2024-07-03
HomeIndustriaMetalgintzaBilboko kaleak betetzera deitzen dugu larunbaterako, Bizkaiko metalgintzako hitzarmen duin bat lortzeko...

Bilboko kaleak betetzera deitzen dugu larunbaterako, Bizkaiko metalgintzako hitzarmen duin bat lortzeko bizitza duin bat izateko

Bizkaiko metalgintzaren mahai negoziatzailearen beste bilera bat egin dugu. Berriro ere, FVEM patronala esku hutsik etorri da, LABetik erabat arduragabetzat jotzen dugun jarrera. Gogoratu behar dugu arrakasta handiko bost greba egunetik gatozela, eta larunbata honetarako manifestazio bat eta irailaren 30eko asterako beste 5 greba egun deituta daudela.

Bileran, ez da inongo mugimendurik egon FVEM patronalaren aldetik. Sindikatuei aurkeztutako azken proposamenari buruzko balorazioa eskatzera mugatu da, nahiz eta balorazio hori sindikatuok prentsaurreko batean egin genuen publiko, non esan genuen proposamena guztiz ez nahikoa dela, zenbait elementu murritzaileekin, malgutasunari eta behin behineko ezgaitasunei dagokienez. Nabarmendu genuen ez dagoela planteamendurik giltzarri diren subrogazio, behin behinekotasuna eta Aldi Baterako Laneko Enpresak bezalako gaietan.

Patronalak joan den astean proposamen bat aurkeztu bazuen, ez nahikoa izan arren, sektorea gauzatzen ari den borrokarengatik izan da. Baieztapen honen beste adierazle bat da patronalak hurrengo bilera deitzeko presa izan duela, irailaren 23rako deitu baitu (hirugarrena, hamabost eguneko epean), normalean mahai negoziatzailea deitzeko denbora hartzen duenean.

Horrenbestez, LABetik dei egiten diogu Bizkaiko jendarte guztiari larunbateko manifestazioan parte har dezan. 12:00etan irtengo da mobilizazioa Bilboko Euskadi plazatik. Era berean, sektoreko langile guztiei dei egiten diegu irailaren 30eko astean izango diren grebekin bat egin dezaten.

Bizkaiko metalgintzako gatazka ez da lan gatazka bat bakarrik, gatazka politiko eta soziala ere bada. Bizkaiko metalgintzako langileek erakutsi dute borondate sendoa dutela borrokan jarraitzeko, hitzarmen duin bat lortu arte, lan eta bizi baldintza duinak bermatuak izan ditzaten.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Deskarbonizazioa enplegua suntsitzeko aitzakia gisa erabiltzen ari den honetan, benetako trantsizio ekosozialaren alde egiten dugu

Greba mugagabean hainbat egun daramaten Cementos Rezolako langileen mobilizazioetan parte hartu du sindikatuko koordinatzaile orokor Garbiñe Aranburuk, eta azpimarratu du industriaren birmoldaketak langileen parte-hartzea izan behar duela oinarri. Bihar, osteguna, Cementos Rezolaren Arrigorriagako lantegira eramango dute protesta Añorgako langileek.

Etzegaraten hildako garraiolariaren heriotza eta errepideko lan istripuak salatu ditugu Iruñean

LAB, Hiru, LAB, CGT-LKN, Steilas, ESK, EHNE-Etxalde eta Hiru sindikatuok elkarretaratzea egin dugu Iruñeko San Ignazio kalean, Nafarroako Gobernuaren egoitzaren aurrean, aurreko astean Etzegarateko istripu larrian hildako garraiolaria gogoratzeko eta Nafarroako errepideetako lan ezbehar kopuru handia salatzeko, “Lan istripu gehiagorik ez; prekarietateak hil egiten du” lelopean.

EAEko hainbat herri eta hiritako udalbatzek Haurreskolak Partzuergoko plazen eskaintza handitzeko erregistratu ditugun mozioak onartu dituzte

LABek azkeneko urteetan hainbat eragilerekin eta familiekin egindako lanaren eta aurrera eramandako greba eta mobilizazioen ostean, 0-3 urte bitarteko haurrei hezkuntza zerbitzua eskaintzen dien Haurreskolak Partzuergo Publikoan ikasturte honetan doakotasuna ezartzea lortu dugu. Neurri honek hasieratik eragin zuzena izan du familien eskaera kopuruan.