2024-12-22
HomeZerbitzu PribatuakMerkataritzaGrebara deitu dugu DIA supermerkatuetan

Grebara deitu dugu DIA supermerkatuetan

LABek eta ELAk grebara deitu dugu otsailaren 27 eta 28rako, martxoaren 5erako, eta martxoaren 11tik aurrera greba mugagabera.

Otsailaren 8an zabaldu zen albistea: DIA Supermerkatuen taldeak Estatu mailan gehienez 2.100 laguni eragingo dien Enplegu Erregulazio Espedientearen prozedurari ekin zion. Orduan jakinarazi zigun, prentsarri eta langileoi aldi berean, 15 eguneko epea hasiko zela negoziazio-mahaia eratzeko. Ordutik ez dugu beste berririk jaso, eta bi asteak ia agortu dira. ELAk eta LABek egoeraren honako irakurketa egin dugu:

• DIAko langileek ez dute inolako ardurarik taldearen akzio eta finantzek duten egoerarekiko; arazoen jatorria izan dira zuzendaritza talde ezberdinen ez egitekoak. Azken hiletan mobilizazio eta greba ugari egin dugu, prekarietatea amaitzea eta plantilla handitzea eskatuz. DIAren etorkizuna bermatzeko kudeaketa eta zerbitzu hobea behar da; horrek eskatzen ditu langile gehiago eta lan baldintza hobeak.

• DIAko denden errealitatea Euskal Herrian analizatzeko beste ikuspuntu bat behar da. Errealitate sindikala ere ezberdina da; ELA eta LAB gehiengo sindikala gara. Horregatik, eskatzen dugu berton analiza eta negozia daitezela krisi honetara eraman duten arrazoiak, harik eta irtenbiderik egokiena erabaki ahal dadin. Hau demokratikoa ez ezik DIAko langileen aldeko defentsarik hoberena litzateke. Madrildik sekula ez da ezer onik etorri; hor dago aplikatzen diguten hitzarmen negargarria.

• Euskal Herrian ordezkaritzan nagusi izanagatik ere, inork ez du guregana jo negoziazio-mahaia eratzeko. ELA, LAB, Galizako CIG eta Aragoiko OSTA sindikatuok jakinarazi diegu zuzendaritzari, baita FETICO, CCOO eta UGT sindikatuei, mahai horretan parte hartzeko eskubidea zor zaigula. Haatik, oraindik ez dute erantzun. Informazio ofizialik ez dago, baina sindikatu horiek zabaldu dute ostiral honetan eratuko dela negoziazio-mahaia.

• Horregatik, ELAk eta LABek gehiengoa dugun espedienteak eragindako lurraldeetan (Bizkaia eta Gipuzkoa) greba deitu dugu otsailaren 27 eta 28an eta martxoaren 5ean; gainera, martxoaren 11tik aurrera greba mugagabea hasiko dugu DIA Supermerkatuetako enpleguaren eta lan-baldintzen alde.

Ikusiko dugu ostiral honetan zer gertatzen den; negoziazio-mahaia gure ordezkaririk gabe eratzen bada, antidemokratikoa eta legez kanpokoa izango da.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...