2024-06-29
HomeEkintza SindikalaPatronala da absentismoaren eragile nagusia,lan osasuneko arau hauste etengabeko eta zigorgabeeen ondorioz

Patronala da absentismoaren eragile nagusia,lan osasuneko arau hauste etengabeko eta zigorgabeeen ondorioz

Azken hilabeteotan, Eusko Jaurlaritza, patronala eta eurekin lerrokatutako komunikabideak absentismoaren inguruko etengabeko erasoan ari dira, baina datu ofizialek erakusten digutenez, patronalak berak erantzukizun handia dauka gai honekiko. Izan ere, bajak daude honen atzean, eta horietako askok, gainera, laneko jardunarekin lotura zuzena daukate. Lan istripuek gora egiten eta laneko gaixotasunek aitortu gabe jarraitzen dute.

Arrisku psikosozialak dira azken urteotan lanak eragindako arrisku faktore nagusiak, aldi baterako ezintasunak eragitean duten garrantziagatik. Gogorarazi nahi dugu mutualitateek ez dituztela sekula laneko kontingentzia bezala aitortzen, nahiz eta ikerketa guztiek, baita gobernuenek ere, lanak eragindako faktore nagusien artean kokatu. Beraz, aldi baterako ezintasunen atzean dagoen baja andana lanak eragindakoak dira, nahiz eta ofizialki ez diren aitortzen. Adibide honek azaltzen du patronalak luzatzen duen mezuak ez duela oinarririk. Izan ere, patronala da absentismoaren eragile nagusia, lan osasuneko arau hauste etengabeko eta zigorgabearen ondorioz. Guzti hau ordea, langileok pairatzen dugu gure osasun fisiko eta mentalean.

Azken datu ofizialen irakurketa

Osalanek 2024ko urtarriletik apirilera artean EAEn izandako lan istripuen datuak argitaratu ditu, eta LABen iritziz esanguratsuak dira. Izan ere, patronalak lan osasuneko araudia urratzearen ondorioz sortutako lan istripuek %7,26 egin dute urtebetean. Honela, iazko lehen lau hilabeteetan 25.673 istripu izan ziren EAEn eta aurtengo denbora tarte berdinean 27.539 izan dira. Guztien artean, baja eragin duten istripuak, larrienak, izan dira gehien igo direnak, %12,1, 12.908tik 14.470era. Gogoratu dezagun hauek datu ofizialak direla, patronalak berak gizarte segurantzari komunikatutakoak, eta jakina da beste milaka istripu ez direla komunikatzen. Bestalde, in itinere istripuak, hau da, lanerako joan-etorrietan gertatutakoak, ez dira aintzat hartzen datu ofizialetan.

Osalanek argitaratutako datuok laneko gaixotasunen aipamen testimoniala egiten dute. Izan ere 1.248 gaixotasun aitortu dira 2024ko urtarriletik apirilera. Honek Osasunaren Munduko Erakundeak (OME) zehaztuta duen istripu eta laneko gaixotasunen proportzioa iraultzen du, honen arabera laneko gaixotasunak istripuak baino gehiago baitira.

Beraz, istripuen gorakada berri batean gaude, azken urteetako joeraren erakusle. Honek oinarri nahikoa ematen digu Jaurlaritzaren eta Osalanen lan-osasunaren arloko politikek porrot egin dutela esateko, datu guztiek horixe berresten baitute hilabetez hilabete. Askotan salatu dugun moduan, patronalari enbarazurik ez egitea da Jaurlaritza eta Osalanen politiken helburua eta ondorioz, langileon osasuna bermatzea bigarren maila batean geratzen da.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Langile bat larriki zauritu da Zierbenan, makina batek azpian harrapatuta

Haizea Wind enpresak azpikontratatutako 48 urteko langilea Superportuaren barruan ari zen beharrean. Galdaragintza-sailean zegoen, eta makina batek harrapatu eta bi hankak moztu dizkio. Langileek laguntza psikologikoa behar izan dute eta igandera arte itxita egongo da enpresa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak ebatzi du CAFek titulatuei ere antzinatasuna bosturteko gisa ordaindu behar diela #LortuDugu

Duela bi urte (2022ko maiatzaren 16an), LABek bultzatuta, Enpresa Batzordeak demanda kolektiboa jarri zuen langile titulatuei antzinatasuna ordaintzea eskatzeko, hau da, bosturtekoak gainerako langileei bezala ordaintzeko.

%100eko jarraipena Cementos Rezolako greba mugagabeko lehen egunean

Gaur abiatu dute Cementos Rezolako Añorgako lantegiko langileek greba mugagabea, zuzendaritzak 56 langile kaleratzeko dituen asmoen aurrean. Enpresa gelditu dute langileek, %100ak egin baitu bat LAB nagusi duen enpresa-batzordearen deialdiarekin bat. Elkarretaratze bi egin dituzte, lehena 7:30etik 8:30era eta 10:00etan bigarrena. Gainera, auzokideen babesa ere jaso dute.