2025-01-15
HomeEkintza Sindikala“Lan duina, bizi duina” Ekimen Ibiltariari amaiera emango diogu bihar Durangon, Landako...

“Lan duina, bizi duina” Ekimen Ibiltariari amaiera emango diogu bihar Durangon, Landako Gunean egingo dugun ekitaldiarekin

“Lan duina, bizi duina” leloarekin, Euskal Herriko hainbat txoko zeharkatu ditugu urriaren 16az geroztik, Ekimen Ibiltaria izeneko dinamika Iruñetik abiatu genuenetik. Garaia da bizitzaren sostengarritasuna erdigunean jarriko duen eredua eraikitzeko, eta hala aldarrikatu du LAB sindikatuak herriz herri, eskualdez eskualde. Bada, Ekimen Ibiltaria bere azken geltokira iritsiko da bihar, abenduaren 6aren etorrerarekin. Hain justu, Durangon emango dugu amaitutzat dinamika, 11:30ean, Landako Gunean egingo dugun ekitaldi nagusiarekin. Aurretik, 10:30ean, “Gazte duina, herri duina” leloarekin, kalejira bat irtengo da udaletxetik Landako Guneko ekitaldiarekin bat egiteko.

Hitzordu honez gain, Durangon beste deialdi garrantzitsu bat izango da bihar, abenduaren 6a izanik: Independentistak plataformak deitutako manifestazioa, hain zuzen ere. Landako Gunetik irtengo da martxa, 12:30ean, “Espainiar Konstituzioa Herrien kartzela. Gora Euskal Errepublika!” leloarekin. Hala, LABek bat egingo du manifestazioarekin, eta, jai inposatuak ez ezik, Espainiako Konstituzioaren urteurrena ere salatuko dugu; lan duina eta bizi duinaren aurkako eraso zuzena baita Konstituzioa, langileon eskubideak txikitzeko aukerak ziurtatzen dizkiolako botere ekonomikoari.

Eskubide sozial eta laboralak suntsitu egin dituzte, krisi ekonomikoaren aitzakiarekin. Hortaz, eredu sozial eta ekonomiko berri bat eraiki nahi badugu, burujabetza da bide bakarra. Estatu propio bat behar du Euskal Herriak, erabakitzeko eskubidea oinarri. Herriak du giltza. Herri aktibazioa eta borondatea dira aldaketa sozial eta politikorako giltza, Estatu propio bat eratzeko prozesu politikoaren oinarri eta abiapuntua. Jendartearen gehiengoaren nahiak erabakigarria izan behar du Espainiako Estatua bizitzen ari den lurralde krisiaren aterabidea finkatzeko.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Nafarroako irakaskuntza publikoko urtarrilaren 30eko greba erregistratu dugu

Hezkuntza Departamentuak jarrera guztiz itxiarekin jarraitzen du, eta horren aurrean, egiazko negoziazioa egon dadin, gure indar osoa mahai gainean jartzeko prest gaudela erakutsiko dugu.

Epaitegien erasoaldi eta injerentziaren aurka, gure hizkuntza eskubideak defendatzeko deia egiten dugu

Oraingoan Bizkaiko Foru Aldundiaren (BFA) deialdi bati egokitu zaio epaitegien erasoaldiaren jomugan egotea. “Egotea” diogu epaitegien erasoaren benetako helburua, “izan”, euskera eta euskaldunon hizkuntz eskubideak baitira. Hartara, helburu horren bidean edozer erasotzeko prest ere agertzen dira; kasu honetan, BFAren deialdi bat non 77 pertsonaren plazak jokoan jartzeraino heltzeko gai diren euskera eta euskaldunon hizkuntz eskubideak erasotzearren.

Confebask eta CEN patronalei dei egin diegu gutxieneko soldata propioa finkatuko lukeen Lanbidearteko Akordiorako negoziazio mahaia eratzeko

Beste sindikatu batzuk egin bezala, gaur goizean, EAEn eta Nafarroan Lanbidearteko Akordio bat negoziatzeko mahai bana eratzea eskatu dugu, Patronala (Confebask – CEN) eta sindikatuen artean Gutxieneko Soldata propio bat negoziatu eta ezartzeko.