2024-09-27
HomeIndustriaMetalgintzaEzin da industria aurreratu batetaz hitz egin Bizkaiko Metalgintzako langileak prekarietatera kondenatzen...

Ezin da industria aurreratu batetaz hitz egin Bizkaiko Metalgintzako langileak prekarietatera kondenatzen dituzten bitartean

Bizkaiko Metalgintza sektorean deitutako grebak jarraipen oso zabala izan du gaur. FVEM patronalak zabaldutako gezurren gainetik, eta hainbat enpresatan egoera okerrenean dauden langileek jasandako presioaren gainetik, grebak %85eko jarraipena izan du. Aurreko greba egunean baino handiagoa izan da grebarekin bat egin duten langileen kopurua. Zorionak kalera ateratako langile guztiei, erakutsitako duintasunagatik.

Bizkaiko Metalgintzan une historikoa da bizi duguna, eta FVEM patronalak bere jarrera harroputza baztertu eta langileen egoera okertzearen kontura aberasteari utzi beharko lioke.

BECen antolatutako azpikontratazioaren azokaren aurrean gaur salatu dugun moduan, ezin da industria aurreratu batetaz hitz egin langileak prekarietatera kondenatzen dituzten bitartean; emakumeek industriara sarbiderik ez duten bitartean; milaka direnean 10 urtez euren lan baldintzak izoztuta dituzten enpresa txikitako langileak; ETT eta azpikontratetan esplotazioa pairatzen ari direnean. Hauentzat subrogazioa beharrezkoa da bizi duten prekarietate egoerari aurre egiteko.

Patronalak gaurko aldarria entzun eta Bizkaiko Metalgintzako hitzarmen duin baten aldeko apustua egin beharko luke. Honela ez bada, LABek langile batasuna eta borrokaren aldeko apustuarekin jarraituko du. Bihar, ekainaren 7an, Bizkaiko Metalgintzako hirugarren greba eguna egingo dugu. Manifestazio nagusia Bilbon izango da, 11:30ean. Jesusen Bihotzean irten eta FVEM patronalaren egoitzan amaituko da.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Osakidetzaren inguruko akordioak agerian utzi du orain arte egin diren langileekiko politikak aldatu behar direla

EAEko parlamentuan gaurko egunez EAJ, EHBildu eta PSE alderdiek onartu duten akordioak baieztatu egiten ditu sindikatutik eremu horretan salatu izan ditugun arazoak.

Garraiolari bat hil da lan-istripuz Nafarroan

Gaur goizean langile gipuzkoar bat zendu da gai arriskutsuak garraiatzen ari zela Lodosan. 2024an dagoeneko 10 garraiolari hil dira Euskal Herrian. Orotara, 43 langile hil dira lan istripuz, laneko gaitzak aintzat hartu gabe.

Enplegu-zentro berezietako langileen lan-eskubideak benetan eta eraginkortasunez arautzea eskatzen dugu

Joan den irailaren 23an, EHLABEk, enplegu-zentro berezien patronalak, Mikel Torres EAEko lehendakariordearen eskutik, sei urteko gizarteratze eta laneratze proiektua aktibatu zen. Honen helburua aniztasun funtzionala duten 2.000 pertsona baino gehiago prestatzea, gizarteratzea eta laneratzea da; Lan-Aukera izena eman zaio, eta Europar Batasunak finantzatuko du, 10 milioi eurotik gorako aurrekontuarekin.