2024-11-23
HomeEkintza PolitikoaEuskal presoen egoerari behingoz heldu behar zaiola nabarmendu dugu Bilbon

Euskal presoen egoerari behingoz heldu behar zaiola nabarmendu dugu Bilbon

Foro Sozial Iraunkorrak bultzatuta elkartu gara gaur Bilboko Plaza Berrian. Alde batetik, gizarte zibileko hainbat erakundetako ordezkariak eta, bestetik, ibilbide eta sentikortasun anitzetako hiritarrak, bakoitza norberaren izenean. Guztiz garrantzitsua iruditzen zaigun ekimen bat bultzatzeko asmoz aurkezten gara gaur Bilbon: datorren abenduaren 9an, Bakearen Artisauek deituta, Parisen egitekoa den manifestazioa. Goiburu oso konkretu bat dauka: “Orain, presoak”. Agerraldian, LABeko Komite Exekutibo osoa egon da ordezkatua.

Hauxe da gaurko agerraldian irakurritako adierazpena:

Esaldi labur bat, baina eduki handikoa. Orain. Bai, orain, Aietekotik sei urte pasatu direnean, eta arma gabetzearen ostetik ia zortzi hilabete iragan direnean, konpondu gabe jarraitzen duen euskal presoen egoerari behingoz heldu behar zaio; izan ere, azken urte hauetan gertatu den guztiarekin bat ez datorren salbuespeneko legeria baten mendean baitauzkate oraindik ere euskal presoak.

Orain esaten dugunean, iragana eta etorkizuna biltzen ditu aldi berean. Beste orain baten determinazioz: apirilaren 8an desblokeatu zen, orain arte mugiezina zirudiena, eta han egon ginen hemen gaudenotako asko, eta gaur gurekin elkartzerik izan ez duten beste lagunak ere bai, milaka pertsonaren ondoan, Bakearen Artisauen lana babestuz. Lan isila, tinkoa, ausarta, uhin berri bat sortu zuena eta gatazkak ebazteko eredu arrakastatsu berri bat ireki zuena: Euskadiko, Nafarroako eta Iparraldeko erakundeen arteko triangulazioa. Artisauen lana agurtu eta goraipatu nahi dugu hemendik.

Haien lana ez zen amaitu apirilaren 8an. Espetxeetako auzian sakontzen jarraitu dute, Frantziako Estatuan. Hain zuzen ere, duela egun gutxi jakin dugu ahalegin horiek fruituak ematen ari direla: publikoki aitortu da Fantziako Justizia Ministerioarekin lan-esparru bat sortu dela, han preso dauden pertsonen egoerari aurre egiteko. Ireki den bidea bihotz-bihotzez txalotzen dugu, zalantzarik gabe mugituko baititu espetxeetako salbuespeneko harresi handiaren lehen adreiluak.

Horregatik esaten dugu Pariseko abenduaren 9ko manifestaldia ez dela manifestazio bat gehiago. Beste ekimenekin lotutako ekimen bat da, Frantziako Estatuko espetxe-politika aldarazi dezakeena. Bigarren Luhosoa da, baina oraingoan preso diren pertsonen alde. Orduan bezala, gure gizartearen bultzada eta babesaren beharrean da. Eta egon gaitezen ziur; Parisen hartzen joango diren erabakiek, eta manifestaldiak berak, beren ondorioa izango dute Madillen. Gure orain horren oihartzunak Parisen eta Madrillen entzun behar dira.

Aietekoaren 6. urteurrenean Foro Sozialak esaten zuen moduan, espetxeetako giltzak gure esku ez daude. Baina, baditugu giltzak biraka jartzea lortzeko osagaiak. Gure herrian erakundeen arteko akordio zabal bat lortzeko lanean ari da Foro Sozial Iraunkorra; akordio horrek Espainiako Estatuan espetxe-politika malgutzearen aldeko iritzi-korronte bat sortzen lagundu behar du, pertsona presoen esku-hartzearen eta gizartearen bultzadaren bidez. Iparraldean ireki den bidea etapak korritzen ari da, etenaldirik gabe.

Manifestaldirako deialdiak jaso du jadanik Ipar Euskal Herriko gizartearen espektro zabal baten sostengua: lortu du hura inplikatzea eta engaiatzea. Hau da gaur hemen sustatu nahi duguna: batetik, ordezkatzen ditugun sektoreek edo hemen gauden banako pertsonok ekimen hori sostenga dezagula eta, bestetik, gure herriko beste kolektibo, sektore eta pertsonengana ere hel dadila.

Ekimen hori hel dadila ezberdin pentsatzen dugun eta errealitate askotarikoak bizi ditugun milaka pertsonongana, denok desio baitugu pertsona presorik, erbesteraturik edo iheslaririk ez duen eta bakean bizi den gizarte baten azken-geltokira heltzea. Bere baitan izan dituen era guztietako horrenbeste sufrikario ebatzi eta sendatzeko gai den gizarte bat. Indarkeria mota guztien biktimak errespetatu eta erreparatuko dituen gizarte bat.

Hori guztia dago jokoan Pariserako deialdian; horregatik, manifestaldi bat baino zerbait gehiago da. Konpondu gabe dauden arazo erabakigarriak ebaztera bideratutako segida berritzailean, une gakoetako bat da orain hori.

Beraz, gaur eta hemen, berriro egiten diegu dei gure herriko eragile politiko, sindikal eta sozialei, eta hiritar guztiei ere bai, esku-har dezaten eta herri bakoitzean, auzo bakoitzean, lantoki bakoitzean, fakultate bakoitzean eta ikastetxe bakoitzean bozeramaile moduan joka dezaten eta, gero eta ahots gehiago gehituz, Bakearen Artisauen ekimenari sostengua ematen dion mezu hau transmiti dezaten. Frantziako Estatuan euskal presorik gabeko behin betiko bakerantz urrats erabakigarria emateko helburuarekin, Parisen bihotzean abenduaren 9an ospatuko den manifestazioan esku-hartzera animatuz. Horrek, zalantzarik gabe, lagunduko baitu akordioetan aurrerapausoak ematen, hemen, Euskadiko Komunitate Atonomoan eta Nafarroan.

Orain presoak!
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.