2025-03-14
HomeLAB Sindikatua9. Biltzar Nagusia"Burujabetza oinarri duen mugimendu baten aldeko apustua da gurea, bizi eta lan...

“Burujabetza oinarri duen mugimendu baten aldeko apustua da gurea, bizi eta lan baldintzak hobetuko dituena”

LABen 9. Biltzar Nagusiaren harira antolatutako solasaldi zikloa Bilbora iritsi zen atzo, eta Gasteizen izango da gaur, 18:00etan, Oihaneder kultur etxean. Bea Martxuetak eta Igor Arroyok “Aldaketa sozialaren garaia, sindikalgintza borroka sozialetan” solasaldia egingo dute, atzoko hitzaldian ukitutako gai bera. Hain zuzen ere, Bilbon, bi solaskideek garbi utzi zuten LABen helburua klase sindikalgintza indartzea dela.

LABeko ordezkari Bea Martxuetak eta Igor Arroyok jarraipena eman zioten atzo sindikatuak antolatutako solasaldi zikloari. Otsailean hasi eta maiatzaren 24era arte, askotariko gaiak landuko ditu LABek, guztiak datozen urteetako sindikatuaren lerroan zentralitatea izango dutenak. Andoainen izan ginen solasaldi zikloari hasiera emateko, eta han des-herria kontzeptuari buruz aritu ginen hizketan. Iruñean eta Donostian, berriz, burujabetzari buruz hitz egin genuen otsailaren 21 eta 23an. Bada, Bilbon izan ginen atzo, sindikalgintzak borroka sozialei zein ekarpen egin ahal dien azaltzeko. Gai bera jorratuko dute gaur, Gasteizen, Martxuetak eta Arroyok eurek.

Bilboko mahai inguruari dagokionez, sindikalgintza lehen mugimendu soziala izan zela gogoratu eta gero, Martxuetak esan zuen bizitza eta kapitalaren arteko borrokaz hitz egin behar dugula gaur egun, lana eta kapitalaren arteko gatazkaz gain. Hala, LABek klase sindikalgintza indartzeko helburua duela berretsi zuen, baita sindikatuaren hautua nabarmendu ere: “Burujabetza oinarri duen mugimendu baten aldeko apustua da gurea, bizi eta lan baldintzak hobetuko dituena”.

Martxuetak adierazi zuen Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta “estrategikoa” dela LABentzat, eta Arroyok zehaztu zuen tresna horrek, protestarako edukiak ez ezik, proposamenak ere jasotzen dituela. Arroyok azaldu zuen aldaketa soziala behetik etorriko dela, tokian tokitik: “Burujabetza konkistatzeari buruz ari gara”.

Maiatzeko Biltzar Nagusia "elkarlanerako ekintza berritzeko" momentua dela jakinarazi zuen, eta mugimendu sozialekin aliantza estrategikoak indartzeko unea ere badela berretsi zuen.

Atzoko solasaldiak jarraipena izango du gaur Gasteizen, 18:00etan, Oihaneder kultur etxean. LABek herritar guztiak gonbidatu nahi ditu, eztabaida aberasgarriagoa izan dadin.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek salatzen du EEEren negoziazioan argi geratu dela Guardianek duela asko zuela programatua lantegiaren itxiera

LABetik gure erabateko gaitzespena adierazi nahi diogu Guardianek aurkeztutako kaleratze kolektiborako espedienteari. Erabaki honek 171 lanposturen suntsiketa eta eskualdeko enpresa enblematikoenetako bat ixtea ekarriko du. Ez ditugu onartzen enpresak neurri drastiko hau justifikatzeko emandako arrazoiak, ez baititu behar bezala frogatu. Are gehiago, EEE aurkezteko aipatzen dituzten arrazoiak multinazionalak berak eragindakoak dira.

LABek MFS Trapaga Sintering-en itxiera salatzen du, 107 langileren kaleratzea ekarriko duena

MFS Trapaga Sintering enpresako langileak beren lanpostuak salbatzeko borrokan ari dira berehalako itxieraren aurrean. Bihar ostirala, EEEaren lehen bilera egunean, greba eguna izango dute eta elkarretaratzea egingo dute lantegiaren aurrean, 9:00etatik aurrera.

Oiongo kiroldegiko langileei zor dizkien soldatak ordaintzea eskatzen dio LABek Ocio Sport-i

LAB sindikatutik gure gaitzespenik gogorrena adierazi nahi dugu Ocio Sport Riojako langileek bizi duten egoera kritikoaren aurrean, beren soldatak sistematikoki ez kobratzeari aurre egin behar baitiote.