2024-11-22
HomeZerbitzu PribatuakBulego eta despatxuakBizkaiko Bulego eta Langeletako langileak ostegunean irtengo dira berriro kalera

Bizkaiko Bulego eta Langeletako langileak ostegunean irtengo dira berriro kalera

Bizkaiko Bulego eta langeletako langileek hilabeteak daramatzate hitzarmen duinaren aldeko borroka eta mobilizazioetan. Gaur, prentsaurrekoa eman dute Foru Aldundiaren aurrean, alderdi politikoekin egindako harremanen berri emateko. Honetaz gain, ekimen berriak iragarri dituzte; ostegunean, esaterako, Euskal Encouterren inaugurazioan egingo dute protesta, 9:30ean.

Bizkaiko Batzar Nagusietako Enplegu, Inklusio sozial eta Berdintasuneko Batzordeak, joan den asteartean, uztailaren 17an, EHBilduk eta Podemosek aurkeztutako arauz besteko proposamena baztertu egin zuen. Proposamen honetan, Foru Aldundiak Bulego eta Langeletako sektoreko langileen aldarrikapenak babes ditzan, CEBEKi eztabaida prozesua zabaldu dezan eta dagokion konpetentzia eremutik lan-baldintzak hobetzeko lan egin dezan, eskatzen zen.

Zein argudio erabili zuten EAJ, PSE eta PPk euren erabakia defendatzeko?

EAJtik, bi aldek osatzen duten negoziazio kolektiboko mahaiari errespetua erakutsi behar diotela adierazi zuten, alde bien arteko kontsentsua beharrezkotzat jo arren.

PSEren arabera, aldeen arteko negoziazio kolektiboa ez da Batzar Nagusien ezta Bizkaiko Foru Aldundiaren esparrua.

Azkenik, PPren arabera, Aldundiak bitartekaritza lana egin egin dezake bi aldeek horrela nahi badute, baina administrazio bat negoziazio kolektibo bateko parte izatea ezin dela inposatu uste du, “injerentzia” izango litzatekeelako hori.

Zein da Bizkaiko Bulego eta Langeletako sektorearen errealitatea?

Hitzarmen hau Bizkaiko bigarren garrantzitsuena da langile kopuruaren arabera, 23.000 ingururi eragiten baitie.

Hitzarmenak 2013an galdu zuen indarraldia eta ordutik ona bertan zehaztutako baldintza gehienak aplikatzen jarraitzen dira eta krisi urte gogorrenetan ere ez da hitzarmenerarekiko deslotze enpresarialik eman.

Hortaz, praktikan indarrean jarraitzen duten lan-baldintzak dira eta guztiz normalizatuta daudenak.

Zer eskatzen dugu sindikatuok?

Orain arte hitzarmenaren mahai negoziatzailearen 17 bilera izan dira. Puntu bakar bi dituen plataforma bateratua aurkeztu dugu ELA, CCOO, LAB eta UGT sindikatuok:

1. Bizkaiko bulego eta langeletako hitzarmena berreskuratzea 2013an zen bezala.
2. Soldata-taulak eguneratzea urte hauetan galdutako eros-ahalmenarekiko.

Zer dio CEBEKek aldarrikapen hauen aurrean?

Mahaiaren lehenengo bileratik, CEBEKek adierazi du genuen hitzarmena berreskuratu nahi badugu soilik bide bakarra dagoela: bi alderditan “aldaketak” eginez, hau da, antzinatasunean eta gutxieneko bermean. Eta CEBEKek “aldatu” dioenean, “murriztu” edo “kendu” da benetan esan nahi duena.

Antzinatasuna eta gutxieneko bermea kendu edo murrizteak soldata mugarik gabe izoztea ekarriko luke praktikan. Horregatik ezin dezakegu onartu.

CEBEK, azken finean, PPk inposatutako lan-erreformari esker eskura dituen tresna guztiak erabiltzen ari da mahaia gainean xantaia bat ezartzeko: kendu nizun hitzarmena nahi baduzu, esadazu nola zauden prest berau okertzeko.

Xantaia honetara eramaten gaituzte EAJ, PSE eta PPk inolako lotsarik gabe. Hiru indar politiko hauek eufemismoak erabiltzen dituzte guri onena opatzeko baina beti ere xantaia honen baitan, ez dutelako busti nahi, hori injerentzia bat dela diotelako. Aldeen arteko berdintasunik ez dagoen xantaia esparru honi, “negoziazio kolektiboa” deitzen diote. Eta oso lasai geratzen dira horrela.

Zein da gure iritzia horrekiko?

Gure ustez indar politiko ezberdinak jendartearen isla dira, eta euren egitekoaren zati da herritarren ongizate eta eskubideen alde egitea.

Helburu horiek praktikara eramateko daude instituzioak, injustiziaren biktima garenean eurengana jotzen dugun herritarren defentsan modu aktiboan parte eta esku hartu behar dutenak. Bestela, ezer ez egitea, arduragabekeria, errespetu falta eta adarjotze bat da.

Irabazien, zenbakien eta kapitalaren gainetik beti pertsonak eta printzipioak daudela uste dugu. Eta zuek, EAJ, PSE eta PPko jaun-andereak, defendatu ez eta gainera botata uzten gaituzue gure lan-baldintzak okertu nahi dituztenak lagunduz. Badirudi CEBEKez ari garenean, gure ordezkariek ahaztu egiten dutela zertarako izan ziren aukeratuak.

Eta hemendik aurrera, zer?

Urte hasieratik 3 greba egun eta 30 mobilizazio baino gehiago burutu ditugu gure hitzarmenaren defentsan. Zuek “negoziazio kolektiboa” deitzen duzuen hori partida desorekatu eta injustua da, non batzuek irabazteko karta guztiak dituzten eta beste batzuek bakarra besterik ez, mobilizazioa. Arazo bat duzue eta arduragabe batzuk izaten ari zarete. Bai CEBEKek eta bai zuek nortzuk garen ahaztu eta dugun indarra zalantzatan jartzeko ohitura arriskutsua duzue. Horregatik, mobilizazioaren karta jokatzera goaz.

Bizkaiko Bulego eta Langelen sektorean lan egiten dugun herritarrek, askotan ikuspegi sozial eta teknologikotik funtsezkoak diren azpiegiturak kudeatzen dituzten enpresa eta entitate publiko-pribatuetan maila teknologiko altuko lanak egiten ditugu. Ez zalantzarik izan gure indarraren oso kontziente garela.

Horregatik, epe laburrean, CEBEKekin batera, sektoreko enpresa eta entitateetan zalantzarik gabe gora egingo duen gatazka-maila eta bere ondorioen erantzule eta konplize izango zarete.

Epe ertain eta luzera gu geu, zuen erabakiak eragiten dien 23.000 pertsonak, izango gara gure bozka nora joango den erabakiaren erantzule bakarrak, eta guk erabakiko dugu gure bozkekin zuen eskuetan jarraitu nahi dugun edo ez.

Alderdi politikoek lan erreforman ahalbidetutako aldaketek eraman gaituzte hitzarmena galtzera. Alderdi politikoei laguntza eskatzen diegunean, batzuetan langileen eskubideen defentsa eta suspertze ekonomikoa aldarrikatzen dituztenean, EAJ, PSE eta PPk helarazten diguten erantzuna, Bizkaiko herritarren ordezkariena baino, Pontzio Pilatosen aitzakia etikoa dirudi. Gera zaitezte gustora 23.000 langileri laguntzeko konpromisoa saihestu duzuela pentsatuz, benetan argudio politak ez direlako nahiko, ekintzak dira axola dutenak. Guk aurrera jarraituko dugu gure hitzarmenaren defentsan, zuen laguntza izan edo ez.

Hori dela eta, hurrengo egunetan eskutitz bat bidaliko diegu alderdi politiko bakoitzari eurekin hitzordua eskatuz, non azalpenak eskatuko dizkiegun hartutako jarreraren inguruan. Eta hurrengo ostegunean, hilaren 26an, goizeko 09:30etatik aurrera Euskal Encounterren inaugurazioan egongo gara beste behin ere Bizkaiko Bulego eta Langelen hitzarmen duin bat aldarrikatzen.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.