2024-09-27
HomeZerbitzu PublikoakOsasungintzaGasteizko Legebiltzarrean gaur aurkeztutako EPE ereduak ez du EPE prozesu garbirik bermatzen...

Gasteizko Legebiltzarrean gaur aurkeztutako EPE ereduak ez du EPE prozesu garbirik bermatzen Osakidetzan

Murga kontseilariak eta Osakidetzako Zuzendariak gaur Gasteizko Legebiltzarrean Osakidetzan EPE eredu berria martxan ipini ahal izateko aurkeztu dituzten neurriek ez dute inondik inora bermatzen hurrengo prozesuak garbiak izango direnik, iruzurrik gabekoak izango direnik, ezta mediku espezialitateetan erroturik dagoen sistema ustela eta klientelarrarekin amaituko denik ere. Horregatik, gaurko agerraldiaren helburua egoera zuritzea baino ez da izan.

LAB sindikatutik neurri horien azala zein mamia kritikatzen dugu. Gure ustez, planteaturiko neurriok ez dira nahikoak, asko ez ditugu begi onez ikusten, gertatu diren filtrazioen onarpen faltatik abiatu dira eta modu antidemokratiko eta baztertzailean onartu dira, filtrazioak salatu dituzten indar sindikalak kanpoan utzita, hain zuzen ere.

Honekin jarraituz, ez da onargarria neurriok soilik SME, SATSE eta UGT sindikatuekin sinatu izana, hau da, EPE ustelaren sinatzaileekin.

Osakidetzako EPEaren filtrazioak oso gai larria da, milaka pertsonari eta euskal jendarte osoari eragiten diona. Beraz, ez da ulergarria langileon ordezkaritzaren parte handi bat baztertzea halako gaietan.

Zentzu honetan, LAB, ELA eta CCOO sindikatuok gaurko Mahai Sektorial fartsatik altxatu gara, egoera salatzeko. Are deigarriagoa da LAB bezalako sindikatua gertatu denaren balizko “konponbidetik” at uztea, lehenengo momentutik filtrazioak salatu ditugunean, fiskaltzara jo dugunean eta abian den prozesu penala Herri Akusazioa garenean.

Bestaldetik, etorkizuneko filtrazioak ekiditeko proposamenak egitea, oraindik orain gertatu eta gertatzen diren filtrazioak onartu ez dituztenean, borobila karratu bihurtzea da. Osakidetzak etorkizunean EPE garbiak nahi baditu, lehenengo eta behin gertatu dena onartu behar du eta baita bere erantzukizun guztiak ere. Bestela, euskal jendarte zein oposizioetan parte hartzen duten guztiei iruzur egitea baino ez da izango.

Azkenik, aurkeztu dituzten neurrien edukia ez dela nahikoa eta neurri askoren kontra gaudela adierazi nahi dugu, batez ere 4. Eta 5. Ataletan jasotakoak, Epaimahaiak eta Azterketak jasotzen dituztenak (adibidez, ez dugu onartzen elkarrizketen sistema, guztiz subjektiboa dena).

LABek, bere momentuan, Osakidetzak kontuan hartu ez dituen oinarrizko neurri batzuk jarri zituen mahai gainean: azterketak pertsona bakar batek presatzea, IVAPen enkarguz; edo EPE proben kudeaketarako gidaliburu operatiboa osotasunean betetzea. Bestaldetik, ez dugu uste azterketak prestatzeko EAEtik kanpoko profesionalen beharrik daukagunik. Gure herrian eta bertoko profesionalekin, borondate politiko eta neurri zorrotzak badaude, gai gara EPE prozesu garbiak aurrera ateratzeko.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Osakidetzaren inguruko akordioak agerian utzi du orain arte egin diren langileekiko politikak aldatu behar direla

EAEko parlamentuan gaurko egunez EAJ, EHBildu eta PSE alderdiek onartu duten akordioak baieztatu egiten ditu sindikatutik eremu horretan salatu izan ditugun arazoak.

Garraiolari bat hil da lan-istripuz Nafarroan

Gaur goizean langile gipuzkoar bat zendu da gai arriskutsuak garraiatzen ari zela Lodosan. 2024an dagoeneko 10 garraiolari hil dira Euskal Herrian. Orotara, 43 langile hil dira lan istripuz, laneko gaitzak aintzat hartu gabe.

Enplegu-zentro berezietako langileen lan-eskubideak benetan eta eraginkortasunez arautzea eskatzen dugu

Joan den irailaren 23an, EHLABEk, enplegu-zentro berezien patronalak, Mikel Torres EAEko lehendakariordearen eskutik, sei urteko gizarteratze eta laneratze proiektua aktibatu zen. Honen helburua aniztasun funtzionala duten 2.000 pertsona baino gehiago prestatzea, gizarteratzea eta laneratzea da; Lan-Aukera izena eman zaio, eta Europar Batasunak finantzatuko du, 10 milioi eurotik gorako aurrekontuarekin.