2024-09-27
HomeEkintza PolitikoaNafarroako enplegu plana kritikatu dugu, edukirik gabekoa litzatekeelako, eta langileen aldeko benetako...

Nafarroako enplegu plana kritikatu dugu, edukirik gabekoa litzatekeelako, eta langileen aldeko benetako neurriak aldarrikatzeko kanpaina abiatuko dugu

LABen Nafarroako bozeramaile Imanol Karrerak gaur eman duen prentsaurreko baten bidez, kritikatu egin du Nafarroako enpresariek UGT eta CCOO eta Nafarroako Gobernua behartu dituztela soldata igoera eta lanaldia murriztea hurrengo enplegu planaren negoziaziotik at gelditzera; hartara, akordioa pisuzko edukirik gabe geldituko litzateke berriz ere. Ildo horretan, langileen aldeko neurri errealak aldarrikatzeko kanpaina bat jarri dugu martxan LABen –1.600 euroko gutxieneko soldata, 30 orduko lanaldia eta zerbitzu publikoak indartzea xede dituena–, eta, horren barruan, urriaren 10ean Burlatan mobilizatuko gara, Iturrondo Enplegu Agentzia Integralaren aitzinean.

LAB sindikatuan hilabeteak daramatzagu Nafarroako gehiengo sozialaren egungo egoera hobetzeko aukera azpimarratzen, etorkizuneko erronka handien aurrean egiturazko aldaketak gauzatzeko anbizioa aldarrikatuz. Izan ere, borroka sindikal eta sozialari esker, langileontzat garrantzitsuak diren auziak kokatu dira agenda politikoaren erdigunean, maila desberdinetan bada ere: soldatak, lanaldia, etxebizitza, zaintza, zerbitzu publikoak eta osasun sistema publikoa, autogobernua-estatus politikoa…

Baina Nafarroako enpresariak ez daude egoerak eskatzen duen mailan. CEN patronalak soldaten igoeraren eta lanaldiaren murrizketaren gaiak Nafarroako Enplegu Planaren negoziaziotik kanpo uztera behartu ditu UGT eta CCOO sindikatuak zein Gobernua. Hala ere, udazkenean horren propagandarako ariketa eginen dute aipatutako eragileak.

Gauzak horrela, Nafarroako Gobernuak huts eginen du uste badu egungo egoera hobetu daitekeela edukirik gabeko akordioekin, diru laguntza batzuetara eta interes korporatiboetara mugatutako akordioekin. Murrizketak baztertzen ez diren testuinguru batean Gobernua, CEN, UGT eta CCOO eragileen arteko betiko argazkia zentzugabea eta mingarria izanen da herrialde honetako langileentzat. Nafarroako langileei ezertan mesede egiten ez diena. Are gehiago, dirua ez dagoenean zahar egoitzetako emakume langileentzat. Gobernuak ez dauka borondaterik patronalaren interesekin konfrontatzeko eta, hori egin ezean, ezin izanen zaio aipatutako arazoei benetako erantzunik eman.

Konfrontaziorik gabe ez dago sakoneko aldaketarik. Lantoki eta sektore mailako borroketan parte hartzen jarraitzearekin batera, Gobernua eta patronala interpelatzeko kanpaina jarriko dugu LABetik. Euskal Herrian, Nafarroan, langileen aldeko erabakiak hartzeko presio egitera goaz. Langileen alde, eta hemen erabaki nahi dugu, badagoen erabaki ahalmena erabiliz nahiz erabaki ahalmen hori handituz.

Zehazki, hiru dira kanpainaren bidez aldarrikatuko ditugun premiazko neurriak.

  1. 1.600 euroko gutxieneko soldata. Egun, Nafarroan enplegu bat izatea ez baita pobreziaren arriskutik urruntzeko bermea.
  2. 30 orduko lanaldia. Jardunaldi murrizketa ezinbesteko erronka da. Enplegua eta lana banatzeko eta zaintza kolektibizatzeko.
  3. Zerbitzu publikoak indartzea. Lehentasunez hiru eremutan: zaintza, osasuna eta etxebizitza.

Kanpaina horren barruan, urriaren 10ean, eguerdian, mobilizazio bat eginen dugu Burlatako Kultur Etxetik Iturrondo Enplegu Agentzia Integralera, Nafarroako langile guztientzako lan baldintza duinak eskatzeko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Osakidetzaren inguruko akordioak agerian utzi du orain arte egin diren langileekiko politikak aldatu behar direla

EAEko parlamentuan gaurko egunez EAJ, EHBildu eta PSE alderdiek onartu duten akordioak baieztatu egiten ditu sindikatutik eremu horretan salatu izan ditugun arazoak.

Garraiolari bat hil da lan-istripuz Nafarroan

Gaur goizean langile gipuzkoar bat zendu da gai arriskutsuak garraiatzen ari zela Lodosan. 2024an dagoeneko 10 garraiolari hil dira Euskal Herrian. Orotara, 43 langile hil dira lan istripuz, laneko gaitzak aintzat hartu gabe.

Enplegu-zentro berezietako langileen lan-eskubideak benetan eta eraginkortasunez arautzea eskatzen dugu

Joan den irailaren 23an, EHLABEk, enplegu-zentro berezien patronalak, Mikel Torres EAEko lehendakariordearen eskutik, sei urteko gizarteratze eta laneratze proiektua aktibatu zen. Honen helburua aniztasun funtzionala duten 2.000 pertsona baino gehiago prestatzea, gizarteratzea eta laneratzea da; Lan-Aukera izena eman zaio, eta Europar Batasunak finantzatuko du, 10 milioi eurotik gorako aurrekontuarekin.