2024-09-27
HomeIrakaskuntzaHezkuntzaKalitatezko eskola publikoaren alde mobilizatuko gara Iruñean

Kalitatezko eskola publikoaren alde mobilizatuko gara Iruñean

Nafarroako Irakaskuntzako bederatzi sindikatuok hezkuntza itunaren negoziazioen alde egiten jarraitzen dugu, eta larunbaterako antolatua dugun manifestazio bateratua egiteko arrazoiak azaldu ditugu gaur. Iruñeko autobus geltoki zaharretik irtengo da manifestazioa, 18:00etan.

HEZKUNTZA PUBLIKOAREN INTERSINDIKALEKO PRENTSAURREAREN KOMUNIKATUA:

Otsailaren 16an, hezkuntza kalitatearen hobekuntza lortzeko itunaren negoziazioak hautsi ondoren, ia urtebete igaro eta gero, hezkuntza publikoko sindikatu guztiok elkarrekin gabiltza mobilizazioak eta asanbladak egiten ikastetxeetan (70 baino gehiago), delegatuen elkarretaratzeak eta prentsaurreak. Oraingoz, 64 ikastetxek igorri diote atxikimendua Departamentuari gure aldarrikapenekiko. Gauza bera adierazi dute guraso elkarteen hiru fedarazioek: Britila, Herrikoa eta Sortzen.

Bestalde, talde parlamentario guztien hezkuntza arduradunekin harremanetan jarri gara, hezkuntza publikoaren finantzaketa bermatuko duen legegintzako ekinbidea abian jartzea proposatzeko. Horrela, berehala eta modu gehikorrean, handituko lirateke diru partidak xede honekin, sare publikoaren kalitatea bermatzeko.

Sindikatuen ekintzei eta mobilizazioei esker, martxoaren 27an berriz ere erdietsi da negoziazioari ekitea. Hala ere, apirilaren 27ko mahai sektoriala izan arte ez dugu jaso Hezkuntza Departamentuaren proposamen zehatzik, negoziazioa askatzeko abiapuntu gisa erabiltzeko. Gainera, apirilaren 30ean berean bidali zuten idatziz. Aurreko mahai sektorialaren ondoren informatu genuen bezala, kontseilariak konpromisoa hartu zuen finantzaketa eta egokitze juridikoa bilatzeko Bigarren Hezkuntzako orduak leheneratzeko 19-20 ikasturtean; baina, oraingoz, asmo hutsak besterik ez dira, aurrekontu zuzkidura bermatu gabe. Halaber, dio ikasturte honetan ezinezkoa bada, hurrengoan eginen dela, lehen esan zen bezala, ondoko legegintzaldian. Orobat, Departamentuak adierazi du prest dagoela irizpide berri eta hobeak erabiltzeko irakasleen ordezkapenak egiterakoan, baina ez du zehaztu zertan gorpuztuko den hobekuntza hori. Hurrengo mahai sektoriala bihar izanen da, maiatzaren 4an. Bertan saiatuko gara argitzen proposamenak ba ote duen berme aski negoziatzen jarraitzeko.

Tamalez, Departamentua ahalegindu da jendea nahasten eta geldiarazten. Ikastetxetara igorri ditu, bai, berri borobil batzuk, ustez: ratioak gutxitu direla 16-17 ikasturtean; ordezkapenak doitu dira teknikoki ahal zen guztian eta zuzeneko irakaskuntzaren orduen gutxitzea 18-19 ikasturtean hasiko dela. Jakina, hori ez da egia kasu guztietan.

Gobernuak iragarri du aurreko legegintzaldietan ezarritako murrizketak irauliko dituela ituna izan edo ez, sindikatuen ekinbidea alferrikakoa delakoan. Hitzarmena nahitaezkoa da, erabat, konpromiso zehatzak hartzeko eta ez alde bakarreko erabaki bidegabeak, lan baldintzei eta hezkuntzako lehentasunei dagokienez, eta edukitzeko legezko tresna bat, haiek betetzera behartuko dituena.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Osakidetzaren inguruko akordioak agerian utzi du orain arte egin diren langileekiko politikak aldatu behar direla

EAEko parlamentuan gaurko egunez EAJ, EHBildu eta PSE alderdiek onartu duten akordioak baieztatu egiten ditu sindikatutik eremu horretan salatu izan ditugun arazoak.

Garraiolari bat hil da lan-istripuz Nafarroan

Gaur goizean langile gipuzkoar bat zendu da gai arriskutsuak garraiatzen ari zela Lodosan. 2024an dagoeneko 10 garraiolari hil dira Euskal Herrian. Orotara, 43 langile hil dira lan istripuz, laneko gaitzak aintzat hartu gabe.

Enplegu-zentro berezietako langileen lan-eskubideak benetan eta eraginkortasunez arautzea eskatzen dugu

Joan den irailaren 23an, EHLABEk, enplegu-zentro berezien patronalak, Mikel Torres EAEko lehendakariordearen eskutik, sei urteko gizarteratze eta laneratze proiektua aktibatu zen. Honen helburua aniztasun funtzionala duten 2.000 pertsona baino gehiago prestatzea, gizarteratzea eta laneratzea da; Lan-Aukera izena eman zaio, eta Europar Batasunak finantzatuko du, 10 milioi eurotik gorako aurrekontuarekin.