2024-11-23
HomeErrepresioaLABeko Nazio Biltzarrak Urtzi eta Jon grebalariei elkartasuna adierazi eta haiek egin...

LABeko Nazio Biltzarrak Urtzi eta Jon grebalariei elkartasuna adierazi eta haiek egin bezala, bestelako eredu baten alde lanean jarraitzeko deia egin du

LABeko Nazio Biltzarrak, Donostian eginiko bilkuran eta aho batez, elkartasuna adierazi die 2012ko martxoaren 29ko greba orokorraren harira bi urte eta erdiko espetxe zigorra jaso duten Urtzi Martinez eta Jon Telletxeari. Haiek egin bezala, sindikatuak bestelako eredu ekonomiko eta sozial baten alde lanean jarraitzera deitu du.

LABeko NAZIO BILTZARRAREN ADIERAZPENA

«Urtzi Martinez eta Jon Telletxeari elkartasuna adierazi nahi die LABeko Nazio Biltzarrak, eta haiek egin bezala, bestelako eredu ekonomiko eta sozial baten alde lanean jarraitzera deitzen du

Gaur, irailak 16, LABeko Nazio Biltzarrak, Donostian eginiko bilkuraren ondotik, bertan aho batez horrela onartuta, elkartasun osoa eta geure babesa adierazi nahi die Urtzi Martinez eta Jon Telletxeari.

Deustuko bi gazte hauek bizi duten egoera larria salatu nahi du LABek: 2012ko martxoaren 29ko Greba Orokorraren testuinguruan, haien aurka abian jarritako prozesu juridikoaren ondorioz, bi urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri diete, eta jada iritsi zaie espetxeratzeko agindua.

Euskal Herrian bestelako eredu ekonomiko eta sozial baten aldeko lanean aritzeagatik zigortu dituzte Martinez eta Telletxea. Greba eskubidea kriminalizatu eta jazartzeko amarru sarea da bi gazteok espetxera bidean jarri dituena. Erantzun sozial eta politikoa zapaldu eta itotzea beste helbururik ez du; Martinez eta Telletxea beren auzoetako jendarte mugimenduan egiten duten lan andanagatik dira ezagunak, eta euren konpromisoari ezarritako zigorra da hau. Haien kontra eginiko prozesua judiziala eta ezarri zaien zigorra langile guztion kontrako erasoa da, beraz.

Geure eredu politiko, ekonomiko edo soziala erabakitzeko eskubidea bahitua dugu, eta inposizio ororen aurkako borroka guztiak isilarazi, gelditu eta beldurtzeko helburuz botere ekonomikoak sistema judiziala bere esanetara du. Polizia akusaziopean, frogarik gabe eraikitako muntai polizial-judiziala neurririk gabeko ankerkeria izan da, gazteenganako jazarpenagatik ez ezik, ezarritako zigorragatik ere: Bi urte eta erdiko espetxe zigorrari prozesuak iraun duen denbora, beste bi urte eta erdiko gurutze bidea gehitu behar zaio. Sorgin ehiza da, Deustun bertan 10 gazteren aurkako prozesuak judizialak abiatzea ekarri duena, eta gure mugetatik haratago ere, Estatuan, langileen borroka eta konpromisoa kolpatzeko bidean beste hamarnaka prozesu judizial abiarazi dituena.

Egungo sistema kapitalistak, krisiak eta honen eskutik zabaldu den prekarietateak, bortizki kolpatzen dituzte gazteak. Telletxeak eta Martinezek egin bezala, eredu ekonomiko eta sozial justuago bat eraikitzeko bidean lanean jarraitu behar dugu, borroka hori kriminalizatzeko ahalegin oro borrokatuz eta erasoen guztien aurrean mobilizatuz.

Amaitzeko Telletxearen eta Martinezen kontrako berehalako espetxeratze-aginduaren aurrean deituak diren mobilizazio eta protestekin bate egin eta horietan parte hartzera deitzen dugu LABetik.

Donostian, 2014ko irailaren 16an»

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.