2024-12-23
HomeZerbitzu PublikoakGarraioaTxartel bakarraren aldeko manifestu bat aurkeztu dugu Bilbon

Txartel bakarraren aldeko manifestu bat aurkeztu dugu Bilbon

Bizkaiko Garraio-sistema Publikoa Bateratu eta Txartel Bakarraren aldeko Foroak aurkezpen agerraldi bat egin du Bilbon. Hain zuzen ere, Foroa LAB, ELA, CCOO, UGT ESK eta LSB/USO sindikatuok eta hainbat gizarte eragilek osatzen dugu; Bilboko Auzo Elkarteen Federazioa, Euskadiko Gazteriaren Kontseilua (EGK), Eguzki, Ekologistak Martxan, Ernai, Gazte Komunistak, Ikasle Abertzaleak eta Ikasle Ekintzak, kasu. Gaurko prentsaurrekoan, Garraio publikorako txartel bakarraren aldeko manifestua aurkeztu dugu.

Hauxe da manifestua:

Garraio publikoa herritar guztien mugikortasuna bermatu behar duen motor nagusietako bat da, funtsezko elementua hiri eta udalerrien funtzionamendu egokirako.

Garraio publikoko sistema on batek eskualde guztien mugikortasun eraginkorragoa eta garapen ekonomiko hobea ekarri behar du. Ekitate soziala bermatu behar du, joan-etorriak askatasunez eta baldintza berdinetan egiteko eskubidea, erabiltzaileen inguruabarrak kontuan hartuz. Elkartasun-irizpideetan oinarritu behar du, izaera soziala lehenetsiz ordutegi, tarifa, ibilbide eta abarretan, errentagarritasun ekonomikoko parametrotan ezarri gabe.

Garraio publikoa pribatua baino lau bider merkeagoa da eta, gainera, mugikortasun iraunkorragoaren funtsezko zutabeetako bat da: auzo, herri eta hiri garbiagoak, seguruagoak, sozialagoak eta kutsadura gutxiagokoak ematen dizkigu, efizientzia energetikoa eta kutsadura-mailak gutxitzea dakarrenez gero.

Orain arte, erakundeek kezkatzeko moduko ikusmira eta etorkizun-ikuspegirik gabe aplikatzen dituzte mugikortasun-politikak, garraio pribatuaren nagusitasuna eta ondoriozko mendetasuna sustatuz, eta gaitasun handiko bide-azpiegiturak eraikitzea lehenetsiz, gizartean, ekonomian eta ingurumenean duten oihartzuna eta eragina aztertu gabe. Horrela, garraio publikoa eta ibilgailu pribatua berdintasunean garatzea eragozten da.

Azpiegitura erraldoi horien ordez (autobideak, erdiguneko aparkaleku handiak) garraio publikoa sustatzeko ekintzak egin beharko lirateke, hots, bizikleta-erreiak, garraio publikorako errei esklusiboak, disuasio- aparkalekuak, intermodalitaterako pizgarriak, eta abar.

Gainera, garraio-alorreko politika publikoek beste gabezia handi bat ere badute, plangintzarik ez dutela, alegia. Sarritan sumatzen dugu erabakiak unean-unean hartzen direla, edo hauteskunde-interesek eraginda, gizarte osoaren ongia kontuan izan gabe. Horregatik, jarduera guztiak eskualde ezberdinen gabeziak kontuan hartu eta denen mugikortasun-beharrak asetzeko azterlan eta planen eskutik etorri behar dira, herritarren eskatzen duten informazioa eta parte hartzea, eta ingurumena errespetatuz beti.

Horregatik guztiarengatik, guk jarraibide hauek planteatzen ditugu Bizkaiko garraio publikoaren etorkizun hurbila markatuko duten politika eta jardueren oinarri modura:

• IBILBIDE BERA, TARIFA BERA, BERDIN DA ZEIN GARRAIOBIDE ERABILTZEN DEN.
Metroko joan-etorriak soilik saritu eta merkatzen dituen eta gainerako operatzailetan egiten direnak garestitzen dituen oraingo ereduaren aldean. Ez dugu ulertzen zergatik ordaintzen diren tarifa ezberdinak bidaia bera egiteko zein garraiobide erabiltzen den arabera. Bidaia bera, zenbateko bera.

• ZENBAT ETA GARRAIO PUBLIKOA GEHIAGO ERABILI HAINBAT ETA MERKEAGOA TXARTELA
Epe-txartelen erabiltzaileek egiten dituzte bidaia gehien, eta garraio publikoaren bezerorik fidelenak dira. Partzuergoaren txartel berriek, ordea, beraiei garestitu diete gehien bidaia. Garraio publikoa erabiltzea sustatu behar badugu, zerbitzu hori gehien erabiltzen dutenak saritu beharko ditugu. Arian-arian, zenbat eta bidaia gehiago hainbat eta merkeagoa prezioa.

• TXARTELAREN PREZIOA PERTSONAREN ERRENTAREN ARABERA
Diru-sarrera gutxien duten pertsonek garraio publikoa eskura izateko urratsak egin behar dira, adinaren araberako tarifa-sistema gaindituz. Baliabiderik gabeko pertsonek, gazteek eta ikasleek, langabeek eta diru gutxi dutenek ezin dute errenta altuko edo ondare oparoko jendeak beste ordaindu. Bizitza-maila eta baldintzen erreferentziak ere mantendu beharko dira, tarifak neurri gabe ez garestitzeko. Zenbat eta txikiagoa errenta, hainbat eta merkeagoa txartela.

• ZERBITZU PUBLIKOA ETA KALITATEZKOA BERMATZEA
Herritarrek garraio zerbitzurik onena izatea nahi dugu, dauden lanpostuak bermatuz. Saihestu behar da “metro- sistema” erdigunean jartzen duen eredua sortzea, gainerako operatzaileak baztertuz. Kalitatezko zerbitzua erakunde, herritar eta langileentzat.

• ERAKUNDE BAKARRA GARRAIO PUBLIKOAREN OPERATZAILE GUZTIAK KOORDINATZEKO
Bizkaiko Mugikortasunaren Agintaritza sortzeak operatzaileak elkarren osagarri izatea sustatu behar du, bikoizketak eragotzi eta lehiarik ez pizteko, zerbitzuaren kalitatea hobetuko bada. Eragile sozialen eta erabiltzaileen iritziak eta parte hartzeak ere izan behar dute tokia. Koordinazioa, bateratzea eta herritarren parte hartzea.

• BIZKAIA OSOAN ERABILGARRIA
Bizkaiko Garraio Partzuergoak proposatzen duen sistemak hiriburutik urrunen dauden eta, aldi berean, metro- sistema bateraturik eskura ez duten udalerriak zigortzen ditu. Guk, ordea, Bizkaia osorako sistema justuagoa proposatzen dugu. Bizkaiko eskualde guztien lurralde-kohesioa bermatuko duen sistema, muga-gune eta alboko herrialdeetan ere erabilgarria. Euskarri bakarra garraio publiko guztirako.

Manifestu honen xedea Bizkaiko Garraio Publikoaren zerbitzua hobetzea da, erakundeen, gizarte osoaren eta sektoreko langileen onerako.

Mugikortasuna hobetuko bada, garraio publikoa hobetu, sustatu eta erabiltzea saritu behar da, bestela jai dugu.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...