2025-04-25
HomeEkintza SozialaEskubide Sozialen KartaAlternatiba gorpuzten jarraitzeko deia egin du Ainhoa Etxaidek, Eskubide Sozialen Kartaren eskutik

Alternatiba gorpuzten jarraitzeko deia egin du Ainhoa Etxaidek, Eskubide Sozialen Kartaren eskutik

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen dugun eragile eta sindikatuok ekitaldi bat egin dugu gaur Gasteizen, Mendizorrotza pilotalekuan, Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu neoliberalak salatzeko. LABeko idazkari nagusi Ainhoa Etxaidek hitza hartu du, eta bestelako aurrekontuak egiteko aukera eta bidea badaudela nabarmendu du, gehiengo sozial eta sindikal bat dagoelako horren alde: "Alternatiba saretzen eta gorpuzten jarrai dezagun, Eskubide Sozialen Kartaren eskutik. Politikak aldatzeko borroka indartu dezagun, programa soziala herriz herri sozializatuz eta bertan jasotzen diren neurrien aldeko dinamikak piztuz". Apirilaren 1erako deitutako manifestaziora joateko deia luzatu du (Bilbo, 17:30ean, Jesusen Bihotzetik abiatuta), gure aldarrikapenekin plazak betetzen jarraitzeko, "Euskal Herriko politika sozialak erabakitzeko benetako parlamentua herria izatea lortu arte".

Etxaidek gogoratu du aurrekontuak ez direla ariketa tekniko bat, gobernuak hartzen duen erabaki nagusia baizik, bere proiektua zein den erakusten duelako. "2014ean, 100tik gora eragileek burujabetza ariketa bat egin eta zer nolako Euskal Herria nahi dugun marraztu genuen; proposamen kolektibo eta adostu bat gaurko errealitateari buelta emateko eta bestelako etorkizun bat eraikitzeko. Jaurlaritzak bi aukera zituen eta berea egin du: Confebasken interesen eta proiektuaren araberako aurrekontuak osatu ditu, Herriaren behar eta eskakizunak jasotzen dituen proiektu sozialaren araberako aurrekontuak egin beharrean", azaldu du.

Aurrekontu hauekin arazo sozialak okertuko direla ohartarazi du: "Hazkunde ekonomikoa ez da herrira iristen, prekarietatean eta politika neoliberaletan oinarritu delako. Aurrekontu hauek bide horretan kokatzen dira, bide horretan urrats berriak emateko prestatu dituzte".

Urrats nagusia babes neurriak murriztea izan dela salatu du; Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta, adibide argiena. "Okerren daudenak zigortuko dituzte. Merkatuari jaten emateko aurrekontuak dira, herritarrak babesteko eta Euskal Herriarentzat egokia den garapen eredu bat ezartzeko aurrekontuak izan beharrean. Merkatuari jaten ematen bazaio, merkatuaren jabeak loditzen dira, hots, patronala, pribatizatutako eta zerbitzuen jabeak, jendartea eredua argaltzen jarraitzen duen bitartean", erantsi du Etxaidek.

Ekitaldiaren ostean, bertaratutakoek manifestazioa egin dute Gasteizko Legebiltzarreraino, “Aldaketa sozialerako, aurrekontu sozial, parte hartzaile eta burujabeen alde” leloarekin. Hain zuzen ere, Legebiltzarrean bertan erregistratu zituzten, joan den asteazkenean, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren aldarrikapenak.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

ELA, LAB, CCOO, UGT, ESK eta USO sindikatuek Enplegu Zentro Berezien EAEko lehen lan hitzarmena exijitzeko elkarretaratzera deitu dute apirilaren 28an

Apirilaren 28an Enplegu Zentro Berezien lehen lan hitzarmena negoziatzeko hirugarren mahai negoziatzailea izango da Bilbon. Sindikatuek, bileraren harira, elkarretaratzera deitu dute, patronalak orain arte izandako jarrera salatzeko eta asteleheneko mahai negoziatzailean aurrera pausoak egoteko. 12:45ean izango da elkarretaratzea, Bilbon, Lan Harremanen Kontseiluaren aurrean.

LABek LEP partzialaren eta behin-behinekotasuna murriztearen aldeko botoa eman du Nafarroako Mahai Orokorrean

Euskararen eta Europar Batasuneko hizkuntzen ezagutza zein lanpostutan baloratuko den jasotzen duen plantillaren aldaketa, ordea, aurrera atera da, bertan zeuden sindikatuetako bakar baten babesik gabe.

[IRITZIA] Sindikalismo feminista internazionalista: Rana plaza gogoan

Jarraian irakur dezakezue Amanda Verrone Nazioarteko Idazkaritzako kidearen eta Elixabete Etxeberria eta Maddi Isasi Idazkaritza Feministako kideen artikulua.