2025-01-15
HomeMaiatzaren Lehena 2016Maiatzak 1. Langileok martxan eskuBIDEAK aktiBATU!, Euskal Herria contra la precariedad

Maiatzak 1. Langileok martxan eskuBIDEAK aktiBATU!, Euskal Herria contra la precariedad

Langileok martxan gara, EskuBIDEAK aktiBATUZ, Euskal Herrian prekarietatea garaitzeko. Iazko Maiatzaren Lehenean LABetik genion ez genuela hazkunde ekonomikoko fase berri hau sendotzen eta egonkortzen lagunduko, elite ekonomiko eta politikoek, beren aberastasuna bermatzeko, gehiengo soziala miseriara kondenatzen dutelako.

Orduan esandakoan berresten gara gaur. Eskubide sozialen eta lan eskubideen likidazioaren kontrako borrokan jarraitzen dugu. Ekinbide sindikala egokitu dugu prekarietatearen aroari aurre egiteko. Lan baldintza kaskarren kontra, pobreziaren eta bazterketaren kontra, krisi sozial larria da LABen lehentasuna eta gure borrokaren ardatza. Ez dugu orain 10 urteko egoerara itzuli nahi. Egoera irauli nahi dugu eta horretarako arazoaren muinera jo dugu: lan baldintza eta eskubideen prekarizazioan oinarritzen den lan mundua, herritarrak babesik gabe uzten dituen eredu soziala eta herriari erabakitzeko eskubidea lapurtu dion eredu politikoa.

Emergentzia sozialeko egoerari erantzun, lan munduan gaur dugun errealitatea irauli eta alternatiben eraikuntzan aurrera egin ahal izateko antolatu da LAB. Antolatu eta aktibatu egin gara, sektore ezberdinetako langileei, prekarioenak kasu, borroka beraren baitara bideak batzeko eskaintza sindikal zehatza eginez.

Borrokak piztuz, mobilizazioak eta gatazkak hauspotuz krisi soziala eta prekarietatea lehen mailako arazo nazional bihurtu behar ditugu, agenda politiko-instituzionalaren erdian jarri. Lan munduaren egoera ez da arazo laboral bat, inposatu zaigun eredu sozioekonomiko basatiaren isla, baizik. Pentsio sistema propio bat, Lan Harremanetako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua, kalitateko zerbitzu publikoak… burujabetza ariketak eskatzen dituzten afera politikoak dira guztiak. Eta arazo politikoek irtenbide politikoak eskatzen dituztenez, borondaterik ez dagoen tokian behartu egin beharko dugu.

Gero eta gehiago dira sindikalismoaren funtzio historikoen eraginetik kanpo geratzen ari diren langileak: lan mundutik at, negoziazio kolektiboaren babesik gabe, prestazioetara eta orohar zerbitzu publikoetara sarbidea ukatuta. Errealitate horri aurre egiteko badugu eskaintza sindikal sendo bat, lan munduaren gaurko egoerari erantzuten diona. Martxan gara, eta ez bakarrik salaketa eta erantzun dinamiketan, alternatiba zehatzen defentsan ere bai. Aberastasunaren eta lanaren banaketa dira gakoak: 1.200 euroko gutxieneko soldata eta 35 orduko lanastea, emakumeengana neurri hauek iristeko politika zehatzak; lan osasuna ziurtatzeko neurriak eta euskaraz lan egiteko eskubidea bermatzea. Bost urrats hauek ematen badira langileen egoera goitik behera aldatuko da.

Ekintza sindikal gaurkotuarekin eta aktibazioaren bidetik, lan zentruak patronalari eredu soziala eta laborala borrokatzeko eta boterea lehiatzeko eremu bilakatzea dugu helburu. Eta ez gaude bakarrik, emakumeekin, gazteekin, pentsiodunekin, eskuz esku dihardugu lan eta bizi baldintza duinen aldeko borrokan.

Sindikalismo independentistak aipatutako erronka horiei guztiei aurre egiteko gai izan behar du. Aldaketa eragiteko baldintzak baditugu: badugu mugimendu sozial eta sindikal indartsu bat, Karta Sozialaren bueltan, Euskal Herrian alternatibak proposatu, saretu eta elikatzeko. Bagara antolatzeko eta borrokatzeko gaitasuna duen Herria.

Baditugu aldaketa prozesua indartzeko, sendotzeko eta azkartzeko baldintzak. Badugu aldaketa sozial eta laboralak behartzeko sindikalismo borrokalari bat.

Baditugu alternatibak, bagara alternatiba.

Maiatzaren Lehenean ere kalean izango gara. 

Gora langile borroka! Gora LAB!
  

M1. DEIALDIAK


KARTELA [PDF]



ESKUORRIA [PDF]

{saudioplayer}http://biltegia.lab.eus/Kanpainak/maiatzak1/2016/kunak/m1Elebidun.mp3{/saudioplayer}
{saudioplayer}http://biltegia.lab.eus/Kanpainak/maiatzak1/2016/kunak/m1Euskaraz.mp3{/saudioplayer}

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Nafarroako irakaskuntza publikoko urtarrilaren 30eko greba erregistratu dugu

Hezkuntza Departamentuak jarrera guztiz itxiarekin jarraitzen du, eta horren aurrean, egiazko negoziazioa egon dadin, gure indar osoa mahai gainean jartzeko prest gaudela erakutsiko dugu.

Epaitegien erasoaldi eta injerentziaren aurka, gure hizkuntza eskubideak defendatzeko deia egiten dugu

Oraingoan Bizkaiko Foru Aldundiaren (BFA) deialdi bati egokitu zaio epaitegien erasoaldiaren jomugan egotea. “Egotea” diogu epaitegien erasoaren benetako helburua, “izan”, euskera eta euskaldunon hizkuntz eskubideak baitira. Hartara, helburu horren bidean edozer erasotzeko prest ere agertzen dira; kasu honetan, BFAren deialdi bat non 77 pertsonaren plazak jokoan jartzeraino heltzeko gai diren euskera eta euskaldunon hizkuntz eskubideak erasotzearren.

Confebask eta CEN patronalei dei egin diegu gutxieneko soldata propioa finkatuko lukeen Lanbidearteko Akordiorako negoziazio mahaia eratzeko

Beste sindikatu batzuk egin bezala, gaur goizean, EAEn eta Nafarroan Lanbidearteko Akordio bat negoziatzeko mahai bana eratzea eskatu dugu, Patronala (Confebask – CEN) eta sindikatuen artean Gutxieneko Soldata propio bat negoziatu eta ezartzeko.