2024-09-17
HomeEkintza PolitikoaLangileon aldeko neurriak aldarrikatzeko dinamika abiatuko dugu mugaren bi aldeetan

Langileon aldeko neurriak aldarrikatzeko dinamika abiatuko dugu mugaren bi aldeetan

Bilbon eta Baionan egindako agerraldi banaren bidez, Hego zein Ipar Euskal Herrian garatuko dugun kanpaina aurkeztu dugu gaur. Datozen asteetan ehunka ordezkari sindikal bilduko ditugu hamalau batzarretan eta milaka esku-orri banatuko ditugu lantokietan. Era berean, hainbat mobilizazio egingo ditu, horien artean nagusia Bilbon, abenduaren 12an.

Bilboko agerraldian Igor Arroyo koordinatzaile orokorrak hartu du hitza. Haren esanetan, “borroka sindikal eta sozialari esker, langileontzat garrantzitsuak diren auziak kokatu dira agenda politikoaren erdigunean: soldatak, lanaldia, etxebizitza, hezkuntza, osasun sistema publikoa, estatus politikoa. EAJ-PSEk ezin izan diote jarrera negazionistari eutsi”.

Hala ere, haien borondatea eta gaitasuna zalantzan jarri ditu Arroyok: “Ez dute borondaterik Patronalaren interesekin konfrontatzeko eta, hori egin ezean, ezin izango zaie aipatutako arazoei benetako erantzunik eman”.

Arroyoren arabera, EAJ-Geroa Bai eta PSE/PSN binomioak ez du Patronalaren pribilegio fiskalekin amaitzeko borondaterik. “Zerga gutxiago ala zerga gehiago, hori ez da auzia. Auzia da hemen langileok ordaintzen ditugula zergak. Patronalak pribilegio fiskalak dituela. Eta pribilegio horiekin amaitu beharra dagoela, justiziazkoa delako eta herritarren beharrak asetuko dituzten politika publikoak indartzeko beharrezkoa delako”. Zehazki, bi neurritan jarri du azpimarra Arroyok: batetik, akzio eta bestelakoen bidez enpresariek dituzten diru-sarrerak (hots, kapital errentak) soldaten portzentaia berberarekin zergapetzea; eta bestetik, enpresen irabazietatik zati handiago bat jendartearen mesedetan bideratzea, Elkarteen Zerga indartuz.

Konfrontaziorik gabe sakoneko aldaketarik ez dela egongo berretsi du LABeko koordinatzaile orokorrak. Eta horregatik, lantoki eta sektore mailako borroketan parte hartzen jarraitzearekin batera, Gobernuak eta Patronala interpelatzeko kanpaina jarri dugu martxan. LAB sindikatuaren izaera soziopolitikoa berretsiz, aldaketak lantokietan, kalean eta instituzioetan borrokatzeko determinazioa duguk. “Borroka sindikalei dagokionez aurrerapausoak lortu ditugu lantoki eta sektore askotan, baina langile guztiak aintzat hartuko dituzten neurri orokorrak ere beharrezkoak dira. Euskal Herrian langileen aldeko erabakiak hartzeko presioa handitzera goaz. Langileen alde, eta hemen, erabaki nahi dugu, baden erabaki ahalmena erabiliz nahiz erabaki ahalmen hori handituz”.

Zehazki, hiru dira kanpaina honen bidez aldarrikatuko ditugun premiazko neurriak. Lehenik eta behin, 1600 euroko gutxieneko soldata. “Egun, enplegu bat izatea ez da pobreziaren arriskutik urruntzeko bermea. Prekaritatea geroz eta hedatuago dago eta handitzen ari da langileen arteko aldea ere, lan baldintza duinak dituzten eta ez dituztenen artean. Soldata baxuenak dituzten eremuetan emakumeen*, langile migratu edota arrazializatuen zein gazteen presentzia handia da. Soldatak hobetu egin behar dira aberastasunaren birbanaketa egokiago baterako. Langileen gutxieneko bizi baldintzak ziurtatzeko, bertako gutxieneko soldata ezar daiteke negoziazio kolektibo intersektorialaren bidez. Horixe da 2020ko Greba Orokorrean gehiengo sindikal eta sozialak aldarrikatu zuena eta 2023ko udaberrian Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaularitzari galdegin ziona”.

Bigarrenik, 30 orduko lanaldia: “Jardunaldi murrizketa ezinbesteko erronka da: digitalizazioak ekarriko duen enplegu suntsiketari erantzuteko, krisi ekosozialak eskatzen duen trantsizioari ekiteko, eta zaintza krisiari aterabidea emateko. Azken horri dagokionean, zaintza lanak aitortu, banatu eta kolektibizatu egin behar dira, zaintza guztion ardura baita. Enpleguari eskainitako denbora murriztu behar da, asteko jardunaldia 30 ordutara jaitsi eta zaintzarako lizentzia eta baimenak sustatu. Espainiako Gobernuak 37,5 orduen inguruan irekitako eztabaida oso motz geratzen da Hego Euskal Herriari dagokionez, hemen badira 25 urte 35 orduen aldeko Greba Orokorra egin zela eta badaude baldintzak harago joateko”.

Hirugarrenik, zerbitzu publikoak indartzea: “Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuari dei egiten diegu zerbitzu publikoak indartu ditzaten, baliabideak handituz, ratioak hobetuz eta pribatizatutako zerbitzuak lehengoratuz, lehentasunez lau eremutan: zaintza, osasuna, etxebizitza eta hezkuntza”.

Baionan, negoziazio esparru propioa galdegin du LABek

Baionan Argitxu Dufau eta Eñaut Aramendik hartu dute hitza, eta kanpaina konfederalak Ipar Euskal Herrian hartuko duen forman sakondu dute.

“2012an Bertan Erabaki ekimena aurkeztu zuen LAB Sindikatuak, eta 12 urteotan Ipar Euskal Herriak zenbait aldaketa izan ditu arlo instituzionalean, politikoan zein sozialean”, Aramendik azaldu duenez. Bada, egungo egoera kontutan hartuta, LABen proposamena eguneratzeko eta indartzeko unea iritsi da, eta hainbat ardatzetan zehaztuko da planteamendua, Hego Euskal Herrian bezala, tartean egongo direlarik zerbitzu publikoen indartzea, etxebizitza eskubidea edota gutxieneko soldata baten ezarpena.

Bada, helburuok behar bezala garatzeko egungo eskumenak urriegiak direla eta, Ipar Euskal Herria eremu sozial gisa aitortu beharra dagoela uste dugu LABen, eta, hortaz, Ipar Euskal Herri mailako negoziazio kolektiboko guneak aldarrikatzen ditugu langile guztientzat, izan arlo pribatukoak zein publikokoak.

Argitxu Dufauk Hemen Erabaki aldarrikapenak garatzen dituen hiru neurri zehatzak aurkeztu ditu: Egitura sozioekonomikoa eta langileentzako negoziazio kolektiborako guneak sortzea, sektore pribatuko langileentzako negoziazio kolektiborako gune berezia edo tokiko batzorde parekidea eratzea, eta lurraldeko agenteentzat negoziazio kolektiborako gune berezia edo Herriarteko Lurralde Batzorde Soziala abian jartzea.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

‘Araban zabaltzen’: Ospakizuna eta borroka lotu ditugu Gasteizen

LAB sindikatuaren 50. urteurrena ospatzen ari gara 2024 honetan, eta gaur, larunbata, Araban Zabaltzen izenpean ospakizun eguna dugu Gasteizen. Info gunearekin abiatu dugu eguna goizean, eta aldarrikapenez beteriko kalejira izan da jarraian.
00:01:24

Cementos Rezolako Enplegu Erregulazio Espedientearen aurrean langileek aurrera eramandako borrokaren balioa nabarmendu eta jasotako babesa eskertu dugu

Añorgako lantegiaren aurrean egin dugu LABeko ordezkariok bi hilabete eta erdiko borroka luze eta gogorraren balorazioa, eta behartutako kaleratzeak saihestu badira, langileek eginiko ahaleginen fruitua izan dela azpimarratu dugu.

“Zerga-sistema aldatu, aberatsek gehiago ordain dezaten” izenburupean solasaldiak egingo ditugu Bilbo eta Iruñean

Fiskalitateari buruzko eztabaida soziala hauspotzeko asmoz, solasaldi bi antolatu ditugu datorren astean Bilbo eta Iruñean, “Zerga-sistema aldatu, aberatsek gehiago ordain dezaten” izenburupean. Izan ere, sindikatuak erreforma fiskal sakona aldarrikatzen du, kapitalaren errentek eta aberastasun handiek zerga gehiago ordain ditzaten.