2024-09-27
HomeLAB SindikatuaNazio BiltzarraBorroka Kutxa indartu dugu prekarietateari aurre egiteko

Borroka Kutxa indartu dugu prekarietateari aurre egiteko

LAB sindikatuaren Batzar Nazionalak 2010ean sortutako Borroka Kutxaren araudia berritu egin du.

Egindako aldaketek tresna hori indartzea dute xede, bi norabidetan. Alde batetik, Borroka Kutxaren kobertura handitu da, kasuistika berria aintzat hartuz (kaleratze ideologikoak), Kutxatik laguntza jasotzeko beharrezkoak diren greba egunak murriztuz eta greba egun bakoitzeko jasoko den kopurua handituz. Beste alde batetik, ez afiliatuek Borroka Kutxaren laguntza eskuratzeari atea ireki zaio, afiliatu eta Borroka Kutxa jasotzeko beharrezkoa den sei hilabeteko afiliazio antzinatasuna atzera eraginkortasunez ordaintzeko aukera emanez.

Aldaketa hauen bidez, prekarietatea gehien pairatzen duten eta horren sindikalizatuta ez dauden sektoreei (horietako asko feminizatuak) borroka tresnak eskaini nahi dizkie LABek, duela urte bete Gasteizen egindako IX. Biltzar Nagusiaren ildotik.

Era berean, beste eredu batzuekiko ezberdintzen duten Kutxaren sortze ezaugarriei eusten die LABek. Lehenik eta behin, lanaldi partzial inposatua duten langileekiko diskriminazio positiboa mantentzen da (lanaldi osokoen kopuru bera jasotzen dute greba eguneko), baita gehieneko kobertura maila ere (dagokion hilabetean jasotako soldata eta Kutxaren ekarpenak ezin izango dute 1.500 euro gainditu); era honetan, gehien behar duten horiek babestea da Kutxaren lehentasuna. Bigarrenik, Kutxa, grebetarako ez ezik, ekintza sindikalaren ondorioz jasotako isun eta zigorrei aurre egiteko ere erabiltzen da, 10.000 euro bitarteko kobertura bermatuz; horri esker, Mozal Legea eta bestelako neurri errepresiboek ez dute sindikatuaren ekintza sindikala baldintzatzen.

Jatorrizko araudia nahiz egindako aldaketak kontutan hartuta, sindikalgintza eta bere lorpenak indargabetzeko Patronalaren taktika ezberdinei (hala nola grebetan langileak ekonomikoki itotzea, isun eta zigorrak ezartzea edota kaleratze ideologikoak egitea) aurre egiteko babes eraginkorra eskaintzen du Borroka Kutxak. LABentzat Borroka Kutxa ez da helburu bat bere baitan, baizik eta borroka tresna bat. Azken lan erreformak nahiz negoziazio kolektiboaren erreformak Patronalari emandako botereari aurre egiteko, greba eraginkorren eta ekintza sendoen beharra berresten du LABek.

Hona hemen afiliatu guztien ekarpenaz elikatutako Borroka Kutxa berrituak eskaintzen duen kobertura:

• Isun eta fidantzak. 10.000 euro bitartean.
• Prozesu penaletako aholkularitza eta kostak.
• Enpresak ezarritako zigorrak.
• Kaleratze ideologikoak. Arrazoi ideologikoengatik kaleratutako langileak Borroka Kutxaren laguntza izango du epaiketa arte, greban jasoko lukeen baldintza berberetan.
• Grebak. Hirugarren egunetik aurrera, eguneko 25 euro jasoko dira (750 euro hilero), hala lanaldi osoan nola lanaldi partzial inposatuan. Soldata netoa eta Kutxaren hileko baturak ezin izango du ohiko soldata gainditu, ez eta 1.500 euroko kopurua.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Osakidetzaren inguruko akordioak agerian utzi du orain arte egin diren langileekiko politikak aldatu behar direla

EAEko parlamentuan gaurko egunez EAJ, EHBildu eta PSE alderdiek onartu duten akordioak baieztatu egiten ditu sindikatutik eremu horretan salatu izan ditugun arazoak.

Garraiolari bat hil da lan-istripuz Nafarroan

Gaur goizean langile gipuzkoar bat zendu da gai arriskutsuak garraiatzen ari zela Lodosan. 2024an dagoeneko 10 garraiolari hil dira Euskal Herrian. Orotara, 43 langile hil dira lan istripuz, laneko gaitzak aintzat hartu gabe.

Enplegu-zentro berezietako langileen lan-eskubideak benetan eta eraginkortasunez arautzea eskatzen dugu

Joan den irailaren 23an, EHLABEk, enplegu-zentro berezien patronalak, Mikel Torres EAEko lehendakariordearen eskutik, sei urteko gizarteratze eta laneratze proiektua aktibatu zen. Honen helburua aniztasun funtzionala duten 2.000 pertsona baino gehiago prestatzea, gizarteratzea eta laneratzea da; Lan-Aukera izena eman zaio, eta Europar Batasunak finantzatuko du, 10 milioi eurotik gorako aurrekontuarekin.