2024-09-27
HomeZerbitzu PublikoakOsasungintzaDeseskalatze Planean ere bazterrean utzi ditu sindikatuak Osakidetzak

Deseskalatze Planean ere bazterrean utzi ditu sindikatuak Osakidetzak

Argi dago behin eta berriz errepikatu den "hau guztion artean gaindituko dugu" propaganda-leloa Osakidetzan ere gezur hutsa dela. Osakidetzako zuzendaritzak gaur deitu duen Mahai Sektorialean, berriz ere ikusi dugu goikoek nahi dutena erabakitzen dutela eta behekooi lan gogorra tokatzen zaigula.

LABetik salatu nahi dugu Osakidetzako zuzendaritzak erabakiak inposatzeko ohiko jarrerari eusten diola, langileak eta ordezkaritza sindikala aintzat hartu gabe. Osakidetzako zuzendaritzak bizkarra ematen dio negoziazio kolektiboari eta sindikatuen parte-hartzeari, baita egungoa bezalako egoeretan ere. Ez dute sindikatuon iritzia kontuan hartu COVID-19aren aurkako neurri guztiak martxan jartzeko, eta ez gaituzte kontuan hartu Osakidetzako deseskalatzea planifikatzerako orduan ere.

Gaurko Mahai Sektorialaren seriotasun falta salatu nahi dugu, forma eta edukien aldetik. Formei dagokienez, deialdia orain dela bi egun jaso genuen, landu beharreko puntuei buruzko inolako dokumentaziorik gabe (deseskalatze plana, 2020ko oporrak eta giza baliabideen prozesuak berraktibatzeko plangintza) eta audio-bilera formatua aukeratu dute, horrek dakartzan zailtasun guztiekin. Ez dugu formatu hori ulertzen joan den martxoaren 20an, pandemiaren gorenean, Gasteizen aurrez aurreko bilera bat egin genuenean.

Edukiei dagokienez, berriz ere kritikatzen dugu sindikatuoi ez digutela utzi deseskalatze-planaren eta gai-zerrendako gainerako puntuen inguruan hartutako erabakietan parte hartzen. Ez zaigu dokumenturik pasatu, eta aurrera eraman nahi dituzten aldaketen ahozko azalpen orokor bat baino ez dugu jaso. Bereziki kezkagarria iruditzen zaigu, asistentziari dagokionez, telefono bidezko arreta lehentasunez mantentzeko planteamendua.

LABek aldarrikapen hauek jarri ditu mahai gainean:

• Deseskalatze Planean sindikatuon parte hartze aktiboa, han jaso behar diren neurri askok langileen lan baldintzei zuzenean eragiten dietelako. Orain arte erabaki guztiak gurekin kontaktu gabe hartu dira eta ikusten dugunez, hemendik aurrera gauza bera planteatzen du zuzendaritzak.

• Lan-baldintza eskubide guztiak onartzea eta errespetatzea, salbuespenik gabe.

• PCR eta serologia test egokiak eta babes ekipo nahikorik

• Informazioa eta komunikazioa gardena eta azkarra une oro.

• Sindikatuen lana errespetatzea eta negoziazio kolektiboaren bideari heltzea, eta lehentasunez, Lan-Baldintzen Akordio berri bat negoziazioari ekitea, hain zuzen ere.

Gaurko bileran entzundakoaren ondoren, kezkaz begiratzen diegu honako alderdi hauei:

• Osakidetzako zuzendaritzak egoera aprobetxatzea osasun-arretaren zerbitzuetan eta ordutegietan murrizketa berriak egiteko.

• Kontratazio prekarioan eta nahierakoan sakontzea.

• Langileen lan eskubideak murrizteko aprobetxatzea.

•Pribatizazioan, osasun pribaturako deribazioetan eta peonada eta aparteko orduetan sakontzeko aprobetxatzea, aurreikus daitekeen lan-kargaren gorakadari aurre egin ahal izateko.

• Zuzendaritzen jarrera prepotentean sakontzea eta eskubide sindikalak murriztea.

Amaitzeko, aurrez aurreko formatuko Mahai Sektorial berria eskatzen dugu, idatzizko dokumentazioa guztiarekin eta negoziazio kolektiboa errespetatuz.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Osakidetzaren inguruko akordioak agerian utzi du orain arte egin diren langileekiko politikak aldatu behar direla

EAEko parlamentuan gaurko egunez EAJ, EHBildu eta PSE alderdiek onartu duten akordioak baieztatu egiten ditu sindikatutik eremu horretan salatu izan ditugun arazoak.

Garraiolari bat hil da lan-istripuz Nafarroan

Gaur goizean langile gipuzkoar bat zendu da gai arriskutsuak garraiatzen ari zela Lodosan. 2024an dagoeneko 10 garraiolari hil dira Euskal Herrian. Orotara, 43 langile hil dira lan istripuz, laneko gaitzak aintzat hartu gabe.

Enplegu-zentro berezietako langileen lan-eskubideak benetan eta eraginkortasunez arautzea eskatzen dugu

Joan den irailaren 23an, EHLABEk, enplegu-zentro berezien patronalak, Mikel Torres EAEko lehendakariordearen eskutik, sei urteko gizarteratze eta laneratze proiektua aktibatu zen. Honen helburua aniztasun funtzionala duten 2.000 pertsona baino gehiago prestatzea, gizarteratzea eta laneratzea da; Lan-Aukera izena eman zaio, eta Europar Batasunak finantzatuko du, 10 milioi eurotik gorako aurrekontuarekin.