2025-03-14
HomeZerbitzu PublikoakOsasungintzaFiskalaren txostenak LABek egindako salaketak baieztatzen ditu, Osakidetzan oso egoera larri baten...

Fiskalaren txostenak LABek egindako salaketak baieztatzen ditu, Osakidetzan oso egoera larri baten aurrean gaudela argi utziz

Osakidetzako EPEko filtrazioak direla eta Fiskalak egin duen txostenak modu ezin argiagoan desmuntatzen du Osakidetzako eta Osasun Saileko arduradunen bertsioa eta bat egiten du LABek hasieratik egin dituen salaketekin.

Fiskalak argi ikusten du filtrazioak gertatu zirela, pertsona batzuk seinalatzen ditu eta Osakidetzako arduradunen jokaera ere salatzen du. Hasieratik LABek salatu duenez, oso egoera larria da hau, euskal jendarteari begira eskandalu itzela. Eta hala baieztatu berri du fiskaltzak hilabete luzetan abiaturiko ikerketak.

2018ko ekainaren 1ean Osakidetzako zuzendaritzari lehen aldiz azalpenak eskatzen zizkion idazkia LABek erregistratu zuenetik gauza asko gertatu dira.

Oviedoko txostenak, nahiz eta Osakidetzak berak enkargatu zuen, ezin izan zituen ezkutatu datu estatistikoen inguruan begi bistakoak ziren irregulartasunak, LABek zegoeneko salatuta zituenak publiko egin zuen txosten batean, Osakidetzako zuzendaritzari eta fiskaltzari ere helarazi zizkiona.

Geroago, Jimenez Asensioren txostena etorri zen. Bertan neurri ezberdinak planteatzen ziren, baina ez zuen kontuan hartzen filtrazioak onartzen zituen EPE sistema ustela abiapuntua zela.

Eusko Legebiltzarrean Darpon jauna ikusi dugu, behin eta berriro: gezurretan, salaketa egin zuten anestesistak mehatxatzen, LAB sindikatuaren ordezkaritza mespretxatzen, eta bar luze bat, hori bai, gertatutakoari buruzko inolako azalpen fidagarririk eman gabe. Gogoratu behar dugu EAJ, PSOE eta PP alderdiek ikerketa batzorde sortzea eragotzi zutela, argi utzita euren izaera antidemokratikoa.

Arartekoak egindako txostena ere bat zetorren LABen salaketekin, eta begi onez ikusten ditugun proposatzen zituen hainbat neurri, inplikaturiko tribunalak aldatu behar zirela, adibidez.

LABek, hasieratik, zuhurtasunez jokatu du hain larria den kasuan. Osakidetzari eta osasun sailari behin eta berriro azalpenak eskatu dizkiogu idatziz eta geneuzkan datuak eta indizioak eurei helarazi, ikerketa serio abia zezaten. Era berean, hasieratik jo dugu fiskaltzara eta bere esku ipini dugu geneukan informazio guztia, denbora osoan gure lankidetza eskainiz. Zorionez, ikusten dugu LABek egindako lan izugarria baliagarria izan dela fiskalaren ikerketa eta lana laguntzeko.
Azken finean, guk sistema publiko gardena defendatzen dugu eta ustelkeria borrokatzen dugu. Ezin dugu onartu, ez Osakidetzan ez inon, berdintasun oinarria baztertzen dela eta entxufismoa sustatzen dela. Osakidetzan, batez ere fakultatibo espezialisten artean hain errotatua dauden praktika eta sistema ustel horrekin amaitu beharra dago. Osakidetza ez da inoren “kortijoa”, ezin da izan batzoki bat. Ez EAJren garaian, ezta PSEren garaian ere. Horregatik, ardura eta erantzukizun guztiak argitu arte, LABek aurrera jarraituko du ikerketa sustatzen eta salaketa egiten. Ikerketa honek eredugarria izan behar du eta bururaino eraman behar da, bide judizialetik zein politikotik. Hasteko, Darponen eta inplikaturiko kargu guztien dimisioa eskatzen dugu; fakultatibo kategori guztien EPE prozesua gelditu, eta EPE eredu berri eta gardena lortzeko eztabaida demokratikoa eta negoziazio erreala abiatu.

Ikerketa laguntzeko bide horretan emango ditugun urrats juridiko berriak azaltzeko bihar prentsaurrekoa emango dugu Bilboko egoitzan, 11.30etan.

Gaurko mahai sektorialetik altxatu gara, gutxieneko baldintzarik ez dagoelako
Gaur bertan, ezer gertu ez balitz bezala, Osakidetzako zuzendaritza berriak mahai sektoriala deituta zeukan, berriro ere, benetako negoziazioa sustatu gabe eta normaltasun itxura emateko. Zuzendaritza berriaren negoziazioaren aldeko hitz potoloak, berriro ere, bertan behera gelditu dira. Pasa den astean zuzendaritza berriarekin lehenengoz bildu ginen eta gure negoziazio eskaeraren aurrean, esan zuten negoziatzeko borondate osoa zeukatela. Hitz hutsak baino ez ziren izan, gaur deituta zegoen mahai sektorialerako bileraren gai-ordenean negoziazioari buruzko punturik ez zegoelako, eta jorratu beharreko dokumentazio oso berandu helarazi digutelako, edo ez digute bidali.

Bestaldetik, Fiskalaren salaketa ezagutzen den egunean beran ez dugu egoki ikusten mahai sektorialaren batzarra mantentzea, Osakidetzan existitzen ez den normaltasun itxura emateko.

LABen ustez, ez dago mahai sektorialean biltzeko baldintza minimorik eta Osakidetzari honela jakinarazi eta gero altxatu egin gara.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek salatzen du EEEren negoziazioan argi geratu dela Guardianek duela asko zuela programatua lantegiaren itxiera

LABetik gure erabateko gaitzespena adierazi nahi diogu Guardianek aurkeztutako kaleratze kolektiborako espedienteari. Erabaki honek 171 lanposturen suntsiketa eta eskualdeko enpresa enblematikoenetako bat ixtea ekarriko du. Ez ditugu onartzen enpresak neurri drastiko hau justifikatzeko emandako arrazoiak, ez baititu behar bezala frogatu. Are gehiago, EEE aurkezteko aipatzen dituzten arrazoiak multinazionalak berak eragindakoak dira.

LABek MFS Trapaga Sintering-en itxiera salatzen du, 107 langileren kaleratzea ekarriko duena

MFS Trapaga Sintering enpresako langileak beren lanpostuak salbatzeko borrokan ari dira berehalako itxieraren aurrean. Bihar ostirala, EEEaren lehen bilera egunean, greba eguna izango dute eta elkarretaratzea egingo dute lantegiaren aurrean, 9:00etatik aurrera.

Oiongo kiroldegiko langileei zor dizkien soldatak ordaintzea eskatzen dio LABek Ocio Sport-i

LAB sindikatutik gure gaitzespenik gogorrena adierazi nahi dugu Ocio Sport Riojako langileek bizi duten egoera kritikoaren aurrean, beren soldatak sistematikoki ez kobratzeari aurre egin behar baitiote.