Negoziaketari bultzada garrantzitsu bat emateko asmoarekin, LAB, ELA eta CCOO sindikatuok greba egun hauek proposatuko ditugu, papergintzako langile asanbladatan berretsiak izan daitezen: ekainak 19 eta 20, ekainak 26 eta 27, uztailak 3 eta 4, uztailak 10 eta 11, irailak 18 eta 19, irailak 25 eta 26, urriak 2 eta 3 eta urriak 9 eta 10. Bitartean, Adegiren egoitzaren aurrean mobilizatu gara gaur Donostian.
Gipuzkoako papergintzan bilera asko egin eta gero, oraindik ere negoziaketak ez ditu langileentzako garrantzitsuak diren eduki asko jorratzen. Orain arteko patronalaren eskaintzak oso urriak dira eta euren helburua eskaintzak pixkanaka hobetzen jutea da negoziaketa ahal den gehiena luzatzeko. Funtsean, patronalak ez dizkigu egunero papergintzan lan egiten dugunoi inongo hobekuntzarik eskaintzen eta zenbait kasuetan ez dute legediak edota jurisprudentziak jada aurreikusten dituen hobekuntzak ere hitzarmenean sartu nahi. Egoera honen aurrean, LAB, ELA eta CCOO-ek honakoa esan nahi dugu:
• Sektoreko langileok sortutako aberastasuna banatu eta eskubideetan aurrera pausoak emango dituen hitzarmen baten alde egingo dugu. Gipuzkoako papergintzak bizi duen egoera oso ona da eta horren islada den negoziaketa bat nahi dugu. Soldata igoera garrantzitsuak, lanpostu berriak, lan erreformen aurkako blindajeak, diskriminazioen desagertzea eta lan baldintzak hobetzen dituzten baina inolako kostu ekonomikorik suposatzen ez duten eskaeren alde egiten dugu.
• Egoera honen aurrean eta negoziaketari bultzada garrantzitsu bat emateko asmoarekin, sektore honetako delegatuek jarraian zehaztuko ditugun greba egunak proposatuko ditugu papergintzako langile asanbladatan berretsiak izan daitezen:
◦ Ekainak 19/20, ekainak 26/27, uztailak 3/4, uztailak 10/11.
◦ Irailak 18/19, irailak 25/26, urriak 2/3, urriak 9/10.
Ekainaren 10an, negoziaketako hurrengo bilera jorratuko dugu eta LAB, ELA eta CCOO-ek, negoziaketan aurrera egiteko asmoarekin, proposamen berri bat helaraziko diogu ADEGI-ri. Bilera hori negoziaketa hauetan inflexio puntu bat izan dadin espero dugu. Negoziaketak ez ditugu are gehiago luzatu nahi, izan ere, akordio bat lortzen ez dugun bitartean, sektoreko langileek ez ditugu gure lan baldintzak hobetuak ikusiko eta.
Bukatzeko, papergintzan lan egiten dugun langileoi deia egiten diegu. Gure hitzarmena defenditzeko momentua da. Eduki onak dituen lan hitzarmen baten alde. Denon artean lortuko dugu.