Maiatzaren 23 eta ekainaren 6, 7, 20 eta 21ean egingo ditugu grebak Bizkaiko Metalgintzan, LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok deituta. Greben erregistroa egin dugu lau sindikatuok, Bilbon, Eusko Jaurlaritzaren egoitzan. Horrenbestez, LABek borrokarako egindako deia modu bateratuan gauzatu ahal izango dugu.
Bizkaiko Metalaren negoziazio mahaian 15 hilabetez bilerak egin ondoren, inolako aurrerapausorik gabe jarraitzen dugu. Patronala eroso eta harrotuta dago, eta prest dago enplegua suntsitzeko eta sektoreko lan baldintzak prekarizatzeko bere estrategiarekin jarraitzeko.
Sektoreko hitzarmenaren berritzea ez da soilik lan gatazka bat. Arazo politiko eta sozial baten aurrean gaude, non instituzioek inplikatu behar duten. Sektoreko hitzarmen duin baten bitartez bakarrik berma daiteke aberastasunaren banaketa.
Bada, unea iritsi da, LABek 15 hilabetez mobilizazioak, batzarrak, prentsa agerraldiak, enpresetan mozioak eta beste hainbat ekimen gauzatu eta gero. Denbora honetan guztian, grebaren beharra aldarrikatu dugu hitzarmen duin bat lortzeko tresna gisa.
Grebara goaz, Bizkaiko Metalerako hitzarmen duin bat lortzeko eta lan eta bizi baldintza duinak bermatzeko.
Unea da patronalari bere estrategiak, hots, langileak banatzeko asmoak, huts egin duela erakusteko.
Une historiko baten aurrean gaude. Une erabakigarria da sektoreko langile guztien etorkizunerako. Greba hauei emango diegun babes indibidualarekin, prekarietatearen aurkako harresi bat eraikiko dugu eta gutariko askoren lan baldintzak duintzea lortuko dugu. Ekarpen indibidualak konpromiso kolektibo geldiezina ekarriko du; guztion inplikazio eta parte hartzearekin, sektoreko hitzarmen berri eta duin bat lortuko dugu.
Bizkaiko Metalgintzaren errealitatea:
-Soldatak izoztuta
-%89,23ko behin behinekotasuna kontratazio berrietan
-%27,5eko azpikontratazioa
-%19,3ko soldata arrakala
-%30eko emakumeen kontratazioa
-Prekarizazioa, estatalizazioa, hitzarmenaren indargabetzea…
-MEHATXUAK ETA PREKARIZAZIOA
Zergatik hitzarmen bat Bizkaiko Metalarentzat?
Guztion onerako, lan arloan zein sozialean:
-Hitzarmen propioa edo Ituna duten enpresetan, gure etorkizuna bermatzeko. Besteen egungo prekarietatea gure etorkizuneko prekarietatea da.
-Hitzarmen edo Itunik gabeko enpresetan, gure lan baldintzak bermatzeko eta hobekuntzak lortzeko tresna gisa.
Hitzarmen duin baterako LABen aldarrikapenak:
-Guztiontzako soldata igoerak
-Kontratazio duina (neurriak ABLEntzat, behin behinekotasuna, subrogazioa…)
-Emakumearekiko diskriminazioarekin amaitzeko
-Estatalizazioa gelditu
Afiliatuen batzarrak, grebei buruzko xehetasunak emateko:
– BILBO: Maiatzaren 15ean, 18:00etan, Bilboko egoitzan.
– HEGO URIBE: Maiatzaren 15ean, 18:30ean, Basauriko egoitzan; maiatzaren 20an, 18:30ean, Igorreko egoitzan.
– DURANGALDEA: Maiatzaren 20an,18:30ean, Ermuako egoitzan; maiatzaren 21ean, 18:30ean, Zornotzako egoitzan.
– ESKUMALDEA: Maiatzaren 15ean, 18:30ean, Mungian, Girrintzen, Iturribideko lokala; maiatzaren 16an,18:30ean, Erandioko egoitzan.
– EZKERRALDEA: Maiatzaren 15ean, 18:30ean, Sestaoko Txokoan (Asuncion Melendiz kalea); maiatzaren 16an, 18:30ean, Zallako egoitzan.
– LEA ARTIBAI: Maiatzaren 15ean, 18:30ean, Gernikako egoitzan; maiatzaren 16an, 18:30ean, Markinako kultur aretoan.