2024-11-25
HomeZerbitzu PribatuakMerkataritzaLan baldintzak eta langileak eurak errespetatuak izan daitezela exijitu dugu DIA supermerkatuen...

Lan baldintzak eta langileak eurak errespetatuak izan daitezela exijitu dugu DIA supermerkatuen bigarren greba egunean

LAB eta ELA sindikatuok bigarren greba eguna egin dugu gaur DIA supermerkatuetan. Atzo bezala, arrakastaz gauzatzen ari da deialdia Bizkaia eta Gipuzkoan. Greba DIA supermerkatu taldeak Estatu mailan abiatutako Enplegu Erregulazio Espedientearen ondorioz dago deituta, eta, egunotako deialdiez gain, martxoaren 5erako ere dago deituta hirugarren greba bat. Martxoaren 11tik aurrera greba mugagabera joko lukete langileek, gatazkari konponbidea eman ezean.

Hauxe da LAB eta ELA sindikatuok egindako oharra, lehen greba egun hauen harira:

Atzo, otsailak 27, Enpresa zuzendaritzaren aurka egin beharko dugun borroka luzearen lehenengo eguna izan zen. Baina gure lanpostuak eta gure lan baldintzak behingoz errespetatuak izan daitezen, eta behingoz gu geu errespetatuak izan gaitezen ezinbesteko borroka izango da.

Bizkaian, arrakasta borobila izan zuen atzoko greba eguna eta Gipuzkoan ere jarraipen zabala izan zuen. Baina atzo, langile askori egoerari buruz gezurretan aritu direla ohartu ginen. Horregatik, gauza pare bat argitu nahi genituzke:

• ELAk eta LABek, CIG Galiziako sindikatuarekin eta OSTA Aragoiko sindikatuarekin batera, idatzi bat aurkeztu genuen Negoziazio Mahian egoteko gure eskubidea aldarrikatuz. Ikusi nahi duenak, eskatu besterik ez du. Dokumentu hau bidalia dago burofax bidez eta hartu izanaren ziurtagiria ere badugu.

• Enpresak ez digu erantzun. Baina, CCOOk, UGTk eta FETICOk bai: ez digute onartu Mahian parte hartzeko dugun eskubidea. Beraz, sindikatu hauek dira gu mahian ez egotearen ERRUDUNAK. Idatzi hauek sinatuak ditugu ikusi nahi dituenarentzat.

• Horrek denak, Mahia ILEGALA bihurtzen du eta beharrezkoak diren neurri juridikoak hartu ditugu.

Errespetatuak izatea lortzeko ezinbesteko momentua da hau Gipuzkoako DIAko langileontzat. Gaur greba eguna da berriz ere. Hurrengoa martxoaren 5ean izango da. Itxaroten baduzu, beranduegi izan daiteke.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.