2025-01-06
HomeEkintza SozialaNafarroako aurrekontuak 2019: Kontseilu Ekonomiko eta Sozialaren bilera utzi dugu, itxurakeria hutsa...

Nafarroako aurrekontuak 2019: Kontseilu Ekonomiko eta Sozialaren bilera utzi dugu, itxurakeria hutsa dela salatzeko

Gaur Kontseilu Ekonomiko eta Sozialaren bilkura egin da, urte honetan egindako bakarra, hurrengo urterako aurrekontuen aurreproiektuari buruz aritzeko. Bilera hasi baino lehenago LABeko bozeramaile Igor Arroyok gutuna eman dio Aranburu Kontseilariari eta bilkuratik alde egin du, gaurko bilkuraren itxurakeria salatzeko.

Aipatutako gutunean, Akordio Programatikoaren konpromisoetako bat Kontseilu Ekonomiko eta Soziala sustatzea dela oroitarazi dio LABek Aranbururi. Alabaina, aipatutako gunearen dinamika aurreko legegintzaldien antzekoa izango da: urtean behin baino ez da bildu izan eta gainera bilera hori aurrekontuak Parlamentura bidali aurreko tramite hutsa bailitzan hartu du Gobernuak. Pasa den urtean LABek argi adierazi zuen ez zegoela jarrera hori beste urte batez onartzeko prest eta, aldaketarik egon ez denez, gaurko bilkuran parte hartzeari uko egin dio.

Nafarroako Gobernuak aurkeztutako aurrekontuei dagokionez, Nafarroako Gobernuko langileei bideratutakoa hazi da (eroste ahalmenaren berreskurapenik eta enplegatu publikoekiko zorraren aitortzarik gabe bada ere) eta baita hezkuntzara bideratutakoa ere (LABek sustatu eta sinatutako Hezkuntza Itunaren ondorioz batik bat). Hala ere, indarrean jarraitzen dute eredu ekonomiko eta sozialaren sakoneko aldaketa bideratzeko oztopo diren bi egiturazko mugapenak.

Lehenik eta behin, aurrekontuaren parametro nagusienak Madrilen ezartzen dira eta, Nafarroako Parlamentuak Kupoaren birnegoziaziotik eratorriko superabitaren zati bat inbertitzea defendatuz Espainiako Gobernuarekiko jarrera autonomoa mantendu badu ere, ez zaio Nafarroaren burujabetza ezaren auziari behar bezala heldu. Nafarroaren autonomia, fiskalitate eta aurrekontu politikari dagokionez, oso mugatua da, bankaren zorrak instituzio publikoen bizkar gainean uzteko Madrilek ezarritako arauen menpe baitago.

Bigarrenik, aurrekontuak langileon ekarpenean oinarritzen dira hein handi batean. Patronalak asko irabazten jarraitzen du, areago hazkunde garai honetan, eta ekarpen urria egiten du. Horren erakusgarri da honako datu hau: Barne Produktu Gordinetik Patronalak bereganatzen duen zatia 2006ko %42,3tik oraingo %47,1ra igaro den bitartean, Elkarteen Zerga %35etik %28ra igaro da epealdi berean. Geroa Baik legegintzaldiaren hasieran hartu zuen erabaki politikoaren ondorio da hori, Uxue Barkos lehendakaria enpresek Nafarroan beste lurraldeetan baino gutxiago ordaintzeaz harro azaldu zenean. Geroa Baik CENaren aldeko politika egin du, nola zerga politikan hala Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluari eustean edota Moderna Planaren bertsio berritua sustatzean.

Egoera honen aurrean, LABek mobilizazioetara joko du bestelako eragile sozialekin batera, aurrekontu parte-hartzaile, burujabe eta sozialak aldarrikatzeko.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Industria sektorearen gainbeherak lan baldintzak prekarizatzen ditu eta enpleguaren kalitatea okertu

Hego Euskal Herrian 137.735 langabe zeuden 2024ko abenduan, aurreko urtean baino 37 gutxiago. Nafarroan eta Bizkaian, aldiz, langabeziak gora egin du (hurrenez hurren, 367 eta 309 langabe gehiago daude). Pasa den urtearekin alderatuz, Hego Euskal Herriko langabe kopurua antzerakoa izan arren, sektoreka ezberdintasunak daude eta horrek, zuzenean eragiten du enpleguaren kalitatean.

[IRITZIA]: UPNren boto emaileak eta fiskalitatea

Imanol Karrera LABeko Nafarroako bozeramaileak fiskalitatearen inguruko iritzi-artikulua idatzi du.

Gutxienez 63 langile hil dira lan-istripuan 2024an

Gaur, urtarrilaren 2an, jakin dugu I.P.C. 41 urteko langilea hil zela abenduaren 30ean Zornotzako Forest Trafic SL enpresan. Hildako langilea inbentario-lanak egiten ari zen biltegian orga jasotzaile batekin, eta garraiatzen ari zen zamaren zati bat gainera erori zitzaion, ezagutzen ez ditugun arrazoiengatik.