2024-12-23
HomeZerbitzu PublikoakZerbitzu SoziokomunitarioaGrebak eta mobilizazioak iragarri dituzte Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileek

Grebak eta mobilizazioak iragarri dituzte Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileek

Azaroaren 5ean eta 28an greba egunak egingo dituzte, eta azaroaren 4an eta 27an lanuzte partzialak. Era berean, azaroaren 23an manifestazioa egingo dute Bilbon. Hau guztia LAB, ELA, UGT eta USO sindikatuok deituta, zerbitzu gehiago eta hobea eta enplegu gehiago eta hobea aldarrikatzeko.

Hauxe da gaur Bilbon egindako agerraldian irakurritako oharra:

Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua egunero ematen dugunok, eguneroko bizitzako oinarrizko jarduerak garatzeko zailtasunak dituzten pertsonei laguntza emozionala eta fisikoa emanez, mobilizazio-dinamika bati ekin genion duela bi urte baino gehiago. Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuaren defentsa egin eta negoziazio kolektiboaren bidez langileen lan-hobekuntzak aldarrikatu ditugu urte hauetan.

Etxez Etxeko Laguntza titulartasun publikoko zerbitzua da, zehazki udal-titulartasunekoa. Udalek erabaki dute, hain zuzen, kudeaketa pribatizatzea, lehiaketa publikoen bidez, funtsezko zerbitzu hori kaudimen sozial urria duten enpresen esku utziz.

Lehiaketa publiko horietan ezartzen da orduko prezioa, gutxieneko preziorik ezarri gabe. Hor ezartzen dira eman beharreko orduak, gutxieneko ordu batzuk bermatu gabe, eta ondorioz, langile bakoitzak duen lanaldia bermatu gabe. Ez da ezartzen behin-behineko langileen eta teknikarien subrogazioa, eta hor ezartzen dira, azken batean, zerbitzua zein baldintzatan emango den. Zerbitzu publiko horretako langileek egindako lana ez aitortzeak udalek egindako baldintza-agirietan isla du.

Horregatik, Bizkaiko hainbat udaletan mozioak aurkeztu genituen sektoreak eta langileek pairatzen dituzten egiturazko arazoei irtenbidea emateko. Horietan, besteak beste, honako hau eskatzen zen:

– Kontratupeko orduak bermatzea
– Langile guztientzako subrogazioa sartzea
– Neurri egokiak laneko osasunaren arloan. Izan ere, jatorri psikosozialeko lan-arrisku handiko jarduera da eta langileek – ia guztiak emakumeak eta adin ertainekoak – gaitz muskulueskeletiko nahiko larriak pairatzen dituzte.
– Langileek parte hartuko duten kontrol-mekanismoak ezartzea.
– Orduko prezio nahikoa beste lan hobekuntza batzuk bermatzeko beste izatea, 7 urtetik gorako soldata izozketa pairatzen baitugu jada.

Hainbat udalerritan onartu zituzten mozioak; udalerri esanguratsuenak, Bilbo, Barakaldo, Santurtzi, Portugalete eta Mungia izan ziren. Gaur-gaurkoz, mozioetan jasotako konpromisoak ez dira bete.

Enpresek lan-kosturik beren gain hartzea ezinezkoa zela adierazten zutenez eta udalek baldintza-agirietan ezarritako orduko prezioa nahikoa zela argudiatzen zutenez, negoziazio-mahaia desblokeatzeko asmoz, Eusko Jaurlaritzari bitartekaritza bat eskatu genion. Gogoratu beharra dago Jaurlaritza dela gizarte-zerbitzuak arautzen dituen erakundea, Gizarte Zerbitzuen Legearen babesean. Mahaiean EUDELek, enpresa kudeatzaileek eta langileok egon beharko ginateke eserita, sektoreko alde guztiok.

Hainbat bilera eta gero, Eusko Jaurlaritzak proposamen lauso bat plazaratu zuen, bere erantzukizuna ahultzen zuen edukietan. Udalerriei eta enpresei egokitutako proposamena zen, ez baitzituen emakume langileek pairatzen dituzten arazoen funtsezko alderdiak aintzat hartzen: lan-osasunaren arloan ezer egokirik ez zuen aurreikusten, ez lan-poltsak, ez soldatak zehazten, besteak beste.

Hala ere, patronalak atzera bota zuen Jaurlaritzaren proposamena, eta bere eskaintza 0 izan zen arlo ekonomikoan. Bitartekaritza amaitutzat jo zen; izan ere, patronalek erakutsi zuten ez daudela negoziatzeko prest. Jarrera arduragabea eta onartezina erakutsi zuten. EUDEL, bere aldetik, lehenengo bilerara baino ez zuen joan, eta aditzera eman zuen ez dagokion kanpoko gatazka bat dela, eta, jakina, interesatzen ez zaiona.

Hori da, eta ez besterik, oinarrizko etxez etxeko laguntza-zerbitzuaren jabeek duten konpromisoa, hutsala. Hori da, eta ez besterik, feminizatutako eta prekarietate-faktore handiak dituen langile-sektoreekin duten konpromisoa, bat ere ez.

Salatu nahi dugu, osoko bilkuran onartutako mozioak ez direla bete, gatazka pizteaz gain eta etxez etxeko laguntzaren sektoreko emakume langileei bizkarra emateaz gain, herritar guztiei bizkarra ematea dakarrela horrek.

Joan den ikasturtean 27 eguneko grebaren ondoren eta EUDELekin, Emakunderekin, alderdi politikoekin, udalekin, patronalekin, Eusko Jaurlaritzarekin eta abarrekin izandako elkarrizketen ostean, emakume langileok ez dugula errespeturik izan haiengandik. Mobilizazioa, greba eta borroka beste biderik ez digute uzten gure eskubideen, gure hitzarmenaren, gure osasunaren eta Bizkaiko etxez etxeko laguntza zerbitzuaren defentsan. Gatazka areagotzera bultzatzen gaituzte.

Gaur, azarorako greben eta mobilizazioen berri eman nahi dugu:

• GREBA EGUNAK: azaroaren 5ean eta 28an.
• LANUZTE PARTZIALAK: azaroaren 4an eta 27an, 07: 00etatik 11: 00etara. Jardunaldi guztietan mobilizazioak egingo dira, eta horiek zehazten joango dira.
• MOBILIZAZIOA Bilbon azaroaren 23an.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...