2025-01-08
HomeLAB SindikatuaLABCOVID-19aren ondorioz hil den Lesakako Arcelor Mittal-eko langilearen heriotza salatzen dugu

COVID-19aren ondorioz hil den Lesakako Arcelor Mittal-eko langilearen heriotza salatzen dugu

Gaur, apirilak 11, Lesakako Arcelor Mittal-eko 58 urteko langile baten heriotza tamalgarriaren berri eman nahi dugu. Ezer baino lehen, gure babesa eta doluminak helarazi nahi dizkiegu senide eta lagunei, eta gure burua eskaini beharrezko iritzitako ekintza guztiak egiten laguntzeko. Langile horrek, Lesakako Arcelor Mittal-eko lantokiko kide izan arren, margolari gisa egiten zuen lan Arcelor Mittalek Lesakatik gertu duen Legasako lantegian.

Heriotza hori saihestu zitekeen. LABek enpresari ohartarazi zion segurtasun-neurriak hartu behar zirela, are gehiago martxoaren 13an sintomak bazituen lehendabiziko langilea etxera bidali zutenean, baina ez zitzaigun jaramonik egin, eta horregatik LABek salaketa bat jarri zuen Lan Ikuskaritzan martxoaren 17an segurtasun-neurri handiagoak eskatzeko.

Gaur egun, enpresak berak emandako datuen arabera, gutxienez 13 langile daude baja-egoeran COVID-19rengatik, eta beste batzuk berrogeialdian daude. Baina ez da lantegi horietara mugatzen den egoera bat ere; izan ere, multinazionalak dituen beste lantegi batzuetan kutsatutako langile gehiago daude.

Heriotza hau astindu izugarria da, egungo egoeraren larritasunaren berri ematen baitigu, eta segurtasun neurriak zorroztu eta funtsezkoa ez den jarduera oro geldiaraztera behartzen gaitu. LABek Lan Ikuskaritzari exijitzen dio hildakoaren lantokira joan, gertatutakoa ikertu eta jarduera oro geldiarazteko, lan baldintza seguruak egon arte. Era berean, langileen osasuna onura ekonomikoaren gainetik lehenesteko eta jarduera oro geldiarazteko eskatzen diogu multinazionalari, langileen ordezkariekin adostutako segurtasun-protokolo eraginkor bat eduki arte. Ez dugu fabrikara onik sartu eta hilkutxa batean irten nahi.

LABek dei egiten die langileei heriotza hau salatzeko deituko diren ekimen eta mobilizazioetan parte hartzera.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

2024ko azken lan heriotza salatu dugu Zornotzan

LAB, ESK, STEILAS, EHNE-etxalde eta HIRU sindikatuok kontzentrazioa egin dugu Zornotzako Boroa enpresa-parkean, Forest Trafic enpresaren aurrean. Abenduaren 30ean I.P.C. 41 urteko langilea hil zen enpresan. Langilea inbentario-lanak egiten ari zen biltegian orga jasotzaile batekin, eta garraiatzen ari zen zamaren zati bat gainera erori zitzaion.

ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiruk gutxieneko soldata propio baten aldeko Herri Ekimen Legegileak erregistratu ditugu Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan

Hego Euskal Herriko errealitate sozioekonomikoa eta sindikala isladatuko duen LGS berria burujabetzaren aldeko aurrerapausoa izango litzateke. Lanbidearteko Akordioa eta Herri Ekimen Legegilea bide osagarriak direla ulertuta, bi bide horiek lantzearen alde egiten dugu.

2025eko lehen lan heriotza eraikuntzan izan da

2025a hasi besterik egin ez denean, lanak eta patronalak eragindako prebentzio faltak lehen hildakoa utzi dute. Baskonia Alavesentzako lanean diharduen azpikontrata sare batek eragin du istripua. Zehazki, Construcciones Urrutiak azpikontratatutako Excavaciones Mendiola enpresarentzako lanean ari zen 51 urteko langilea, lurra mugitzeko makinak harrapatuta hil da Gasteizen, eraikuntza lanetan.