2024-11-30
HomeIrakaskuntzaHezkuntzaEskolaratzean osasuna eta segurtasuna bermatu ezean plantorako deia egiten dugu

Eskolaratzean osasuna eta segurtasuna bermatu ezean plantorako deia egiten dugu

Gaur, berriro ere, hezkuntza komunitatearekin adostu gabeko asmoen berri eman digu Cristina Uriarte EAEko Hezkuntza Sailburuak, erabat protokolarioa izan den bileran. Gaurkoan prentsaurreko bidez enteratu ordez, aldez aurretik egindako bilera informatibo batean izan da.

LABen ustez, ikasturte bukaera eta hurrengo ikasturteko planifikazioa eta antolaketa alde sozialarekin, hau da, langileen ordezkariekin adostea ezinbestekoa da.

-Hezkuntza zentroak ireki aurretik, ezinbestean langileon kolektibo guztiekin adosturiko prebentzio planak negoziatzeko deia egin diogu. Prebentzio plan adosturik gabe, lanerako osasuna ezin da bermatu; langileen, ikasleen zein familien osasuna erdigunean egon behar dira.

-NBEak ezinbestekoak dira DBH4, Batxiler eta Lanbide Heziketan ikastetxeetara itzuliko diren langile eta ikasle guztientzat, Maiatzaren 18tik aurrera batxilergoko bigarren mailakoekin eta goi-mailako lanbide heziketakoekin era mailakatuan maskaren hornikuntza. Maskararik gabe ikastetxeak ez irekitzeko deia egiten dugu, arduragabekeria itzela litzateke, guzti-guztiontzako hornidura izan arte ezin da ikastetxerik ireki eta langile zein ikasle eta familiei plantorako deia egingo diegu.

-Kontziliaziorako neurri gisa, gurasoak lan presentzialean dauden kasuetan 0-1 urte bitarteko haurrentzako eskolak zabaltzeko aukera adierazi dute, haur-eskolak eskariaren eta osasun agintarien irizpideen arabera irekiz. LABen iritziz, haur-eskolen irekitzeak ikuspegi ekonomizista eta produktiboari erantzuten dio soilik, duten hezkuntza proiektuak baztertuz, gurasoek umeak non utzi izateko, haurren behar pedagogiko eta emozionalak kontuan izan gabe. Haur hezkuntzako lehenengo ziklo hau, oso garrantzitsua da haurren garapen eta autonomian eta duen balio hezitzailea aitortu behar diogu. Ez dago baldintzarik bi hilabeteko konfinamenduaren ondoren egokitzapen on bat egiteko, are gehiago udan beste geldialdi bat dugunean eta irailean berriz ere egokitzapena egin beharko dutenean.

-Zaintza krisi baten murgildurik gaude, LAB sindikatuan argi daukagu zaintza eta kapitalaren metaketa ez direla bateragarriak eta krisi honi aurre egiteko bizitza dela erdigunean jarri behar dena. Alarma egoerak eta osasun krisiak dirauen bitartean langileoi haurren, helduen eta menpekoen zaintzarako ordaindutako baimen berezi bat ematea daukate. Kontziliaziorako neurri integralak behar ditugu.

-Orain arte, zuzendaritzen menpe utzi dituzte Hezkuntza Sailarenak diren ardura batzuk: langileen ordezkapenak, sukaldari eta garbitzaileen NBEen kudeaketa, curriculum egokitzapenak zein ebaluaziorako irizpideak zehaztea. LAB eskola komunitatearen autonomiaren aldekoa da bai antolaketan baita arlo pedagogikoan ere. Dena den, kasu honetan autonomia modu interesatuan erabiltzen ari da, korrika eta presaka Hezkuntza Sailarenak diren lan karga zein ardura ugari zuzendaritzen bizkarrean jarrita, baliabideak esleitu gabe eta laguntza eskaini gabe, autonomia beti baliabideei lotuta joan behar da. Zuzendaritza taldeek, irizpide zehatz eta bateratuak behar dituzte,. Hezkuntza Sailak ikuskaritzarekin batera irizpideen zehaztasuna finkatu behar du eta horren gaineko kontrol zorrotza egin.

-COVID-19aren kudeaketan langile asko kaltetuak izan dira: bereziki ordezkapenak bete ez direlako inolako konpentsaziorik gabe langabezian geratu direnak, edota lanez gainezka eta estresak jota ibili direnak. Zuzendaritza-talde zein irakasle eta hezitzaileengan pisu handia jarri da.

-Langileon kasuan jarduera ezin da berehala berreskuratu, era mailakatuan izan behar da. Itzulera atzeratu eta tele-lanean jarraitu beharko lukete: batetik, arrisku taldeko langileek (diabetikoek, gaixotasun kardiobaskularra eta biriketakoak dituztenek, gaixo kronikoek, inmunodefizienteek, haurdunek, 60 urte baino gehiago dituztenek); eta bestetik, adingabekoen zein adinekoen ardurak dauzkaten langileek, lan eskubideen murrizketarik pairatu gabe.

LABen aburuz ikasturte bukaerarako eta zentro batzuen irekieraren aurrean garrantzitsuak dira:

-Ikastetxeak irekitzeko osasun egoera onean egongo garenaren bermea izan behar dugu, horretarako langile guztioi testak egitea eskatzen dugu.

-Ikastetxeak irekitzeko lan osasuneko eta segurtasuneko neurriak adostu eta negoziatu behar dira langileon kolektibo guztiekin. Erabiltzaileak –ikasleak zein familiak- kontuan hartu behar dira. NBEak ezinbesteko baldintza izango dira.

-Ikasgeletan ratioen jaitsiera egongo da, 15 ikaslera mugatuz. Ratioen egokitzapen honen aurrean langile kopurua handitzea ezinbestekoa izango da. Irakasle baten esku ezin da egon bi gela kudeatu eta tele-lanean edo tele-ikaskuntzan dituen gainerako ikasleei arreta egitea. Hezkuntza kalitatearen mesedetan ratioak jaistea, denboran mantendu eta sistematizatu behar da.

-Arrakala digitalak, edo hobe esanda, arrakala sozialak sortu duen egoeraren diagnostiko zehatza egitea (ikastetxez -ikastetxe zein ikaslez-ikasle) eta honi aurre egiteko neurriak zehaztea. Honen inguruan asmoak besterik ez ditugu entzun. Ikasleen zein familien elikadura eta baliabide teknologikoen hornikuntzatik hasita arrakalak gainditzeko prozesu integral bati ekitea eskatzen dugu.

-Segurtasuna bermatzeko, ikastetxeen antolamenduan egokitzapena egin behar da. Ikasleen sarrera, irteerak eta atsedenaldiak ere ordu ezberdinetan antolatu beharko dira, pilaketarik egon ez dadin. Antolamendu egokirako aholkularitza iraunkorra beharrezkoa da.

-Curriculumaren egokitzapenak egin beharko dira, zuzendaritza eta irakasleek horretarako bitarteko eta formazioa beharko dutelarik. Egokitzapen horretan, arrakala digitalaren ondorioz hezkuntza prozesuen etetearen diagnostikoetan oinarritutako ekinbide pedagogikoak ezinbestekoak izango dira. Curriculuma ikasle bakoitzaren behar eta erritmoetara zein COVID-19aren ondorioetara egokitu behar da, helburua ez da curriculum osoa ematea curriculuma tresna izan behar da ikasleen garapenerako.

-20/21 ikasturterako beharren aurreikuspenak (ratioen egokitzapena, plantillen hornikuntza, heziketa bereziko espezialistak, lanpostuen zerrenda eguneratuak, Hezkuntza Indartzeko Banakako Planak) langileokin negoziatzen hastea.

-Matrikulazio prozedura ezberdinen argipena beharrezkoa da, eta lehentasunez, Haurreskolak Partzuergoaren matrikulazioa martxan jartzea.

-Epe motzean selektibitatea zein baldintzatan burutuko den langileekin partekatzea. Betiko prozedurak mantentzen badira, herri ezberdinetako ikasleak elkarrekin nahastu eta gune itxietan orduetan mantentzea baitakar. Zuzentzaileek ere, ehundaka ikaslerekin izango dute harremana. Epe erdian, eredu zentralista, kapitalista eta metodologikoki erabat atzerakoian oinarrituan dagoen selektibitatea desagertzeko hausnarketa ireki behar da.

Hurrengo ikasturteari dagozkionak aurrerago lantzeko asmoa adierazi badute ere, inprobisazioan ibili gabe, egungo irakaspenak baliatuz hurrengo ikasturterako plan bat diseinatzea ezinbestekoa da. LABen planteamendua ez da COVID19aren aurreko egoerara bueltatzea, erabili dezagun egoera hau erabat agortua dagoen hezkuntza eredua berriz pentsatu eta eraldatzeko. Zentzu horretan garrantzitsua iruditzen zaigu:

-Ikastetxeetan zikloka ratioak berrikustea eta egokitzea, ratio hauek zikloka zehaztu eta negoziatu behar dira. Jangelari dagozkionak zein garbitzaileenak ahaztu gabe.

-Irakasle batek gela bat baino gehiago bere gain ez hartzea, ratio berrietara egokituko den langileez hornitzea. Hezkuntza Sailak eskaintzen dituen lan baldintzak hobetu behar dira irakaskuntza lana erakargarria izan dadin irakasleen begietan. Are gehiago, ratioak murriztean langile hornikuntza handitu behar denean.

-Hezkuntzan egiten den inbertsio publikoa handitzea, baliabide pertsonal eta materialez hornituz ikastetxeak.

-Langileon kolektibo bakoitzeko lanpostuen zerrendak egokitu eta negoziatzea.

-Tele-ikaskuntza salbuespen gisa harturiko neurria izatea, ezin da irakaskuntza-ikaskuntzaren prozesuaren oinarrizko metodologian bilakatu. Behar emozional eta pedagogikoei erantzungo dieten metodologiak adostu eta martxan jarri behar ditugu.

-LEP prozedura atzeratzea, 2020ko abenduan ezin direlako ziurtasunez segurtasun neurriak bermatu eta 2020/21 ikasturte hasierak ekarriko dituen egokitzapen aurrean irakasleek nahikoa lan izango dutelako. LEP prozedura 2021eko ekainean izatea exijitzen dugu.

LABen iritziz, aldaketa sakonen garai honetan hezkuntza-paradigma berri bat sortzeko aukera paregabea daukagu aurrean, hezkuntza komunitatea elkartu eta hezkuntza eraldatzeko momentua iritsi da: gaitasunen eta konpetentzien garapenean zentratutako hezkuntza, ikasleak eta hauen aniztasuna erdigunean jarriko dituena, euskara berreskuratzeko murgiltze eredua eta euskal kulturaren transmisiorako curriculum propioa oinarri izango duena, hezkuntza feminismotik eta ikuspegi hezkidetzailetik eraldatuko duena, ikastetxeen autonomian, herri hezitzaileetan, metodologia berritzaileetan oinarrituko dena eta ebaluazio hezitzailea izango duena. Hitz gutxitan, Euskal Herriak behar duen hezkuntza sistema burujabe publiko eta komunitarioa elkarrekin antolatzeko momentua da.

Horretarako ezinbestekoa da hezkuntzaren kalitatearekin zuzenean lotuta dauden langileon lan-baldintzak kolektibo guztiekin negoziazio eremuak izatea, ikasleen ratio egokiak izatea, langileen lan baldintzetan murrizketak ez egitea, plantillak hornitzea eta egonkortzea, hezkuntzako inbertsio publikoa handitzea, ikastetxeak baliabidez hornitzea zein langileei formakuntza eskaintzea.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Pikete Feminista aktibatu dugu Bilboko Udalean zaintzaren pribatizazioa salatzeko

Gaur egindako ezohiko osoko bilkuran datorren urterako aurrekontuak onartu dira. Aurrekontu hauek zaintzaren pribatizazioa betikotzen dute; Bilboko bizilagunetaz ahaztu eta enpresei eta turistei alfonbra gorria jartzen dien hiri-eredu bat bultzatzen dute.

LABek bat egiten du EHEk “Euskaraz bizitzeko euskararen errepublika!” lemarekin abenduaren 7an Durangon deitu duen manifestazioarekin

Euskararen normalizazio-prozesuak bizi duen geldialdia eta euskaldunon hizkuntza-eskubideen aurka sektore judizial, mediatiko, sozial eta politiko batzuetatik indarrean duten oldarraldia ikusita, beharrezkoa da euskaldunon ahalduntze eta aktibazio indartsua.

Garbiñe Aranburu: “Mezu apurtzaileak ez ezik, eguneroko arazoei erantzungo dieten praktika eraldatzaileak asmatzea da gakoa”

Gaur amaituko da “Lana eta sindikalismoa XXI. mendean” Nazioarteko Biltzarra, Bi egunez, Leioako EHUn elkartu dira hainbat sindikalista, tartean LABeko kide esanguratsuak, sindikalismo eraldatzailearen erronka nagusi eta estrategiez eztabaidatzeko. Ekimen honen antolatzaileen artean dago Ipar Hegoa LABen ikasketa sindikalen fundazioa.