Hezkuntza sistema zaharkituta omen eta paradigma aldaketa bultzatzeko akordiorako eskua luzatu digu EAEko Hezkuntza Sailak eragileoi. LABek bat egiten du ideia nagusi horrekin, ereduaren agorpenarekin alegia, alta, eztabaida paradigma horren oinarrietan eta norabidean dagoela pentsatzen dugu. Eta bide horretan, aldaketa hori hiru zutaberen baitan eraikitzea beharrezkoa dela iruditzen zaigu: nazio ikuspegia, burujabetza eta partehartzea.
Izanere, guk ez dugu Espainiako eta Frantziako hezkuntza sistemen erreprodukzio hutsa egin nahi.Hezkuntza sistema bat antolatu nahi dugu, baina hezkuntza eskubideetan oinarrituta eta ez estatuaren botere soilean. Hau da, hezkuntza arautzeko aukera nahi dugu, hezkuntza beste modu batean arautu nahi dugulako.
Hezkuntza herri proiektu gisa ulertzen dugu guk. Eta ideia horri jarraikiz, herriak batu, entzun, hitz egin, hausnartu eta adostasunak bildu behar dituelakoan gaude. Euskal Herriak hezkuntzan ere herri akordioa iruten hasi behar du. Herri akordio bat zeina, heziketa prozesuaren parte diren aktoreek saretuko duten. Eskuz esku hezkuntza formala, ez-formala eta informalak, herritarrek, ehunduko duten akordioa. Nazio ikuspegia oinarri eta helburu. Eta adostasunak blindatzeaz haratago, betikotuak diruditen korapiloak askatzen lagundu eta beste eredu berri baten bidean jarriko gaituena. Izan ere, segidismoaz harago, sedizioan eta sedukzioan oinarritutako paradigma berria eraikitzea dagokigu.