2024-09-27
HomeEkintza SozialaLangabe kopuruak gora egin du prekarietateak sortutako ezengonkortasunaren ondorioz

Langabe kopuruak gora egin du prekarietateak sortutako ezengonkortasunaren ondorioz

Hego Euskal Herrian 1.087 langabe gehiago daude Enplegu Zerbitzuetan izena emanda ekaineko datuekin alderatuta, eta orotara 153.626 langabe daude, uztaileko datuen arabera. Erregistratutako langabeziak gora egin du herrialde guztietan, Araban izan ezik, bertan 111 langabe gutxiago erregistratuta baitaute. Aipagarria da langabeziaren igoera hau bere osotasunean Zerbitzu sektorean eman dela, bertan 1.500 langabe gehiago erregistratu baitira ekainetik uztailera.

Hilabeteotako datuetan eragin handia izan ohi dute udari begira egindako kontratazioek. Jakina da Estatuan enpleguaren estazionalitatea handia zela lehendik ere, turismoan oinarritutako eredu ekonomikoa dela eta. Euskal Herrian geroz eta gehiago nabaritzen ari da turismo eredu jakin baten aldeko politikek enpleguan sortzen dituzten ondorioak; behin-behinekotasuna eta prekarietatea. Gaurko datuek garbi uzten dute sortzen den enpleguak ez duela iraunkortasunik eta langileen artean errotazio handia dagoela.

Ez da harritzekoa Estatuan dagoen behin-behinekotasun tasarik altuenetakoa Euskal Autonomia Erkidegoan egotea. Enplegu partziala ere bereziki zabaltzen ari da eta gaur egun partzialitate tasa %25 baino altuagoa da Hego Euskal Herrian.

LABen ustez, nahiz eta urte osoa kontutan hartuta erregistratutako langabezia nabarmen jaitsi den, hauek ez dira inor zoriontzeko datuak. Garbi dago enplegu berria sortzeko arazoak daudela, turismoak eragiten duen behin-behineko enplegua ez bada behintzat. Sortzen ari diren baldintzak emakume eta gazteei bereziki zuzenduta daude, lan merkatuan babes maila txikien daukaten kolektiboei.

Instituzioek benetako enplegu politika eraginkor bat martxan jartzeko inongo gogorik ez dutela argi dago. Estatistikak makilatzeko ahal den eta jende gehiena lan merkatutik ateratzen dute; ikusi besterik ez dago zein aktibitate tasa baxuak dauden Hego Euskal Herrian. Hau guztia gutxi ez balitz, geroz eta babes maila txikiagoa dute langabeek.

Ez gara egoera honetatik aterako neurri urgenteak hartzen ez badira: inbertsio ekoizpen publiko eta pribatua, inbertsioa zerbitzu publiko eta enpleguaren sorreran, Europako Karta Sozialaren araberakoa izango den lanbide arteko gutxieneko soldata, lanaldia murriztea eta enpleguaren sorrera sektore publiko zein pribatuan eta 1.080 euroko gutxieneko soldata soziala.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Osakidetzaren inguruko akordioak agerian utzi du orain arte egin diren langileekiko politikak aldatu behar direla

EAEko parlamentuan gaurko egunez EAJ, EHBildu eta PSE alderdiek onartu duten akordioak baieztatu egiten ditu sindikatutik eremu horretan salatu izan ditugun arazoak.

Garraiolari bat hil da lan-istripuz Nafarroan

Gaur goizean langile gipuzkoar bat zendu da gai arriskutsuak garraiatzen ari zela Lodosan. 2024an dagoeneko 10 garraiolari hil dira Euskal Herrian. Orotara, 43 langile hil dira lan istripuz, laneko gaitzak aintzat hartu gabe.

Enplegu-zentro berezietako langileen lan-eskubideak benetan eta eraginkortasunez arautzea eskatzen dugu

Joan den irailaren 23an, EHLABEk, enplegu-zentro berezien patronalak, Mikel Torres EAEko lehendakariordearen eskutik, sei urteko gizarteratze eta laneratze proiektua aktibatu zen. Honen helburua aniztasun funtzionala duten 2.000 pertsona baino gehiago prestatzea, gizarteratzea eta laneratzea da; Lan-Aukera izena eman zaio, eta Europar Batasunak finantzatuko du, 10 milioi eurotik gorako aurrekontuarekin.