2024-06-29
HomeEkintza SindikalaGimenok gezurra eta desinformazioa erabili ditu Alaitz BHIn batxilergoko talde bat kentzeko

Gimenok gezurra eta desinformazioa erabili ditu Alaitz BHIn batxilergoko talde bat kentzeko

Joan den osteguneko osoko bilkuran, Gimeno datu faltsuak ematen aritu zen, Hezkuntza departamentuak Barañaingo Alaitz institutuko batxilergoko talde bat kentzeko hartutako erabakia defendatzeko asmoz. Helburu horrekin esan zuen, besteak beste, “52 ikaslek Musika eta Arte Eszenikoen batxilergoa” eskatu dutela, baina hori ez da egia; kopuru hori Gizarte Zientziak-Humanitateak eta Zientzia-Teknologiako batxilergoan aurrematrikulatu direnei dagokie.

Historikoki, Alaitz institutuak batxilergoko 4 talde izan ditu, 2 ibilbide artistikokoak eta beste 2 gainerako ibilbidetako ikasleak biltzen dituztenak. Hala ere, Gimenok lotsatu gabe baieztatu zuen “ez dela ezer kendu”. Ekitatearen, berdintasunaren eta legea betetzearen lelopean, Departamentuak hezkuntzaren kalitatea degradatzen duten erabakiak hartzen ditu, legezko gehieneko ratioa duten taldeak osatzen ditu eta plantilla murrizten du.

Joan den ostegunean osoko bilkuran izan ziren datorren ikasturtean ikasketak Alaitz BHIn egin nahi dituzten ikasleak eta haien familiak, eta bilkuraren ostean, haien etorkizunaz eta gobernuaren erantzunaz kezkatuta, elkarretaratzea egin zuten Parlamentuaren aurrean. Gobernuari, baina, ez omen zaio kezkagarria iruditzen zentrua aukeratzeko ikasleek duten eskubidea urratzea, ez eta bizi diren herriarekiko lotura horri bizkarra ematea ere.

Oibarko haur-eskolari eta Pedagogia Terapeutikoko Maisu-Maistren Kidegoari ere “ez-egia” gehiago erabiliz erantzun die

Alaitz BHIko lerro bat kendu izana ukatu zuen bezalaxe, berdin-berdin ukatu zuen Gimenok bere departamentuak Oibarren D ereduko haur-eskola bat irekitzeko baimena eman ez izana. Gainera, gaiaren berri prentsaren bidez izan zuela argudiatu zuen. Udalak Hezkuntza departamentuaren dei bat jaso zuen matrikulazio-aldia hasi baino egun bat lehenago, euskarazko hezkuntza-eskaintza zuen haur-eskola irekitzea ez zietela baimenduko jakinaraziz. Telefono-deiaren bidez, noski, ezezko horren inolako frogarik geldi ez zedin.

Joan den astelehenean, ekainak 17, herriko plazan elkarretaratu ziren familiak kaltetuak, Oibarko bizilagunak eta Udaleko nahiz eskualdeetako ordezkariak. Horrela, Departamentuaren jarrera salatzeaz gain, ezezko hori justifikatuko duen txosten tekniko bat eskatu zuten.

Bestalde, Pedagogia Terapeutikoko maisu-maistren aldarrikapenak direla eta Nafarroako Arartekoari emandako erantzunean ere “ez egien” joko hori bera baliatu zuen Gimenok. Espezialitate horretako profesionalen eskaria ontzat eman eta Hezkuntza departamentuari igorriz, Patxi Vera Arartekoak Lanbide Heziketa Berezian aritzen diren irakasleentzako osagarria eskatu zuen, DBHn aritzen direnek jasotzen duten bezala. Carlos Gimenok, ordea, adarretatik joanez erantzun zuen, eta LH Bereziaz hitz egin ordez, Oinarrizko LHaz aritu zen (eta Pedagogia Terapeutikoko irakasleek ezin dute hor lan egin). Beraz, gaiarekin zerikusirik ez duen arlo bat erabili zuen Gimenok bere erantzuna “justifikatu” eta irakasle hauei osagarria ukatzeko.

Aurrekoak bezalako adierazpenek eta Hezkuntza departamentuaren zenbait ekintzak bi arrazoi baino ez ditzakete izan LABen ustez: edo bere eginkizunak garatzeko erabateko gaitasunik eza du Gimenok, edo ez du erakusten egiarekiko batere begirunerik.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Langile bat larriki zauritu da Zierbenan, makina batek azpian harrapatuta

Haizea Wind enpresak azpikontratatutako 48 urteko langilea Superportuaren barruan ari zen beharrean. Galdaragintza-sailean zegoen, eta makina batek harrapatu eta bi hankak moztu dizkio. Langileek laguntza psikologikoa behar izan dute eta igandera arte itxita egongo da enpresa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak ebatzi du CAFek titulatuei ere antzinatasuna bosturteko gisa ordaindu behar diela #LortuDugu

Duela bi urte (2022ko maiatzaren 16an), LABek bultzatuta, Enpresa Batzordeak demanda kolektiboa jarri zuen langile titulatuei antzinatasuna ordaintzea eskatzeko, hau da, bosturtekoak gainerako langileei bezala ordaintzeko.

%100eko jarraipena Cementos Rezolako greba mugagabeko lehen egunean

Gaur abiatu dute Cementos Rezolako Añorgako lantegiko langileek greba mugagabea, zuzendaritzak 56 langile kaleratzeko dituen asmoen aurrean. Enpresa gelditu dute langileek, %100ak egin baitu bat LAB nagusi duen enpresa-batzordearen deialdiarekin bat. Elkarretaratze bi egin dituzte, lehena 7:30etik 8:30era eta 10:00etan bigarrena. Gainera, auzokideen babesa ere jaso dute.