2024-12-23
HomeZerbitzu PublikoakOsasungintzaOsakidetzak egin duen Lehen Arretari buruzko eskaintza guztiz ez-nahikoa da eta ez...

Osakidetzak egin duen Lehen Arretari buruzko eskaintza guztiz ez-nahikoa da eta ez du ziurtatzen zerbitzuaren hobekuntza nabarmenik

Gaurko mahai sektorialeko batzarrean Osakidetzak mahai gainean jarri duen proposamena guztiz ez-nahikoa da eta ez du jasotzen Lehen Arreta modu sakonean hobetzeko konpromisorik. Izan ere, egia izanda apirileko grebaren arrakastak Osakidetza mugitzera eta proposamena egitera behartu duela, ez dugu ikusi negoziazioaren aldeko jarrera argirik. Osakidetzaren mugimendu hauek martxan diren mobilizazioak ahultzera eta bigarren greba eguna bertan behera uztera bideraturiko ahalegintzat ulertzen ditugu, alegia.

LAB, ELA, SATSE, ESK, CCOO eta UGT sindikatuok eta “Lehen Arreta Arnasberritzen” plataformak aldarrikatzen ditugun 23 puntuetatik, Osakidetzaren eskaintzak 13 baino ez ditu barnebiltzen, LABentzat lehentasunezkoak diren honako gaiak, momentuz, kanpoan utziz:

• ESI eredu integratzaileak Lehen Arretan izan duen eragina modu egokian aztertzea.
• Lehen Arretan beharrezko diren kategoria guztiak kontuan hartu, kopuruak eta ratioak igo
eta bakoitzaren funtzioak argitu.
• Negoziatu gabe, Lehen Arretako plazarik ez amortizatzeko konpromisoa.
• Etengabeko Arreta Guneen azterketa eta behar dituzten baliabideez hornitzea.
• 3 urtetan behin-behinekotasuna %8ra jaisteko EPE gehiago eta handiagoak.

Bestalde, Osakidetzak jasotzen dituen puntuetan ez da neurri sinesgarririk ezartzen; soilik asmo onak, ikerketak egiteko proposamenak, zeintzuk diren martxan dabiltzan lan-taldeak eta ezer gutxi gehiago. Seriotasun faltaren adibide bezala garapen profesionala dugu: dokumentuan jasotzen da ekainean ordainduko zela, baina gaur baieztatu digute ekainean ezinezkoa izango dela eta momentuz ez dute deialdi berririk zabalduko. Beste puntu batzuetan, txarragoa da esandakoa, adibidez oporraldietan, osasun zentroen ordutegia murriztea planteatzen dutenean. LABentzat hau onartezina den marra gorria da, populazio osoaren osasun eskubidea murrizten duelako.

Laburbilduz, Osakidetzaren eskaintza partziala da eta jasotzen duena ez da sinesgarria. Beraz, Lehen Arretaren eredua aldatzeko eta euskal jendartearen beharretara egokitzeko, esparrua indartuz eta kalitatea zein eraginkortasuna hobetuz, benetako jarrera negoziatzailerik ez diogu sumatu Osakidetzari.

Era berean, komunean ditugun aldarripenetatik haratago, LABek, bere kabuz, honako puntuen gainean konpromisoak eskatzen jarraituko du: pribatizazioekin amaitzeko, aparteko orduak bertan behera uzteko, eta erabiltzaile zein langileen berdintasun eta hizkuntza eskubideak bermatzeko. Honela jakinarazi genion Osakidetzari idatziz pasaden astean.

Nahiz eta Osakidetzak negoziazio egutegi eta metodologia baten beharra aipatu duen eta maiatzaren 27rako beste mahai sektorial bat deitu arren, Osakidetzaren jarrera egokiagoaren esperoan, mobilizazioekin aurrera jarraituko dugu. Momentuz, ostiral honetako greba eguna eta Donostiako manifestazioa mantentzen ditugu, eta mobilizazio berriak aztertuko ditugu.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...