah, genozidioa STOP lelopean gaurko deitutako ekimenen baitan, Euskal Herriko hainbat eta hainbat lan-zentrotan palestinar herritarrekiko elkartasuna zabaldu eta Israelek aurrera daraman genozidio ankerra berehala geldiarazteko exijitu dugu.

Langileek baztertu egin dute Bilbobusen UGTk, CCOOk eta USOk babestutako aurreakordio eskasa eta borrokari berrekin diogu

Aldarrikapen funtsezkoetakoa zena ere ez zuen jasotzen asteon iragarritako aurreakordioak, hau da, soldatak KPIari lotzearena. Hala, erabakia atzo langileen asanbladara eraman ostean, aurreakordioari ezezkoa eman zioten langileek (287 boto ezezkoaren alde; 249 baiezkoaren alde). Hala, batzordearen gehiengoaren iruzurrari gailendu gatzaizkio langileok.