2025-03-14
HomeEkintza PolitikoaIgor Arroyo: “Iraganeko borrokak gogoan, gaurko borrokak hauspotu ditzagun”

Igor Arroyo: “Iraganeko borrokak gogoan, gaurko borrokak hauspotu ditzagun”

Urtero ohitura duen moduan, LABek ekitaldia egin du Gasteizen, duela 43 urteko langileen kontrako sarraskia gogoan. Delegatuen asanblada egin dugu Aldabe Gizarte Etxean, eta handik, kalejiran abiatu gara Martxoaren 3ko plazaraino.

Bertan, ekitaldia egin du LABek eta Igor Arroyok adierazi du “oroitzeko beharra dagoela”, horretarako bi arrazoi aipatuz. “Lehenik eta behin, 43 urte ondoren, krimen horren inguruko egia, aitortza eta erreparazioa egiteke dagoelako. Estatu espainiarrak, Gobernu espainiarrean egondako alderdi ezberdinek, Botere Judizialak, ez dute inolako urratsik eman norabide horretan. Eta emandako urratsak Euskal Herritik eman ditugu, nagusiki herri ekimenaren bidez eta bertako instituzioen babesarekin. Beharrezkoa da, beraz, egia, aitortza eta erreparazioa aldarrikatzen jarraitzea. Bigarrenik, gertakari horiek oroitzea beharrezkoa da, langile borrokaren atal esanguratsua izan zelako. Gure borroka ondarearen kontzientzia izatea ezinbestekoa dugu langileok, aurrean ditugun erronkei heldu ahal izateko”.

“Krisi orokorraren aurrean, alternatiba eraldatzaile baten inguruan indarrak biltzearen” alde egin du Arroyok. “Bat egin behar dugu langileok, elkar babestu eta elkarrekin aritu, bizitza erdigunean jarriko duen eredu baten aldeko borroka eginez”.
“Badugu beraz zer egina” gaineratu du LABeko idazkari nagusi ondokoak. “Iraganeko borrokak gogoan, gaurko borrokak hauspotu ditzagun”.

Bere hitzartzearen amaieran gaineratu du: “LAB indartsu dago. Hauteskunde sindikaletan gora goaz. Greba eta borroka ugaritan ari gara. Sektore berriak antolatzeko lanean ari gara. Ekarpena egiten ari gara greba feministari edota pentsiodunen mugimenduari. Jarrai dezagun borrokan elkarrekin”.
Martxoaren 3an, sarraskiaren urteurrenean, omenaldia eta manifestazioa deitu du LABek, ELA, ESK eta STEILAS sindikatuekin batera. “Etorkizuna eraikiz, confluir, luchar y avanzar” lemarekin, 17:30ean omenaldia egingo dute Martxoaren 3ko Plazan eta 18:00etan manifestazioa, toki beretik aterata.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek salatzen du EEEren negoziazioan argi geratu dela Guardianek duela asko zuela programatua lantegiaren itxiera

LABetik gure erabateko gaitzespena adierazi nahi diogu Guardianek aurkeztutako kaleratze kolektiborako espedienteari. Erabaki honek 171 lanposturen suntsiketa eta eskualdeko enpresa enblematikoenetako bat ixtea ekarriko du. Ez ditugu onartzen enpresak neurri drastiko hau justifikatzeko emandako arrazoiak, ez baititu behar bezala frogatu. Are gehiago, EEE aurkezteko aipatzen dituzten arrazoiak multinazionalak berak eragindakoak dira.

LABek MFS Trapaga Sintering-en itxiera salatzen du, 107 langileren kaleratzea ekarriko duena

MFS Trapaga Sintering enpresako langileak beren lanpostuak salbatzeko borrokan ari dira berehalako itxieraren aurrean. Bihar ostirala, EEEaren lehen bilera egunean, greba eguna izango dute eta elkarretaratzea egingo dute lantegiaren aurrean, 9:00etatik aurrera.

Oiongo kiroldegiko langileei zor dizkien soldatak ordaintzea eskatzen dio LABek Ocio Sport-i

LAB sindikatutik gure gaitzespenik gogorrena adierazi nahi dugu Ocio Sport Riojako langileek bizi duten egoera kritikoaren aurrean, beren soldatak sistematikoki ez kobratzeari aurre egin behar baitiote.