2024-12-23
HomeZerbitzu PublikoakIrakaskuntza10 greba egun deitzen ditugu EAEko Gizarte Ekimeneko ikastetxeetan

10 greba egun deitzen ditugu EAEko Gizarte Ekimeneko ikastetxeetan

Atzo izandako mahaian Gizarte Ekimeneko patronalek akordioetara iristeko erakutsitako borondate faltaren aurrean, mobilizazio eta greba dinamika gogortu beste biderik ez digute uzten ELA, STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuoi. Gaur Bilbon egindako prentsaurrekoan iragarri ditugu grebak, urtarrilaren 16tik 25era bitarte izango direnak.

2017ko azaroan sindikatuoi negoziazio-mahaitik altxatu eta mobilizazio dinamika bati ekitea beste biderik ez ziguten utzi patronalek. Hamaika bilera ondoren lan hitzarmena berritzeko asmotan sindikatu guztiok adostasunez aurkeztutako plataforma bateratuan jasotako edukiei ez baitzieten erantzunik ematen.

Urtebete luzez mobilizazio ugari gauzatu ditugu langileok, hainbat elkarretaratze eta manifestazio, hainbat kanpaina eta ekintza, eta besteak beste langileen babes zabala izan duten 9 greba egun gauzatu ditugu urtebetean sakabanaturik. Gure mobilizazio egutegiak langileen aldarrikapenei erantzungo dieten proposamenak landu eta ekartzeko beta eman die patronalei, baina hauek ez dute inolako akordiorako borondaterik erakutsi denbora honetan guztian.

Azarorako sindikatuok deitutako 4 greba egunen bezpera arte itxaron zuten negoziazio-mahaia deitzeko, mahaitik altxatu eta urtebetera, eta azken greba egunetatik hilabetera. Azaroaren 16ko bileran egindako proposamena areago zen greba egunak desaktibatzeko saiakera bat, benetan negoziatu eta akordioa erdiesteko helburua zuen proposamena baino. Izan ere, mahaira ekarritako proposamenak ez baitzuen apenas aurrerapausorik suposatzen 2017ko azaroan -mahaitik altxatu ginenean- egin ziguten proposamenarekiko. Ez eta azaroaren 21ean posta bidez helarazi ziguten bigarren proposamenak ere.

Aurreko greba eta mobilizazioetan bezala, langileen aldetik babes zabala jaso zuten azaroko 4 greba egun horiek ere, aldarrikatzen ari garen edukiek duten langileen babes zabalaren erakusle.
ELA, STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuon ustez onartezina da Kristau Eskola eta AICE-IZEIA patronalak gatazka honetan izaten ari diren jarrera oro har, eta bereziki atzoko negoziazio-mahaian izan zutena. Izan ere, azaroko 4 greba egunen aurretik egindako proposamen berbera jarri zuten mahai gainean, eduki gehigarririk gabe. Honek agerian uzten du akordioak erdiesteko patronalen aldarterik eza.

Arduragabekeria haundia da mahaitik altxatu eta 9 greba egun zein urtebete beranduago, langileen aldarrikapenei erantzuten dioten edukirik gabeko planteamendu berdintsuak errepikatzen jarraitzea, negoziazio itxura eman eta mobilizazioa desaktibatzeko nahian inolako aurrerapausorik ematen ez duten bitartean.

Sindikatuok akordioetara iristeko borondatea daukagu, eta prest gaude benetako negoziazio bati ekiteko, ez ordea mahaitik altxatzera eraman gintuen egoera berdinera itzultzeko, edukirik gabeko bilera kate batera alegia.

Agerikoa bada ere patronalak beraien hasierako posizioetatik mugiarazten ari garela, planteatutako edukiak eskasak izaten jarraitzen dute oraindik. Gai batzuk aipatu ere egin gabe jarraitzen dute, eta aipatutakoak gure eskaeretatik urrun daude oraindik. Irakasleen lan kargak arintzeko inolako proposamenik ez dago, ez eta administrazio eta zerbitzuetako langileen lanaldia nabarmen arintzeko ere. Haur Hezkuntzako lehen zikloko langileen baldintzetan eman da aurrerapausoren bat baina Hezkuntza Laguntza Espezialisten lan baldintzak nabarmen hobetzeko proposamen dezenterik ez dago. Matrikulazio jaitsieraren ondorioz lanpostua gal dezaketen langileak birkokatzeko akordiorako aurrerapausorik ere ez dago. Ezta Lanbide Heziketan lanaldia erregulatzeko planteamendu seriorik ere. Soldaten inguruan Hezkuntza Laguntza Espezialistak proposamenetik kanpo uzten jarraitzen dute, gainerakoentzat 2018rako proposamena erabat eskas geratzen da (%1,2 eta 1,9 bitartekoa), 2019rako egiten dena KPI aurreikuspenetatik behera dago, eta 2017rako proposamenik egin gabe jarraitzen dute, galdutako %12,4ko eroste-ahalmena berreskuratzetik oso urrun, beraz.

Hau horrela izanik mobilizazio eta greba dinamika gogortu beste biderik ez digute uzten, eta mobilizazio egutegia adostu dugu sindikatuok, urtarrilaren 16tik 25era bitartean izango diren 10 greba egun barne.

ELA, STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuok eskatzen diegu Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako patronalei beren gain har dezatela langileen baldintzekiko duten ardura zuzena, eduki esanguratsurik gabeko proposamenak egiteari utzi eta langileen aldarrikapenei erantzungo dioten bideak lantzen zentratzeko. Aldi berean, Eusko Jaurlaritzari ere dagokion ardura bere gain hartu eta gatazka honetan jokatu beharreko papera joka dezala eskatzen diogu.

Hitzarmen berri baterako aldarrikapen nagusiak

Enplegua:
Akordio bat, enpleguari eusteko eta gelak balizko ixtearen eraginpeko pertsonala birkokatzeko.

Soldatak:
Eroste-ahalmena berreskuratzea.
1-DBHko eta 2-DBHko irakasleen soldatak parekatzea.

Lanaldia eta lan-kargak:
– Irakasleen kasuan, ordu osagarriak erreserbatzea eskolak prestatzeko eta ikasleen jarraipena egiteko, zein urtean dedikazio ez presentzialeko 70 orduren aitortza.
Administrazio eta Zerbitzuetako pertsonalarentzat, lanaldia murriztea.
– Lanbide Heziketan lanaldiaren banaketa irregularra adostea.

Bereziki prekarizatuen eta feminizatuen dauden kidegoen lan-baldintzak hobetzea.
– Hezkuntza-laguntzako espezialistak: haien lana hezkuntza-izaerakotzat hartzea, ordu osagarriak ematea lana prestatzeko eta ikasleen jarraipena egiteko, zein lanaldia modu erregularrean banatzea irailaren 1etik ekainaren 30era arte
– Haur-hezkuntzako lehen zikloko pertsonala: haien lana hezkuntza-izaerakotzat hartzea, lanaldia murriztea, ordu osagarriak ematea lana prestatzeko eta ikasleen jarraipena egiteko.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...