2024-09-26
HomeZerbitzu PublikoakEnplegu PublikoaZerbitzu publikoetako bitartekotasun-tasa altuei amaiera emango dieten kontsolidazio prozesuak egiteko tresna propioak...

Zerbitzu publikoetako bitartekotasun-tasa altuei amaiera emango dieten kontsolidazio prozesuak egiteko tresna propioak eta negoziaziorako borondatea beharrezkoak dira

EAEko Funtzio Publikoaren Kontseilua bildu da gaur Lakuan, Kidego eta Eskalen lege proiektua eztabaidatzeko. LABek elkarretaratzea egin du, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean, bilera egin bitartean.

Enpleguari dagokionez Euskal administrazioetan bizi dugun salbuespen egoera etengabe salatzen egon gara azken urteetan. Guk oso argi izan dugu daukagun behin-behinekotasunari aurre egiteko kontsolidazio prozesuak egin behar direla, baina ez Madriletik planteatzen diren irizpideen arabera. Hori dela eta, kontsolidazio prozesuak egiteko lege propio bat aldarrikatu izan dugu azken urte hauetan. Orain arte Gobernuak muzin egin dio aldarrikapen horri, baita bide horretan Legebiltzarrean planteatu diren ekimenei ere.

Funtzio Publikoaren Kontseiluan gaur onartutako ebazpenaren arabera, behingoz kontsolidazio prozesuak egiteko tresna propioak ahalbideratu daitezke. Argi utzi nahi dugu, hala ere, horretarako erabiliko diren bi xedapen gehigarriak ez direla guretzat eredu egokiena, bere garaian berauek aldatzeko hainbat alegazio egin genituelarik. Behin-behinekotasunaren inguruan dagoen salbuespen egoera dela eta, xedapen hauen tramitazioa ez oztopatzea eta abstentziora jotzea erabaki dugu, boto partikular bat eginez.

Behin-behinekotasunarekin daukagun arazoa ez dira bi xedapen gehigarri hauekin konponduko, ordea. Euskal administrazio handietan Langile Zerrendetan existitzen ez diren lanpostuetan milaka langile daude egoera ez egonkorrean. Lanpostuen Zerrenden eguneratzeari ekin behar zaio urgentziaz, bestela kontsolidazio prozesuak ez dira eraginkorrak izango.

LABk lehentasunez ekingo dio aldarrikapen honi negoziazio eremu guztietan. Gobernuak orain arteko inposaketa eredua alde batera utzi eta negoziaziorako borondatea azaldu dezan exijitzen diogu. Ez dugu inolaz ere onartuko gobernuak kontsolidazio prozesu hauek bere aurpegia zuritzeko erabiltzea. Bada garaia milaka langileen egoerari behingoz irtenbide duina ematea. Horretan lanean gaude eta mobilizatzen jarraituko dugu.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Osakidetzaren inguruko akordioak agerian utzi du orain arte egin diren langileekiko politikak aldatu behar direla

EAEko parlamentuan gaurko egunez EAJ, EHBildu eta PSE alderdiek onartu duten akordioak baieztatu egiten ditu sindikatutik eremu horretan salatu izan ditugun arazoak.

Garraiolari bat hil da lan-istripuz Nafarroan

Gaur goizean langile gipuzkoar bat zendu da gai arriskutsuak garraiatzen ari zela Lodosan. 2024an dagoeneko 10 garraiolari hil dira Euskal Herrian. Orotara, 43 langile hil dira lan istripuz, laneko gaitzak aintzat hartu gabe.

Enplegu-zentro berezietako langileen lan-eskubideak benetan eta eraginkortasunez arautzea eskatzen dugu

Joan den irailaren 23an, EHLABEk, enplegu-zentro berezien patronalak, Mikel Torres EAEko lehendakariordearen eskutik, sei urteko gizarteratze eta laneratze proiektua aktibatu zen. Honen helburua aniztasun funtzionala duten 2.000 pertsona baino gehiago prestatzea, gizarteratzea eta laneratzea da; Lan-Aukera izena eman zaio, eta Europar Batasunak finantzatuko du, 10 milioi eurotik gorako aurrekontuarekin.