2024-12-22
HomeEkintza SozialaEskubide Sozialen KartaUrtarrilaren 30erako deitu dugu Greba Orokorra, lan, pentsio eta bizi duinaren defentsan

Urtarrilaren 30erako deitu dugu Greba Orokorra, lan, pentsio eta bizi duinaren defentsan

Urtarrileko bigarren hamabostaldirako iragarri genuen Greba Orokorra Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen dugun eragile sindikal eta sozialek, pentsiodunen mugimenduak mobilizazioetan jauzi kualitatibo bat emateko planteamenduarekin bat egin eta gero. Bada, Greba Orokorrari buruz hitz egiteko bilera egin dugu gaur, eta data zehatza jarri diogu mobilizazio egunari. Hain zuzen ere, urtarrilaren 30ean izango da lan, pentsio eta bizi duinaren aldeko Greba Orokorra. "Batasuna gure indarra da, eta mobilizazioa eta borroka gure helburuak lortzeko berme bakarrak", adierazi dugu deitzaileok.

Hauxe da eragileok igorritako ohar bateratua:

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak bilera batera deitu ditu mobilizazioetan jauzi kualitatibo bat emateko egindako planteamendu osoari atxikimendua erakutsi dioten erakundeak. Bilera honetan, data jarri zaio Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, sindikatuek, ikasle, gazte eta ekologia mugimenduek eta bazterketa sozialaren aurkako kolektiboek deitutako mobilizazio eta Greba Orokorrari, eta mugimendu feministaren atxikimendua duena, azaroaren 1 eta 3 bitartean Durangon egindako topaketa feministetan babesa eman ostean.

Gaur egindako bileran, berretsi dugu aberastasunaren bidezko banaketa, pentsioen sistema publikoaren defentsa eta eskubide sozialen aitortza ez dela promesekin lortuko; ekintzak beharrezkoak dira pentsioen, eskubide sozialen eta soldaten bitartez bizi baldintza duinak bermatzea nahi badugu.

Horregatik, Madrilgo gobernuari, Gasteiz eta Iruñeko gobernuei eta patronalari pentsioek eta soldatek galdutako erosmen ahalmena berehalakoan berreskura dadin exijitzen diegu, baita eskatu ere hauen birbalorizazio automatikoa, bizitzaren kostuaren igoera kontutan hartuta, gutxienez; 2010 eta 2012ko lan erreformak bertan behera uzteko exijitzen dugu (prekarietatea handitu eta negoziazio kolektiborako eskubidea erasotu duten neurrian), baita 2011 eta 2013 pentsioen erreformetako neurri murritzaileen ezabatzea ere; 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eta 1.200 euroko lanbidearteko gutxieneko soldata (SMI) exijitzen ditugu; genero arrakalarekin bukatzeko exijitzen dugu soldata eta pentsioei dagokienez; aurre jubilazioa eskatzen dugu, zigortu gabe, 40 urte kotizatuta izan eta gero; gizarte eta osasun zerbitzu publiko, unibertsalak eta doakoak oinarri dituen zerbitzu sare bat eskatzen dugu; eta exijitzen dugu Bermatutako Errentaren eta Diru sarrerak Bermatzeko Errentaren kopurua SMI-aren %100ekoa izatea, baita araudi espezifiko bat eskatu ere 1.080 euroko gutxieneko soldata osagarritzeko.

Hau guztia lortzeko, urtarrilaren 30ean, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako kaleak beteko ditugu, mobilizazio orokorrean parte hartzen eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen duten sindikatuek ofizialki deitutako Greba Orokorra babesten, CNT sindikatuarekin, ikasle (Ikasle Abertzaleak, Ikasleen Sindikatua, Ikasle Ekintza) eta gazte mugimenduekin (Eragin, Ernai) batera.

Mobilizazio eta Greba Orokor egun horretan ere izango gara Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua, mugimendu feminista eta Harro, Etxeko Langileen Elkartea, PAH Bizkaia- Kaleratzerik ez, Argitan eta bazterketa sozialaren kontra eta eskubide sozialen aldeko Berri Otxoak plataforma gisako mugimendu sozialak, besteak beste. Atxikimendu bilketa oraindik indarrean dagoen honetan, dagoeneko batu dira merkataritza eta ostalaritza elkarteak, auzo elkarteak eta era guztietako kolektiboak, tokian toki lan egingo dutenak deialdia arrakastaz gauza dadin.

Gaur, modu bateratuan erakutsi nahi dugu gure konpromisoa mobilizazioak eta Greba Orokorra ardatz izango dituen jardunaldiarekiko; urtarrilaren 30ean egingo dena.

Batasuna gure indarra da, eta mobilizazioa eta borroka gure helburuak lortzeko berme bakarrak.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...