2024-09-27
HomeZerbitzu PribatuakBulego eta despatxuakPatronalaren erantzunik gabe jarraitzen dugu Bizkaiko bulego eta langeletan

Patronalaren erantzunik gabe jarraitzen dugu Bizkaiko bulego eta langeletan

Jadanik hilabete igaro da LABek negoziazio mahaian proposamena egin zuenetik, hala ere, oraindik ez dugu patronalaren erantzunik jaso. CEBEKek muzin egin dio sinatzeko aukerari, eta GFIren, IDEren, Pandaren, IBMren, Euro Helpen, Atosen… patronalaren ordezkaritza desagertu da. Zer ulertu behar dugu honetaz? Pentsatzen ari direla? Luzatu egin nahi dutela nazka gaitezen? Ez dute inongo hitzarmena sinatzeko gogorik ala?

Argi dago gure sindikatuak irmotasunez eta erabakigarritasunez borrokatuko dela kalean nahiz sektoreko enpresetan. LABek %13ko ordezkaritza dauka negoziazio mahaian eta erakutsi du sektoreko 23.000 langileentzat hitzarmen duina nahi duela, eta hura lortzearren borrokatuko dela. Horretan jardun gara, malgutasunez, gainontzeko sindikatuekin adostu nahian, baina baita irmotasunez ere, ugazaba diruzaleen xantaiari aurre eginez.

Baina jakin badakigu 2017ko otsailean hasi genuen bidea ezin daitekeela askoz ere gehiago luza, badakigu oraintxe behar dugula bulego eta langeletako sektore osoaren indarra eta mobilizazioa. Unea da erakuts dezagun sektorean iraun nahi dugula lanean, eta lana, baldintza duinetan egin nahi dugula. Hori lortu, Bizkaiko Bulego eta Langeletako Hitzarmena Kolektiboa sinatuz bakarrik lor dezakegu.

Horregatik, LABek, maiatzaren lehen asterako, negoziazio mahaian dauden sindikatu guztiak deitu dute. Horrela berriro eseri eta bidea adosten saia gaitezen, denok elkar hartuz aurrera egin dezagun hitzarmena sinatzeko.

Azkenik, LABek sektoreko behargin guztiak animatu nahi ditu, ilusioz egin dezagun aurrera, zaila izanagatik, beharrezkoa den borroka honetan; borrokarik txarrena egiten ez dena delako.

Denon artean lortuko dugu! Beti aurrera!
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Osakidetzaren inguruko akordioak agerian utzi du orain arte egin diren langileekiko politikak aldatu behar direla

EAEko parlamentuan gaurko egunez EAJ, EHBildu eta PSE alderdiek onartu duten akordioak baieztatu egiten ditu sindikatutik eremu horretan salatu izan ditugun arazoak.

Garraiolari bat hil da lan-istripuz Nafarroan

Gaur goizean langile gipuzkoar bat zendu da gai arriskutsuak garraiatzen ari zela Lodosan. 2024an dagoeneko 10 garraiolari hil dira Euskal Herrian. Orotara, 43 langile hil dira lan istripuz, laneko gaitzak aintzat hartu gabe.

Enplegu-zentro berezietako langileen lan-eskubideak benetan eta eraginkortasunez arautzea eskatzen dugu

Joan den irailaren 23an, EHLABEk, enplegu-zentro berezien patronalak, Mikel Torres EAEko lehendakariordearen eskutik, sei urteko gizarteratze eta laneratze proiektua aktibatu zen. Honen helburua aniztasun funtzionala duten 2.000 pertsona baino gehiago prestatzea, gizarteratzea eta laneratzea da; Lan-Aukera izena eman zaio, eta Europar Batasunak finantzatuko du, 10 milioi eurotik gorako aurrekontuarekin.