2025-01-15
HomeMaiatzaren Lehena 2019Debekuen gainetik, Maiatzaren Lehenean kaleak masiboki hartzeko deia egiten dugu

Debekuen gainetik, Maiatzaren Lehenean kaleak masiboki hartzeko deia egiten dugu

Prentsaurrekoa egin dugu Iruñean, Maiatzaren Lehenean egingo ditugun mobilizazio eta ekimenak aurkezteko, Iruñea eta Baionan egingo ditugunak. Imanol Karrera Nafarroako eledunak eta Maider Jauregi komunikazio idazkariak hartu dute parte bertan. Imanol Karrerak azaldu du 12:00etan egingo dugula Hego Euskal Herriko mobilizazioa, eta ekitaldia Iruñeko Gaztelu Plazan izango dela. Nafarroan dagoen Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak LABen sei manifestaziotik hiru debekatu ditu, orden eta bake publikoa zapuztu, ondasun eta pertsonen integritatea arriskuan jarri eta bizikidetza normal garatzea eragotziko dugula argudiatuz. Ez dugu M1 despolitizatu eta folklorikoa onartzen, ezta onartuko ere. Hori dela eta, masiboki kalera ateratzeko deia egin dugu.

Mobilizazioak bost zutabe izango dituela zehaztu du Karrerak, “bost kolektibori dagozkionak: lantokietako gatazkak, feministak, langile migranteak, gazteak eta pentsionistak. Sektore guzti hauek langile klasearen barruko aktoreak dira gizarte-aldaketarako prozesu baterako”.

Mobilizazioek debekuak izan dituzte, eta, horregatik, hasierako planteamenduan aldaketak egin behar izan ditugula adierazi du Karrerak. Nafarroan dagoen Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak eta Iruñeko Hiri-Segurtasuneko Sailak orden eta bake publikoa zapuztea argudiatzen dute, ondasun eta pertsonen integritatea arriskuan jarriz, eta baita bizikidetza normal garatzea ere hiria kolapsatuz.

Karrerak adierazi du “langile-klasea kalean egoteak, Maiatzaren Lehena bezalako egun seinalatuan, antza, sistema gogaitu egiten du. Aldarrikapen laboral eta sozial anitzen presentziak gogaitu egiten du sistema, borroka sindikalak gogaitu egiten du". Hala, LABeko ordezkariak nabarmendu du sistemak gero eta tresna gehiago dituela bere eskura: mozal legea, ordenantzak eta, oraingoan egin bezala, debekuak; hori guztia, gogaitu egiten duen guztia eragotzi ahal izateko.

“Maiatzaren Lehenaren despolitizazio eta folklorizazioaren aurrean, LABek dei egiten du kalera ateratzera. Gaur, inoiz baino gehiago, honakoak aldarrikatzeko. Batetik, gure klase izaera; Maiatzaren Lehenaren garrantzia aldarrikatzea borroka eta mobilizaziorako egun bezala”. Eta bestetik, gazteak, ikasleak, pentsiodunak, langabezian dauden langileak, feministak, migranteak, etxeko langileak, borrokan ari diren langileak, prekarietate modu berriak jasan behar dituzten langileak (ustezko autonomoak, bekadunak, azpikontratetako langileak…). Benetako mehatxua gara sistemarentzat, aliantzak sortu eta gure borroka guztiak artikulatzeko gai bagara, gai izango baikara jendarte eraldaketa bultzatzeko. Ez dituzte gure borrokak ez gelditu ez isilduko. Elkar ikusiko dugu Iruñean Maiatzaren Lehenean”, amaitu du Karrerak.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Nafarroako irakaskuntza publikoko urtarrilaren 30eko greba erregistratu dugu

Hezkuntza Departamentuak jarrera guztiz itxiarekin jarraitzen du, eta horren aurrean, egiazko negoziazioa egon dadin, gure indar osoa mahai gainean jartzeko prest gaudela erakutsiko dugu.

Epaitegien erasoaldi eta injerentziaren aurka, gure hizkuntza eskubideak defendatzeko deia egiten dugu

Oraingoan Bizkaiko Foru Aldundiaren (BFA) deialdi bati egokitu zaio epaitegien erasoaldiaren jomugan egotea. “Egotea” diogu epaitegien erasoaren benetako helburua, “izan”, euskera eta euskaldunon hizkuntz eskubideak baitira. Hartara, helburu horren bidean edozer erasotzeko prest ere agertzen dira; kasu honetan, BFAren deialdi bat non 77 pertsonaren plazak jokoan jartzeraino heltzeko gai diren euskera eta euskaldunon hizkuntz eskubideak erasotzearren.

Confebask eta CEN patronalei dei egin diegu gutxieneko soldata propioa finkatuko lukeen Lanbidearteko Akordiorako negoziazio mahaia eratzeko

Beste sindikatu batzuk egin bezala, gaur goizean, EAEn eta Nafarroan Lanbidearteko Akordio bat negoziatzeko mahai bana eratzea eskatu dugu, Patronala (Confebask – CEN) eta sindikatuen artean Gutxieneko Soldata propio bat negoziatu eta ezartzeko.