2024-06-28
HomeEkintza SindikalaIndustria eraldatuz, etorkizunari heldu

Industria eraldatuz, etorkizunari heldu

LABek langileen interesak defendatuko dituen industria politikarik ez dagoela salatzen du eta instituzioei, Eusko Jaurlaritzari zein Nafarroako Gobernuari, eta patronalei plangintza, jabetza publikoa eta langileen parte hartzea exijitzen dizkie.

Epe luzeko estrategia baten baitan garatu behar da politika industriala, sindikatuaren iritziz. Izan ere, krisi ekosozialak behartuta, mundu mailako industria eraldaketa prozesuetan gaude murgilduta, kapitalak eta patronalak gidatzen duten prozesuetan.

Eraldaketa prozesu urriegi, desordenatu eta bidegabe horren aurrean, ehun industrialaren eraldaketa sakon baten planifikazio ekosoziala defendatzen du LABek, industriaren sektore kutsatzaileetan birkonbertsio, deskarbonizazio eta murrizketa prozesuak bultzatzearen premia azpimarratu duelarik. Prozesuok langile klaseak planifikatu eta gidatzen baditu, lanpostu berriak sor daitezke (zaintza edota agroekologia bezalako eremuetan), lanaldiaren murrizketaren bidez lana banatu eta zerbitzu publikoen hedapenaren bidez bizi baldintzak hobetu.

Aldiz, irabaziak biderkatzea beste asmorik ez duten multinazional, inbertsio funts eta enpresa pribatu horien esku utziz gero, industrian deskarbonizazioa enplegu galera, prekaritate eta Euskal Herriko industria ehunaren desegitearen sinonimo izango da.

LABen arabera, Euskal Herrian ez dago estrategiarik, ez dago industria politika eraginkorrik. Instituzioek epe motzeko erabakiak hartzen dituzte, elektoralismoa edota marketinga lehenetsiz, sakoneko azterketetatik haratago. Patronala da Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren agenda markatu eta erabakiak baldintzatzen dituena.

Hala, langileriaren eskubide eta beharrak erdigunean izango dituen industria politika baten alde azaldu da LAB, enplegu duina bermatuko duena eta krisi ekosozialari aurre egiteko gai izango dena, aberastasuna herrian mantenduko duena, deslokalizazioak ekidingo dituena, langile guztiei enplegu duina eskainiko diena eta industriak egin beharreko eraldaketei aurre egingo diena; azken finean, beharrezko eraldaketa planifikatuko duena. Krisi ekosozialaren aurrean ezikusiarena egitea ez da aukera bat, erabaki ausartak behar ditugu, LABek azpimarratu duenez.

Egungo errealitatearen argazkia

Enplegu suntsiketa eta deslokalizazio prozesuak hainbat izan dira azkenaldian: Envases Ugao, Mecaner, Arcelor, Salica, Cementos Rezola Añorga… Horri mugak ezartzeko gaur arte adostu diren legeak, neurri egoki batzuk jaso arren, ez dira nahikoa enpresen deslokalizazioak eragozteko. Ehun industriala eta ekonomikoa babesteko urrats gehiago behar dira.

Diru publiko ugari jaso duten enpresa handiek, beraien onurak handitzeko, Euskal Herriko lurrak uzten dituzte askoz lan esku prekarioagoa eta zerga txikiagoak dituzten lurraldeetara joanda, lanpostu asko eta asko suntsituz eta prekarizatuz. Martxan dauden Europako Funtsek ez diete erantzuten beharrezkoa den trantsizio ekosozialista bideratzeari; aldiz, etekinak handitzeko beharrezkoak dituzten aldaketak denon artean ordaintzeko baliatzen dira.

Bide beretik, azken urteetako erreformek erraztu egin dute enplegua suntsitzea. Prekarizazioaren aldeko apustuak langileen deskualifikazioa dakar, hau da, beraien lan prestakuntzetan ezin aritzea edota prestatutako gazteek kanpora alde egin behar izatea.

LABen eskariak instituzioei

Gauzak horrela, industrian epe laburrean eta ertainean ezinbestean gertatu behar diren eraldaketak prestatu eta industriaren birmoldaketarako plana egin behar da, betiere merkatuetatik at, langileen interes eta beharrenmesedetan; horixe eskatzen die LABek instituzioei. Helburu zehatzak finkatu behar dira sektore ezberdinetan egin beharreko aldaketak bideratzeko, nola deskarbonizatuko diren definitzeko eta enpleguan ondorio traumatikoak ekiditeko.

Bestalde, esku-hartze publikoa indartzeko beharra defendatu du sindikatuak, eta kolaborazio publiko pribatua deritzonarekin amaituko duen industria politika. Kasu batzuetan jabetza publikoaren alde egin beharko litzateke eta diru publikoaren erabilera interes pribatuen araberako izatea eragotzi beharko litzateke. LABen ustez, ez da bidezkoa zerga inbertsio pribatua suspertzea enpleguari eta lan baldintzei lotutako inolako baldintzarik gabe.

Industriaren eraldaketara bideratzen diren funts publikoek bi helburu bete behar dituzte: trantsizio ekosoziala gertatuko dela bermatzea eta sektorearen subiranotasuna eta erabakitzeko gaitasuna areagotzea.

Amaitzeko, industriaren eraldaketa eta birformulazioan langileen parte-hartzea bermatzeko eskaria luzatu du sindikatuak, sektore edo eskualde mailan langileen ordezkaritza eta protagonismoa bermatzeko guneak izango diren batzorde ekosozialak sortuta. Horien eginkizunak lirateke sektorea eraldatzeko proposamenak zehaztea, lan-gatazketan bitartekaritza egitea edota esku-hartze publikoa behar duten enpresa edo sektoreentzat planak diseinatu eta gauzatzea.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Langile bat larriki zauritu da Zierbenan, makina batek azpian harrapatuta

Haizea Wind enpresak azpikontratatutako 48 urteko langilea Superportuaren barruan ari zen beharrean. Galdaragintza-sailean zegoen, eta makina batek harrapatu eta bi hankak moztu dizkio. Langileek laguntza psikologikoa behar izan dute eta igandera arte itxita egongo da enpresa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak ebatzi du CAFek titulatuei ere antzinatasuna bosturteko gisa ordaindu behar diela #LortuDugu

Duela bi urte (2022ko maiatzaren 16an), LABek bultzatuta, Enpresa Batzordeak demanda kolektiboa jarri zuen langile titulatuei antzinatasuna ordaintzea eskatzeko, hau da, bosturtekoak gainerako langileei bezala ordaintzeko.

%100eko jarraipena Cementos Rezolako greba mugagabeko lehen egunean

Gaur abiatu dute Cementos Rezolako Añorgako lantegiko langileek greba mugagabea, zuzendaritzak 56 langile kaleratzeko dituen asmoen aurrean. Enpresa gelditu dute langileek, %100ak egin baitu bat LAB nagusi duen enpresa-batzordearen deialdiarekin bat. Elkarretaratze bi egin dituzte, lehena 7:30etik 8:30era eta 10:00etan bigarrena. Gainera, auzokideen babesa ere jaso dute.