2024-07-08
HomeZerbitzu PublikoakUdal eta Foru AdministrazioaLangileek Agurain eta Dulantziko araztegiak ez doazela batere ondo salatu dute

Langileek Agurain eta Dulantziko araztegiak ez doazela batere ondo salatu dute

Agurango araztegiko langileek Agurain eta Dulantziko araztegiak ez doazela batere ondo salatu dute gaur ohar bidez. Hori gutxi balitz, salatu dute dauden hutsuneak langileekin bete nahi dituztela, horretarako lanbaldintzak are gehiago kaskartzen dituen 24 orduko etengabeko zainketa zerbitzua ezarriz. Agurango langileek hainbestetan aipatutako aldaketak behingoz gauzatzea espero dute (ur partzuergoa, araztegi berriak, inbertsioak…).

Aguraingo araztegiko langileen oharra
"Langileek Arabako araztegien egoera txarraren inguruko iritzia eman dute

Azken hilabeteetan arabar komunikabideetan irakurri edo entzun duzuen bezala, Agurain eta Dulantziko araztegiak ez doaz batere ondo.

Denek beren iritzia ematen dute: bonbak hondatuta daudela, inguruko enpresek isurketak egiten dituztela, URAren errua dela (alkate baten iritziz), ur partzuergo eta teknikari on batzuekin dena ondo joango litzatekeela (URAko arduradun baten arabera)…

Arabako Foru Aldundia, instalazioen funtzionamendua ondo doala gainbegiratu behar duenak, mantentze lanen esleipendun enpresaz baliatzen da bere ardura ekiditeko. Enpresa horrentzat lan egiten dugu, Sevillakoa da eta urte batez luzatu diote kontratua.

Eta gu, kaltetutako araztegietako langile bezala, zuzenean pairatzen ari gara problematika hau.

Pasa den maiatzaren hasieran, isurketa kutsakorra jazo zen Zadorra ibaian eta komunikabideetan ezagutzera eman zen auzokideen bidez, isurketak askotan gertatzen diren arren.

Konponbidea haientzat, 24 orduko etengabeko zainketa zerbitzua ezartzea izan da (erretenak), hauek eguneko 8,66 euro gordin ordainduta, 24 orduz, astelehenetik igandera guardian egoteagatik. Erretenak egiteko agindua egun batetik bestera komunikatu ziguten, ordutegiak eta baldintza ekonomikoak negoziatu gabe, eta gai honetaz enpresarekin hitz egiteko aukerarik eman gabe. Erreten honek ez du zerbitzu ona bermatzen, araztegi gehienek ez baitituzte alarma sistemak instalatuta. Honez gain, instalazio gehienek segurtasun neurri prekarioak dituzte: argi eta ur falta… Hortaz, ezarritako zerbitzu honek gure lan baldintzak are gehiago kaskartzen ditu eta gainera, gaur egun, ez du arazoa konpontzen.

Erreten zerbitzu bat ezohiko arazoetan aritzeko izan beharko litzateke, eta ez araztegiko makinen funtzionamendu txarra estaltzeko.

Horregatik guztiagatik, arabar eta ekologistak garenez eta gure ibai eta urtegiak egoera onean egotea nahi dugunez, espero dugu hainbestetan aipatutako aldaketak behingoz gauzatzea (ur partzuergoa, araztegi berriak, inbertsioak…).

Hemendik, Agurain eta Dulantziko araztegien ur irteerak bisitatzera eta funtzionamendu txarra salatzera gonbidatzen zaituztegu.

Agurainen, 2017ko abuztuaren 30ean"
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Mecanerretik makinak ateratzen hasi dira, eragileok eskaturiko alternatiba aztertu barik

Urdulizko lantegiaren etorkizuna bermatzeko trantsizio ekosozialaren aldeko eragileok mobilizazioa egin dugu gaur fabrikaren aurrean.

Hezkuntza Sail berriari eskatzen diogu kolektibo laboraletan martxan zeuden negoziazio mahaiak deitzeko eta akordio laborala betetzeko ikasturtea bukatu aurretik

Duela urtebeteko ekainaren 1ean LABek akordio laborala sinatu genuen Interinok sindikatuarekin eta Hezkuntza Sailarekin, bi aldeek akordioan jasotako edukiak mahai negoziatzaileetan depositatu eta garatu behar zirelarik.

EAEko osasun garraioa publifikatu behar dela aldarrikatu dugu

Araban eta Bizkaian diharduen La Pau enpresak indarrean dagoen hitzarmena betetzeari utziko diola iragarri duenetik ziurgabetasuna da nagusi langileen artean. Gasteizen mobilizazioa egin dugu gaur, Eusko Jaurlaritzaren egoitza nagusiaren aurrean.