2024-11-22
HomeIndustriaIndustria KimikoaSertego enpresako kaleratzeak salatzen ditugu

Sertego enpresako kaleratzeak salatzen ditugu


Araiako Sertego enpresan sutea egon zen joan den apirilaren 25ean. Horren ondoren, enpresaren Zuzendaritzak Kontratuak Amaitzeko Expedientea aurkeztu zuen 19 langiletik 13rentzat, arrazoia moduan ezinbestekoa zela argudiatuz, kaleratzeak azkartu eta langileekin negoziatzea ekiditeko. LABetik enpleguari eustea defendatzen jarraituko dugu.

LABetik enpleguari eustea defendatu dugu orain arte, horrelako gertakariak errepikatzea ekidingo duten segurtasun neurriak jartzea eta aldeen arteko eztabaida eta negoziazioa ahalbidetuko duen prozedura bat erabiltzea, egoera horri aurre egiteko alternatibak daudelako; eta horretan ari gara gaur egun ere. Era berean, ezinbestekoa izatea ukatzen dugu, enpresan etengabeak izan direlako sute eta antzerako gertakariak (azkena urtarrilean, suhiltzaileek ere parte hartu zutelarik), nabarmena izanik lantegian dagoen segurtasun neurri falta.

Nabarmendu nahi dugu Asparrenako Udalak, ezohiko Osoko Bilkuran, bere elkartasuna adierazi ziela kaleratutako langileei eta kezka erakutsi zuela herrian, biztanle zein inguruneari arazoak sortzen dizkien enpresa bat kokatuta dagoela.

Bizi zen egoeraren aurrean protesta egiteko, langileek greba hasi zuten joan den maiatzaren 10ean euren lanpostuak eta jarduerak jarraitzea defendatzeko.

Testuinguru honetan, LABek modu positiboan baloratzen da Lan Agintaritzak joan den maiatzaren 11an honakoa ebaztea: “ezin da sutetik eratorritako ezinbestekotasunik egiaztatu, Sertego enpresako 13 langileren kontratuen desegiteen arrazoi modura”, prozesu osoan zehar defendatzen egon garen moduan.

Hala ere, ebazpen honi erantzunez, Urbaser taldekoa den Enpresaren Zuzendaritzak, mugarik gabeko prepotentzia eta autoritarismo keinu batean, 7 norbanako kaleratze burutu zituen arrazoi produktibo eta antolaketaren ingurukoak aipatuz, horrela kaleratze kolektiboa ekidinez. Azken honek, kontsulten aldia hastera behartuko luke, langileekin akordiotara iristeko.

LABek tinkotasun osoz baztertzen ditu modu iruzurtian egindako kaleratze hauek eta horrela aldarrikatuko du esparru guztietan. Argi dago enpresak sute bat baliatu nahi duena, bere utzikeriaren ondorio izan zela, hainbat langile kaleratzeko. Borroka eta langileen eskubideen defentsarekiko konpromisoa berresten dugu, enpleguak manten daitezen eta osasunarentzat eta inguruarentzat seguruak izango diren baldintzetan lan egin ahal dezaten.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

BetiOn Eusko Jaurlaritzaren telelaguntza-zerbitzuaren hitzarmena sinatu dugu, gutxieneko %30,08ko soldata-igoerarekin

Ostegun honetan, azaroaren 21ean, LAB sindikatuak hitzarmen kolektiboa sinatu du EAEn telelaguntzako eta jarduera soziosanitario osagarrietako zerbitzu publikoa kudeatzen duen Ilunion sozio-sanitario-Ibermática Aldi Baterako Enpresa Elkartearentzat. Honek 80.000 herritar baino gehiago artatzen ditu.Negoziazio luzea eta gogorra izan da. Bi enpresaren eta Eusko Jaurlaritzaren aurkako negoziazioa, azken honek pribatizatzen baitu langileek ematen duten zerbitzu publikoa. Hala ere, langile nekaezin eta aktiboek egindako borrokaren ondorioz, hobekuntza oso garrantzitsuak lortu dira:Soldata-igoera • Gutxienez % 30,08ko soldata-igoera lortu da. Gainera, KPIari lotutako igoera da, eta hori bermatzeaz gain, erosteko ahalmena benetan berreskuratzea dakar. • % 30,08ko igoera hori, oinarrizko soldatari ez ezik, soldata-osagarri guztiei ere aplikatuko zaie.Lanaldi-murrizketa Urteko lanaldia 1.592 ordukoa izango da, eta orain artekoa ia hiru lanaldi osotan murriztuko da.Lizentziak, familia-kontziliazioa eta urteko lanaldia doitzeko egunak: • 12 urtetik 14ra igotzea zaintzagatiko lanaldi-murrizketa. • Ordaindutako lizentzia guztiak parekatzea ahaidetasun sozial gisa izendatutako pertsonarentzat. • Malgutasun handiagoa urteko lanaldia doitzeko egunetan. • Hitzarmen bidez erregularizatzea jaiegun arruntetan lan egiteagatiko konpentsazioa, errege-dekretuaren arabera, LABek aurretik aurkeztutako salaketaren aurrean.LABen argi dugu lortutako hobekuntza guztiak langileen zati handi batek egindako mobilizazio, greba eta batzarrei esker lortu direla. Borroka honek merezi izan du.Jakin badakigu oraindik eduki garrantzitsuak daudela lortzeko, eta LABek horiei aurre egiten hasi nahi du. Sindikatu honek argi dauka BetiOneko langileek zerbitzu publikoa ematen duela eta langile publikoak direla.Gaurtik aurrera, LAB lanean hasiko da langileekin publifikaziorako bidea eta urrats zehatzak adosteko, eta hori onuragarria izango da bai langileentzat bai zerbitzu horren erabiltzaileentzat.Amaitzeko, LABek bere onespen zintzoa adierazi nahi die lan-baldintza bidezkoagoen alde borrokatu diren pertsona guztiei. Iritzi desberdinak, beti legitimoak eta askotan beharrezkoak izan arren, egindako bidea egin gabe ez ziren hobekuntza garrantzitsu horiek lortuko.

Araudiaren erreformak atzeratu egiten du erregularizazio masiboa Atzerritarren Legea indargabetzeko beharrezko urrats gisa

Atzerritarren Legearen araudiaren erreforma onartu zuen pasa den asteartean Espainiako Gobernuak. Maiatzaren 17an sartuko da indarrean, Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak bultzatuta.

Gizarte Segurantza propioa eskatu dugu, langileen osasuna kontrol eta presioaren gainetik jartzeko

LAB sindikatuko zenbait kidek elkarretaratzea egin dute gaur goizean Iruñean, INSS Gizarte Segurantzaren Espainiako institutuaren bulegoen ondoan, kapitalak langileriari egiten dion kontrol eta presioaren gainetik osasuna eta prebentzioa jar daitezela aldarrikatzeko. LABek Gizarte Segurantza propioa eskatzen du, nafar langileen beharrak benetan erdigunean paratuko dituena.