2025-03-31
HomeEkintza PolitikoaLABek demokratizazioaren eta sektore publikoaren aldeko apustu irmoa eskatu du

LABek demokratizazioaren eta sektore publikoaren aldeko apustu irmoa eskatu du

Gaur egindako prentsaurrekoan, gehiengo sozialak eskatzen duenari entzun eta eremu guztietan interes publikoen alde egin dezaten eskatu die LABek Aldaketaren aldeko indar politikoei. Geroa Bairi aldaketari muga fiskalik ez jartzea eskatu dio.

Nafarroako bozeramaile Igor Arroyoren ustez, "herritarren eskaria oso argia da: Erregimenaren praktika klientelarren parean, jendeak demokrazia eta parte hartzea eskatzen du; elitearen interes pribatuen parean, jendeak herritargoaren interes orokorra bermatu dadin eskatzen du. Sektore publikoak ardatz behar du izan, Nafarroan ireki den garai berriaren motorra, eremu guztietan: osasungintza, hezkuntza, babes soziala, etxebizitza eta baita enplegu politika aktiboetan ere". Ildo honetan, UGT, CCOO eta Patronalaren aitzaki kontraesankorrak arbuiatu ditu LABek: "beren monopolioari eusten saiatu baino, kudeaketa publikoan eta bazterketarik gabeko parte hartzean oinarritutako garai berrira egokitu beharko lukete".

"Sektore publikoaren aldeko apustua paperean gera ez dadin, baliabideak jarri beharra dago", LABek adierazi duenez. Barne Produktu Gordinari dagokionean, Nafarroa Europako 52. lurralde aberatsena da. Alabaina, BPG gehiago dutenek babes sozialean BPG horren portzentaia gehiago inbertitzen duten bitartean, Nafarroan kontrakoa gertatzen da. 2011an Europako azken postuetan zegoen Nafarroa babes sozialean (osasungintza, zerbitzu sozialak, pentsioak e.a.) egindako BPGaren portzentaiari dagokionean; Errumaia eta herrialde baltikoak baino ez zituen atzetik. Egoerari buelta emateko, erreforma fiskal sakona beharrezkoa da, gehien dutenek gehiago ordain dezaten, baita AHT bezalako makroproiektuak geratu eta diru hori sektore publikora bideratzea ere. Ildo honetan, "aldaketari muga fiskalik ez jartzea" eskatu dio LABek Geroa Bairi.

Isabel Artiedak, bere aldetik, UPN-PSNren murrizketen ondotik zerbitzu publikoak berreraikitzeko beharra planteatu du, besteak beste honako neurrien bidez: 2.000 lanposturen Enplegu Eskaintza Publikoa, burutzen ezabaketa, langileen erosmen-ahalmena berreskuratzea, errelebo kontratua ezartzea, pribatizatutako zerbitzuak berriz publifikatzea, lan osasunaren kudeaketa ere publifikatzea edota hizkuntza normalkuntzan aurrera egitea. "Gobernu berriak udazkenean Mahai Orokorra dei dezan espero dugu, afera hauen guztien inguruko negoziaketari ekiteko", aipatu du Artiedak.
 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Gehiengo sindikalak eskatuta, Pradales lehendakariak Mitxel Lakuntza eta Garbiñe Aranburu hartuko ditu gutxieneko soldataz aritzeko

Confebaskek gutxieneko soldata Lanbidearteko Akordio bidez adosteari uko egin ondoren, ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek Pradales lehendakariari bilera eskatu zioten, eta bilera hori apirilaren 2an izango da.

Astebeteren ondoren, Hezkuntza Sailak ez du proposamenik

LAB sindikatuak gaurko jarraipen batzordea bertan behera utzi izana eta, akordio arautzaile berrirako (lan hitzarmenerako) inongo proposamenik gabe, grebak bertan behera uzteko eskatu izana salatzen du.

LABek Nafarroako Gobernua kritikatu du Esku-hartze Sozialeko bigarren hitzarmenaren sinatzea ez ahalbidetzeagatik

LAB sindikatuak aurreakordioa lortu zuen otsailean Esku-hartze eta Ekintza Sozialaren patronalarekin, Nafarroako bigarren hitzarmen sektoriala izan beharko lukeena sinatzeko. LABek ordezkaritza sindikalaren %70 du sektorean, eta oso positibotzat jo zuen orduan aurreakordio hura. Hala ere, une honetan LABek gogor kritikatu behar du Nafarroako Gobernuaren jokabidea, bere jarrera zikoitza dela eta sinadura gauzatzea eragozten ari baita.