2024-11-22
HomeZerbitzu PublikoakIrakaskuntzaAbenduaren 12rako grebara deitu dugu EAEko unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan

Abenduaren 12rako grebara deitu dugu EAEko unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan

LAB, ELA eta STEILAS sindikatuetako ordezkariok agerraldi bat egin dugu datozen asteetarako aurreikusitako mobilizazioen berri emateko. Hainbat ikastetxetan itxialdiak egingo ditugu urrian zehar, familia eta herritarrekin manifestazioak ere, abenduaren 12ko greba gauzatu aurretik. Era berean, borroka asteak antolatuko ditugu azaroan, sektore bakoitzeko aldarrikapenak gizarteratzeko.

Hauxe da LAB, ELA eta STEILAS sindikatuek gaur irakurritako agiria:

Pasa den ikasturtean EAEko unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoko sektore ezberdinetan eta haurreskoletan greba eta mobilizazio garrantzitsuak egin genituen, ikastetxeak, langileak, ikasleak eta familiak azken urteetan pairatzen ari garen egoera larria salatu asmoz eta egoerari buelta emateko ezinbestekotzat jotzen ditugun neurriak plazaratu asmoz. Eusko Jaurlaritzak, ordea, oraindik ez die gure aldarrikapenei erantzunik eman. Sektore ezberdinetako Negoziazio Mahaiak deitzeko ariketa formala egin duen arren, egoera larri honi buelta emateko inolako neurri zehatzik ez du ezarri mahai gainean.

Azken hilabetetan plazaratu moduan, LAB, ELA eta STEILAS sindikatuon ustez ondorengoak dira egungo egoerari irtenbidea ematen hasteko adostu beharrezko neurriak:

-Hezkuntza inbertsioa handitzea (gutxienez Europar Batasuneko bataz-bestekoa, progresiboki %6ra iritsiz).
-Plantilak gutxienez 2.000 langiletan handitzeko beharra.
-Bataz-besteko ia %40ko behin-behinekotasuna (%38 irakasleetan, %41 Haurreskoletan, %58 Heziketa Berezian eta %63 Sukalde eta Garbiketan), %6ra murrizteko premia. Horretarako 6.000tik gora lanpostu egonkortuz kolektibo ezberdinetan.
-Ikasle-ratioak %10 murriztea.
-Hezkuntzako langileen eroste ahalmena berreskuratzea.
-Ordezkapenak lehen egunetik egitea.
-Bajak lehen egunetik bere osotasunean ordaintzea.
-Erretiroa erraztu eta laguntzeko neurriak berreskuratzea.
-LOMCE Euskal Herriko gure ikastetxeetatik ateratzea eta honen moldaketa hutsa den Heziberri bertan behera uztea.
-Hezkuntzaren merkantilizazioa alde batera uztea, egungo desorekak gaindituz hezkuntza garapen pertsonal eta sozial integralerako tresna izan dadin (kohesio soziala, integrazioa, aniztasuna, berdintasuna, hezkidetza oinarri).
-Ikasle euskaldun eleaniztunak sortuko dituen euskarazko murgiltze eredua garatzea.
-Balizko Hezkuntza legearen aurrean sindikatu, hezkuntza eragile eta herritarron parte hartzea eta iritzia aintzakotzat hartzea.

Orain arte Eusko Jaurlaritzak ez du proposamen hauen inguruko benetako negoziazio asmorik agertu. Hau dela eta, uste dugu ikasturte honen hasieran ere, Hezkuntza Sailak greba eta mobilizazio dinamika mantentzea beste biderik ez digula uzten.

Irailetik aurrera elkarretaratzeak burutuko ditugu lurralde ezberdinatako Hezkuntza Ordezkaritzetan eta ikastetxeetan. Irailaren 20an Gasteizko Ama Zuriaren plazan hezkuntza publikoaren egoera eta beharren inguruko solasaldi irekia (world-kafe) dugu. Irailaren 28an ikastetxe, sektore ezberdinetako langile, ikasle eta familiek sufritzen duten egoera salatzeko ekimen bereziak egingo ditugu ikastetxeetan. Urrian zehar lurralde ezberdinetako hainbat ikastetxeetan itxialdiak burutuko ditugu batzar, mahainguru, solasaldi, kontzertu, antzezlan, errezitaldi eta antzekoak gauzatuz. Urriaren 28an familia eta herritarrekin batera manifestazioak burutuko ditugu Gasteiz, Donostia eta Bilbon. Azaroko aste bakoitzean sektore jakin bateko egoera eta aldarrikapenak plazaratzeko “borroka asteak” antolatuko ditugu, aste bakoitzeko ostegunean dagokion sektorean greba eguna deituz. Azkenik, abenduaren 12an sektore guztietan greba deituko dugu.

Sindikatuon ustez, ezinbestekoa da Eusko Jaurlaritza azken urte luzeetan inposatzen ari den murrizketak eta hezkuntza politika errotik aldatzea eta honek guztiak eraginda egungo hezkuntza publikoan eta haurreskoletan sufritzen ari garen egoerari buelta ematea.

Hezkuntza Sailari dei egiten diogu sektore ezberdinetako aldarrikapenak (irakasleak, Heziketa Berezia, Sukalde eta Garbiketa eta Haurreskolak) aintzat hartu eta benetako negoziazio prozesu bat abia dezala lan-baldintzak hobetu eta egungo gure hezkuntza publikoak dituen behar eta erronkei modu egokian erantzuteko.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

BetiOn Eusko Jaurlaritzaren telelaguntza-zerbitzuaren hitzarmena sinatu dugu, gutxieneko %30,08ko soldata-igoerarekin

Ostegun honetan, azaroaren 21ean, LAB sindikatuak hitzarmen kolektiboa sinatu du EAEn telelaguntzako eta jarduera soziosanitario osagarrietako zerbitzu publikoa kudeatzen duen Ilunion sozio-sanitario-Ibermática Aldi Baterako Enpresa Elkartearentzat. Honek 80.000 herritar baino gehiago artatzen ditu.Negoziazio luzea eta gogorra izan da. Bi enpresaren eta Eusko Jaurlaritzaren aurkako negoziazioa, azken honek pribatizatzen baitu langileek ematen duten zerbitzu publikoa. Hala ere, langile nekaezin eta aktiboek egindako borrokaren ondorioz, hobekuntza oso garrantzitsuak lortu dira:Soldata-igoera • Gutxienez % 30,08ko soldata-igoera lortu da. Gainera, KPIari lotutako igoera da, eta hori bermatzeaz gain, erosteko ahalmena benetan berreskuratzea dakar. • % 30,08ko igoera hori, oinarrizko soldatari ez ezik, soldata-osagarri guztiei ere aplikatuko zaie.Lanaldi-murrizketa Urteko lanaldia 1.592 ordukoa izango da, eta orain artekoa ia hiru lanaldi osotan murriztuko da.Lizentziak, familia-kontziliazioa eta urteko lanaldia doitzeko egunak: • 12 urtetik 14ra igotzea zaintzagatiko lanaldi-murrizketa. • Ordaindutako lizentzia guztiak parekatzea ahaidetasun sozial gisa izendatutako pertsonarentzat. • Malgutasun handiagoa urteko lanaldia doitzeko egunetan. • Hitzarmen bidez erregularizatzea jaiegun arruntetan lan egiteagatiko konpentsazioa, errege-dekretuaren arabera, LABek aurretik aurkeztutako salaketaren aurrean.LABen argi dugu lortutako hobekuntza guztiak langileen zati handi batek egindako mobilizazio, greba eta batzarrei esker lortu direla. Borroka honek merezi izan du.Jakin badakigu oraindik eduki garrantzitsuak daudela lortzeko, eta LABek horiei aurre egiten hasi nahi du. Sindikatu honek argi dauka BetiOneko langileek zerbitzu publikoa ematen duela eta langile publikoak direla.Gaurtik aurrera, LAB lanean hasiko da langileekin publifikaziorako bidea eta urrats zehatzak adosteko, eta hori onuragarria izango da bai langileentzat bai zerbitzu horren erabiltzaileentzat.Amaitzeko, LABek bere onespen zintzoa adierazi nahi die lan-baldintza bidezkoagoen alde borrokatu diren pertsona guztiei. Iritzi desberdinak, beti legitimoak eta askotan beharrezkoak izan arren, egindako bidea egin gabe ez ziren hobekuntza garrantzitsu horiek lortuko.

Araudiaren erreformak atzeratu egiten du erregularizazio masiboa Atzerritarren Legea indargabetzeko beharrezko urrats gisa

Atzerritarren Legearen araudiaren erreforma onartu zuen pasa den asteartean Espainiako Gobernuak. Maiatzaren 17an sartuko da indarrean, Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak bultzatuta.

Gizarte Segurantza propioa eskatu dugu, langileen osasuna kontrol eta presioaren gainetik jartzeko

LAB sindikatuko zenbait kidek elkarretaratzea egin dute gaur goizean Iruñean, INSS Gizarte Segurantzaren Espainiako institutuaren bulegoen ondoan, kapitalak langileriari egiten dion kontrol eta presioaren gainetik osasuna eta prebentzioa jar daitezela aldarrikatzeko. LABek Gizarte Segurantza propioa eskatzen du, nafar langileen beharrak benetan erdigunean paratuko dituena.