2024-06-30
HomeEkintza SindikalaEuskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak ebatzi du CAFek titulatuei ere antzinatasuna bosturteko...

Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak ebatzi du CAFek titulatuei ere antzinatasuna bosturteko gisa ordaindu behar diela #LortuDugu

Duela bi urte (2022ko maiatzaren 16an), LABek bultzatuta, Enpresa Batzordeak demanda kolektiboa jarri zuen langile titulatuei antzinatasuna ordaintzea eskatzeko, hau da, bosturtekoak gainerako langileei bezala ordaintzeko.

2023ko urrian, gai horri buruzko epaiketa egin zen, eta urte bereko azaroan, Donostiako Lan Arloko 1º Epaitegiak ukatu egin zuen batzordearen eskaera, eta arrazoia eman zion enpresari.

Horren aurrean, ados ez zegoenez eta gaiak oraindik bide judiziala bazuela ikusita, epai horren aurkako helegitea aurkeztu zuen batzordeak EAEko Auzitegi Nagusian. Bada, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman dio, eta langile tituludunei ere antzinatasuna ordaintzera behartuko du CAF.

Enpresak ebazpen hori Auzitegi Gorenean errekurritzeko aukera du, baina hala egitea erabakitzen badu, ibilbide juridikoa oso zaila da enpresarentzat. Errekurtso horretan epai irmo bat aurkeztu beharko lukete, langileen ordezkaritzari arrazoia eman dionaren antzekoa, baina kontrakoa dioena, eta hori oso zaila da. Zuzendaritzak denbora irabazteko edo amorrualdi gisa eman dezake pauso hori. LABek Zuzendaritzari eskatzen dio gauzak gehiago ez nahasteko eta azken epai hau onartzeko. Epaia irmoa denean eta, beraz, enpresa onartzera behartuta dagoenean, antzinatasunaren ordainketak automatikoa izan beharko du. Une horretan, epaia zein atzeraeraginezko izaerarekin aplikatzen den eztabaidatu beharko da.

Antolakuntzaren eta borroka sindikalaren balioa azpimarratu du LABek. Titulatuen aparteko orduen kontrol eta konputatzearekin batera, gaurko epaiak mugarri historikoa ezartzen du CAFen. Urte luzez aldarrikatu eta borrokatu duenaren fruituak jasotzen ari da LAB.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Langile bat larriki zauritu da Zierbenan, makina batek azpian harrapatuta

Haizea Wind enpresak azpikontratatutako 48 urteko langilea Superportuaren barruan ari zen beharrean. Galdaragintza-sailean zegoen, eta makina batek harrapatu eta bi hankak moztu dizkio. Langileek laguntza psikologikoa behar izan dute eta igandera arte itxita egongo da enpresa.

%100eko jarraipena Cementos Rezolako greba mugagabeko lehen egunean

Gaur abiatu dute Cementos Rezolako Añorgako lantegiko langileek greba mugagabea, zuzendaritzak 56 langile kaleratzeko dituen asmoen aurrean. Enpresa gelditu dute langileek, %100ak egin baitu bat LAB nagusi duen enpresa-batzordearen deialdiarekin bat. Elkarretaratze bi egin dituzte, lehena 7:30etik 8:30era eta 10:00etan bigarrena. Gainera, auzokideen babesa ere jaso dute.

Lantokietan aske!

2024ko ekainaren 28 honetan, sexu askatasuna aldarrikatu nahi dugu, baita lantokietan ere. Aske izateko neurri eraginkorrak behar ditugu. Zuriketa arrosari ez!